Intsektuak, krimenak argitzeko

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Intsektuak dira ezagutzen diren animalia-espezieen erdiak baino gehiago. Edozein ingurunetan agertzen dira, eta mota guztietako elikagaiak jaten dituzte. Gainera, prozesu judizialetan aplika daitezke, ebidentzia gisa aurkeztuta. Horrexeri dagokio auzitegi-entomologia kontzeptua.
Intsektuak, krimenak argitzeko
2007/07/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: M. Saloña)
EHUko Zoologia eta Biologia Zelularra saileko auzitegi-entomologiako zerbitzuaren lana auzitegietarako interesgarriak izan daitezkeen intsektu-espezieen errolda bat egitean datza. Auzitegi-gaietarako intsektu aproposenak diptero nekrofagoak dira. Alegia, hildako ehunez, hilotzez, elikatzen diren euliak. Euli horiek berehala, minutu gutxiren buruan, sumatzen dute hilotza; baita kilometrotako distantziara badago ere. Ondoren, hilotz hori kolonizatzen dute. Arrautzak ipintzen dituzte, eta, zenbait ordu pasatu ostean, larbak jaiotzen dira. Orduan hasten da izaki berriaren garapena. Izan ere, hilotz horretatik elikatzen da ahalik eta tamaina handiena lortu arte.

Euli-larba horiek hazi eta heldu bihurtzen direnean, hilotzetik alde egiten dute. Izan ere, hilotz horretan bertan daude haien harrapariak ere. Horregatik, gerta liteke krimen bat aztertzera joan, eta intsektu-larbarik ez aurkitzea, intsektuek dagoeneko hilotzetik alde egin dutelako. Dena den, ingurune horretan beste zenbait intsektu izango dira, eta horiek ere arrastoak eman ditzakete.

Intsektu horien hazkuntza edo garapena ikertzeaz gain, egunak pasatu ahala hilotzera zer iristen den aztertu behar da. Lan konplexua da hori, bereziki Euskal Herrian. Izan ere, Euskal Herriko intsektu nekrogafoek hazteko behar duten denborari eta banaketa-patroiei buruzko ezagutza nahiko urria da. Nola jakin, orduan, zein intsektu dauden hilotzean?

Hilotzen kolonizatzaileak

EHUko auzitegi-entomologiako zerbitzuko ikertzaileek hilotzetako intsektu kolonizatzaileak eta haien hazkuntza-denborak aztertzen dihardute. Horretarako, lehendabizi, zenbait tranpa ezartzen dituzte lur zabalean. Jakina, tranpa horiek kasu bakoitzean interesatzen diren intsektuak erakartzeko amu bat dute. Esaterako, hildako animaliez elikatzen diren intsektuak erakartzeko, animalia-erraiak jartzen dituzte. Nagusiki, euli heldu emeak erakartzen dituzte. Horrek badu arazo txiki bat: emeak zailagoak dira identifikatzen; arrek, berriz, berezko ezaugarri nabarmenagoak dituzte. Hori dela eta, ikertzaileek eme horietatik larbak hazten dituzte, espeziearen identifikazio fidagarriagoa egiten lagunduko duten arrak lortu artean.

Beraz, euli emeak soilik jasotzen dituzten kasuetan, kaiolatan izaten dituzte arrautzak ipini artean, eta, ondoren, hazi egiten dituzte belaunaldi berri bat lortu arte. Belaunaldi berri horretan, ziurtasun handiagoz ezagutu ahal izaten dute euli-populazioa. Are gehiago, arrak eta emeak izaten direnez, arrautzak ipintzen jarraitzen dute, eta, ondorioz, hazkuntza-kolonia mantendu egiten da. Hazkuntza-ingurune egoki batean jartzen dituzte, hilotz batean izango lituzketen kondizioen antzekoetan. Zein tamaina hartzen duten neurtzen dute egunetik egunera, hazkuntza-grafikoak osatu arte. Grafiko horiek hobetzeko, tenperatura batekin baino gehiagorekin egiten dituzte probak. Izan ere, ez da gauza bera hilotzaren deskonposizioa neguan edo udan gertatzea.

Liosarcophaga aegyptica espeziea ez zuten ezagutzen Iberiar penintsulan, Leioako campusean aurkitu zuten arte.
M. Saloña

Heriotzaren unea

Dagoeneko deskribatu dituzte zenbait espezieren larba-fase guztiak. Beraz, hilotza aurkitu eta larbak jasoz gero, zein euli-espezie den jakin dezakete; baita pertsona horrek hilda zenbat denbora daraman aurreikusi ere, larba horien hazkuntza-taulak aztertuta.

Leioako campusean eta Bilbon egin dituzte orain arteko laginketak, eta hiriguneetan eta landa-ingurunetan bizi diren intsektuen artean ezberdintasunak aurkitu dituzte. Esaterako, zenbait espezie ez dituzte aurkitu Bilbon, baina bai Leioan. Eta alderantziz. Benetan datu interesgarria da hori. Izan ere, gerta liteke krimena leku batean gertatu eta, ondoren, hilotza beste norabait eraman izana.

Azken finean, lan horrekin guztiarekin, auzitegiko jardueretarako interesa izan dezaketen intsektu-espezieen erreferentziazko bilduma bat osatu nahi dute. Bilduma hori interesgarria izan liteke Euskal Herrian egin litezkeen etorkizuneko auzitegi-ikerketetarako.

Proiektuaren laburpena
Auzitegietarako interesgarriak izan daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko diptero nekrofagoen azterketa.
Zuzendaria
Marta I. Saloña Bordas.
Lantaldea
M. Saloña, J. Moneo, D. Herrero eta B. Diaz.
Saila
Zoologia eta Biologia Zelularra.
Fakultatea
Zientzia eta Teknologia.
Finantziazioa
EHU.
Lantaldearen web gunea
www.ehu.es/invertebrados.
Goian, Javier Moreno eta Daniel Herrero, eta, behean, Beatriz Diaz eta Marta Saloña.
(Argazkia: I. Kortabitarte)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
233
2007
7
039
Unibertsitateak; Biologia
Jakintza hedatuz
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila