Medikuntza eta Odontologia Fakultateko ikertzaile-talde batek gaixotasun onkologikoak tratatzeko erabiltzen diren terapia batzuen --kimioterapiaren, immunoterapiaren eta erradioterapiaren-- onura terapeutikoa hobetuko duten agente farmakologikoak aurkitu nahian dihardu.
Ikertzaile-talde horren helburua da ehun osasuntsuetan eta gaixoetan ezberdin gertatzen diren bide metabolikoetan eta prozesuetan eragiten duten konposatuak identifikatzea. Alegia, hautaketa selektiboa egin nahi dute, gaixotutako ehunetan tratamenduaren sentikortasuna areagotzeko, eta, aldi berean, zelula nahiz ehun osasuntsuei kalterik ez egiteko.
Horren harira, ikertzaileek hainbat modulatzaile biologiko ikertzen dihardute zenbait tumore-eredutan, hala nola melanoman, sarkoman eta koloneko minbizian. Batetik, glutationaren (GSH) maila modulatzeko agenteen erabilera aztertu dute. Izan ere, glutationa oinarrizko elementua da zeluletan gertatzen diren prozesu biologikoetan --zelula osasuntsuetan nahiz tumore-zeluletan--. GSH-maila altua duten tumore-zelulek hazteko eta metastasia garatzeko gaitasun handiagoa dute, eta, aldi berean, tumoreen aurkako agenteekiko sentikortasun txikiagoa dute, zelula osasuntsuekin alderatuta. Bestetik, zelulak bereiztea bultzatzen duten zenbait agente erabili dituzte, hala nola erretinoideak. Izan ere, tumore-zelulek ohiko bereizte-gradua galtzen dute; ondorioz, funtzio jakin bat bete beharrean, ugaltzeko eta hazteko joera dute.
Arestian aipatutako bi agente-multzo horiek tumoreen aurkako terapietan erabiltzen diren ohiko agenteekin konbinatu dituzte, eta zer onura lortzen diren ikusi dute. Batetik, egiaztatu dute GSH-maila modulatzen duen agenteetako batek, oxotiazolidina-karboxilatoak (OTZ), hain zuzen ere, tumoreen kontrako agenteak eraginkorragoak bihurtzen dituela, eta, aldi berean, ehun osasuntsuari ez diola kalterik egiten. GSH maila modulatzen duen beste agenteetako bat butionina-sulfoxamida (BSO) da. Ikusi dutenez, azken hori tumoreen aurkako ohiko agenteekin konbinatzen denean, ehun osasuntsuari ere kalte egiten dio, botika estandarren eraginkortasuna areagotzen den arren.
Bestalde, tumore-zelulak bereizteko eta zelula osasuntsuen antzeko egoera berreskuratzeko, erretinoideak erabiltzen ditu EHUko ikertzaile-taldeak, ohiko agente estandarrekin konbinatuta. Tumore-zelulek erretinoideekiko duten erantzuna zelula horien bereizte-graduaren araberakoa da. Oro har, bereizte-gradu oso baxua duten tumore-zelulek erretinoideekiko sentikortasun handiagoa dute. Bereizte-gradu baxua duten tumore-zelulek, berriz, erretinoideei erantzunez, defentsa-mekanismoak aktiba ditzakete, eta horiek glutation-maila handitzen dute; eta, hala, metastasia areagotzeko joera.
Datu interesgarria da oso. Izan ere, orain arte ez dituzte deskribatu tumore mota berean zelula-lerroek hain jokabide ezberdina izan zezaketenik. Horren harira, EHUko ikertzaileek bi lerro modulatzaileak elkartu dituzte nolabait, GSH modulatzaileak eta zelulen bereiztea bultzatzen duten modulatzaileak, hain zuzen. Alegia, bi horien arteko lotura aztertu dute, eta ikusi dute erretinoideek, zelulen bereiztea sustatzeaz gain, tumore-zelulen GSH-maila ere modulatzen dutela.
EHUko ikertzaileek administrazio-jarraibideak eta erabilitako agenteen kontzentrazio egokiak zein beharko duten ikertzen jarraitzen dute. Izan ere, modulazio biologikoan, bi elementu horiek oso garrantzitsuak dira tratamenduaren arrakasta bermatzeko. Modulazio biologiko hori guztia ez da kantitatearen araberakoa, hau da, ez da zenbat eta gehiago, hobe. Erantzun optimoa kontzentrazio jakin batean lortzen da, eta dosi optimo hori aurkitu behar da. Izan ere, gabezia nahiz gehiegikeria kalterako izan daiteke.
EHUko ikertzaileek hamaika ikerketa egiten dihardute EHUko laborategietan, in vitro nahiz in vivo . Ikertzaile-talde horren helburu nagusietako bat da etorkizunean ikerketa horietatik lortzen duten informazio hori guztia saio klinikoetan aplikatu ahal izatea.