Habitat izenez ezagutzen den 1992ko 92/43/EEE arteztaraua, habitat naturalen, faunaren eta floraren kontserbaziorako sortutako legedia da. Arteztarau hori eta Hegaztien 79/409/EEE arteztaraua dira naturaren kontserbaziorako Europako politikaren oinarria.
Natura 2000 sareak Europako naturgune adierazgarrienen sarea izan nahi du, horrela, naturgune horiek pairatzen ari diren degradazioari aurre egiteko. Sare horren eraketa estatuentzat erronka berri bat da, ingurumen-kalitatearen eta biodibertsitatearen inguruko Europako helburu orokorrak betetzea eskatzen baitu.
Natura 2000 sareak bi arlo izango ditu: hegaztien babesgune bereziak eta babes bereziko eremuak. Lehenak jadanik izendatuak daude, eta bigarrenak dira Natura 2000 sarearen eskutik hurrengo urteetan izendatu beharrekoak.
Horretarako, 8 eskualde klimatikotan banatu da Europa: mediterraneoa, atlantikoa, Europako erdialdekoa, alpinoa, boreala, panonikoa, estepikoa eta makaronesikoa (Atlantikoko uharteak). Eskualde klimatiko horiek Europako Batasuneko herrialde guztiak hartzen dituzte kontuan, baita hemendik gutxira onartuak izango direnak ere. Euskal Herriaren kasuan, hiru eskualde klimatiko daude; atlantikoa, mediterraneoa eta alpinoa.
Leioako Botanika Saileko ikertzaileek besteak beste gune atlantikoan dauden hainbat habitat ikertzen dihardute. Javier Loidiren taldeak 10 urte daramatza Habitat arteztarauaren baitan proposatu beharreko guneak aztertzen. Lan horretan, lehenik eta behin, metodo fitosoziologikoak erabilita, babestu beharreko habitata identifikatzen dute. Ondoren, bertan dauden espezieak tipifikatu, inbentariatu eta habitaten kalitatea balioesten da. Azkenik, guztia kartografiatu egiten da, hau da, mapa batean islatzen da.
Proposa daitezkeen babesguneen kopuruari dagokionez, ez dago zenbakizko mugarik. Gaur egun, 12.000 dira Europan zehar babesteko proposatutako guneak eta 13.000ra handitzeko asmoa dago. Horiek guztiek Europako lurren % 20 osatzen dute. Euskal Herriaren kasuan, berriz, 1997ko Eusko Jaurlaritzaren akordio baten bitartez, 25 gune aukeratu ziren Natura 2000 sarean sartzeko. Guztiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurren % 12 hartzen dute.
Euskal Herriaren kasuan, lehendik babestuta zeuden hainbat ingurunez gain, gutxi omen dira sarea osatzeko proposamen berriak. Javierren ustez, gainera, zenbait gune proposatzeke gelditu dira, horien artean Areatzako hondartza eta kostaldeko hainbat zati, adibidez. Ildo horretatik, Javierrek ikusten du beste gabeziarik ere Natura 2000 sarean: bata korridore ekologikoen gabezia, hau da, espezieak alde batetik bestera mugitzeko bideen gabezia, eta bestetik, gune babestuetatik at edozer egin daitekeela uste izatea.
Natura 2000rako proposatutako guneen zerrenda eta informazio osatua www.nekanet.net web gunean aurki daitezke.