Gipuzkoako hiru arro nagusietatik, Urola, Urumea eta Deba ibaien arroetatik, esekiduran irteten den sedimentu-kantitatea aztertzeko ikerketa bat abiatu dute EHUko Geodinamika Sailean. Inguruko hainbat faktorek (bai naturalek bai gizakiak eragindakoek) sedimentu horien irteeran eta garraioan duten eragina aztertzea da ikerketaren helburua.
Erreka horietako sedimentuak aztertzeko, emaria, prezipitazioak eta uraren uhertasuna neurtzen dituzte. Duela bi urtetik hona etenik gabe hartzen dituzte neurri horiek.
Uhertasuna urarekin esekiduran garraiatzen diren sedimentuen araberakoa da. Parametro hori uretan sartuta egoten den zunda baten bidez neurtzen da. Eta sedimentuen kontzentrazioa neurtzeko, berriz, lagin-hartzaile bat dago errekan jarrita.
Euria egiten duenean, urak gora egin eta hartzailea martxan jartzen da, barnean dituen botilak urez bete arte. Ikertzaileek lagin horiek jaso eta, lagin-hartzailea hustuta, berriz errekan jartzen dute, hurrengo goraldirako prest. Ondoren, lagin horiek laborategira eraman, iragazi eta zenbat sedimentu duten neurtzen dute. Hala, une horretako sedimentuen kontzentrazioa jakiten dute.
Elkarrekin erlazionatuta dauden arren, uhertasunaren eta sedimentu-kontzentrazioaren arteko harremana ez da zuzenki proportzionala. Sedimentu-motak, tamainak, koloreak... eragina dute uhertasunean, nahiz eta kontzentrazioa bera izan. Bi parametro horien arteko harremana finkatzen denean, une oro arroetatik irteten den sedimentuen kontzentrazioa jakiteko aukera dago; gogoan izan uhertasuna etenik gabe neurtzen dela. Arro bakoitzaren kasuan ezberdina izaten da harreman hori.
Ibaiek garraiatzen dituzten sedimentuen kontzentrazioa ez dago euriaren eta emariaren menpe bakarrik, arroaren izaerak ere badu eragina. Ikerketa honetarako aukeratutako hiru arroek ezaugarri ezberdinak dituztenez, emaitzak alderatuta, ikusi dute kasu bakoitzean ezberdinak direla sedimentuen irteera eta garraioan gehien eragiten duten faktoreak.
Garraiatutako sedimentuen kontzentrazioan eragina duen beste giza ekintza bat mendi-magal batean egindako betelana da. Betelaneko lurra nahiko askea izaten da, eta, gainera, ez du izaten landaretzaren babesik. Beraz, lur hori trinkotu eta belarrak estali arte, sedimentu gehiago iritsiko da arroaren ahora.
Aztertzen ari diren hiru goi-arroetako urek urtegiak elikatzen dituzte; hori dela eta, ikerketaren beste helburuetako bat da urtegiek zenbat sedimentu jasotzen duten jakitea. Izan ere, urak urtegietara eramaten dituen partikulak hondoan sedimentatzen dira, eta, pixkanaka-pixkanaka, urtegiak sedimentuz betetzen dira. Hala, urtegiek beren funtzioa zenbat denboran bete dezaketen ere aztertzen dute. Esaterako, Ebro ibaiaren arroan badira sedimentuz guztiz bete diren urtegiak.
Euskal Herriko urtegien egoera ez da, inolaz ere, hain larria. Hemen sedimentuak askatzen dira, baina ez epe motzean urtegiak betetzeko lain.
Etorkizunean, erreken goi-arroetan egiten ari diren neurketez gain, arro horietan gorago dauden beste ibai-adarretan ere neurketak egingo dituzte, sedimentu-iturriak hobeto finkatzeko asmoz. Horrez gain, uraren ezaugarri kimikoak aztertzeko asmotan ere badabiltza.