Klima-aldaketak mikrofosiletan gordeta

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Euskal Herriko mendietan itsasoko izakien fosilak aurkitzea ez da harritzekoa. Hain zuzen ere, garai batean Euskal Herria itsaspean zegoen, Paleozenoan, adibidez, duela 65-55 milioi urte. Euskal Herria subtropikala zen, eta Australiako koralezko harresiaren pareko itxura zuen.

Gaur egun, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean, Eibar inguruan, Iratin eta Urbasan, esaterako, Paleozenoko arroka ugari azalean daude. Izan ere, plaka europarraren eta iberikoaren arteko talkak garai hartan itsaspean zegoena altxarazi zuen. Talka horrek sortu zituen Pirinioak ere.

Azaleratze horiek ez dira batere ohikoak munduan, eta, ondorioz, Paleozenoan zer gertatu zen jakiteko informazio ezin hobea dute ikertzaileek Euskal Herrian. Bada beste bereizgarririk ere: itsaso sakoneko, plataformako eta plataformaren ertzeko arrokak daude Euskal Herrian, garai hartan Zumaia itsas hondoan baitzegoen eta Arabako Errioxa, aldiz, lurrazalean.

Foraminifero planktonikoak. (Argazkia: Microscopy UK).

Arroka horietan garai hartako aldaketa paleoklimatikoen eta paleoekologikoen berri ematen diguten aztarna ugari daude, mikrofosilak esaterako. Horien bidez lortutako datuak oso baliagarriak izan daitezke gaur egun gertatzen ari den ustezko berotzeak zein eragin izan dezakeen aurreikusteko. Izan ere, Paleozenoaren amaieran, orain gertatzen ari den antzera, klima oso azkar berotu zen.

Mikrofosilak: datu-biltegia

Leioako ikertzaile talde batek itsaso sakonen azalean bizi ziren foraminifero planktonikoak eta karekizko nanofosilak aztertzen ditu batik bat. Izan ere, mikrofosil horiek milioika urtean, etenik gabe, metatu ziren itsaso sakonean eta erregistro paregabea osatu dute.

Izaki horiek oso sentikorrak dira klimaren eta tenperaturaren aldaketekiko. Hain zuzen ere, mikrobizidun horiek itsasoko eskualdeetan banatzen dira; batzuk ur hotzetan eta besteak ur berotan bizi dira. Beraz, itsasoaren tenperatura igotzen bada, eskualdeak aldatu eta haiekin mikrobizidunak mugitu egiten dira. Hala, toki jakin bateko mikrofosilen erregistroak klimaren berotzeen eta hozteen berri ematen du.

Mikrofosil horiek arroken osagai gisa ezagutzen ditugu gaur egun, eta, normalean, tuparri edo kareharrietatik erauzten dira. Paleozenoan itsaso sakonetan eratutako kareharriaren % 80, adibidez, mikrofosil horiez osatua egon daiteke; hau da, mikrobizidunen oskolez.

Material hori aztertzeko, kareharri-puska bat hartu eta uretan disgregatu behar izaten dute ikertzaileek. Nahasketa horren tanta bakar batean, milioika mikrofosil egon daitezke. Ondoren, tanta horiek mikroskopioan edo luparen bidez aztertzen dira, fosilek mikra gutxi batzuetako tamaina izaten baitute.

Azterketa horietan, besteak beste, espezieak kontatu eta zein espezie zein proportziotan agertzen den begiratzen da. Hain zuzen ere, Euskal Herriko arroketan, 200 karekizko nanofosil espezie eta 175 foraminifero planktoniko espezie baino gehiago identifikatu dira. Ur hotzekoak edo berokoak zein diren jakinda, gertatu ziren aldaketen berri jakin daiteke. Eta datu horiek ikasbidea izan daitezke etorkizunera begira.

  • Proiektuaren izenburua
    Behe Paleozenoko mendebaldeko Pirinioetako ingurune itsastar (sub)tropikaletako eboluzio biologikoa eta ingurumenaren aldaketak.
  • Helburua
    Zenbait talde mikropaleontologikoren eta sekuentzien estatigrafiaren bidez, Behe Paleozenoko mendebaldeko Pirinioetako ingurune itsastar (sub)tropikaletako eboluzio biologikoa eta ingurumenaren aldaketak zehaztea.
  • Zuzendaria
    Xabier Orue-Etxebarria Urkiza.
  • Lan-taldea
    X. Orue-Etxebarria, V. Pujalte, E. Apellaniz, J.I. Baceta, A. Payros, G. Bernaola, F. Caballero.
  • Saila
    Estatigrafia eta Paleontologia Saila.
  • Fakultatea
    Zientzia eta Teknologia Fakultatea (Leioa).
  • Finantziazioa
    EHU eta DGICYT.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila