Antonio Gómez-Muñozen zuzendaritzapean lanean diharduen taldea botika horien ordez erabiltzeko beste aukera batzuk ikertzen ari da, C1P --zeramida 1 fosfato-- molekularen analogoak sortuz. Molekula hori 1990. urtean aurkitu zuten lehen aldiz, giza leuzemiaren kasu batean. Laborategian sintetizatu ostean ikusi zuten eragile mitogeniko garrantzitsua dela --zelulen hazkundea eragiten du, eta horien heriotza naturala blokeatzen du--. Molekula ikertu ondoren ikusi dute hantura-prozesuak eragiteko joera duela, hau da, zelulek molekula hori detektatzean, hantura sortzen duten molekulak askatzen dituzte --prostaglandinak eta zitokinak, esaterako--.
Baina hori ez da zelula-mota guztiekin gertatzen. Kontraesana dirudien arren, molekula berak hanturaren kontrako efektua eragiten du hainbat zelula-motatan. Hortik abiatu da ikerketa-talde hori: C1P molekulari hantura-prozesuak eragiteko gaitasuna kenduz gero, posible litzateke zelula-mota jakin batzuetan antiinflamatorio gisa erabiltzea, gainerako zelulei eragin gabe.
Horretarako, C1P molekularen egitura oso antzekoa duten molekula sintetikoak sortu dituzte, Bartzelonako beste ikerketa-talde batekin lankidetzan. Talde hori Bartzelonako IBMB-CSIC zentroko Josefina Casas eta IIQAB-CSIC zentroko Gemma Fabriás doktoreek zuzentzen dute, eta Bartzelonako Unibertsitateko Antonio Delgado doktoreak osatzen du. Farmazialariak eta kimikari organikoak dira, eta neurrira egindako molekulak eskuratzen dizkiote EHUko taldeari.
Orain arte, neurrira egindako C1P molekularen 50 analogo probatu dituzte. Horietatik hiruk lortu dute taldeak aurreikusten zuen emaitza, hau da, antiinflamatorio gisa funtzionatzea beste zelula batzuetan hantura-prozesuak sortu gabe. Analogo horiek ez dute prostaglandinarik sortzen --C1P molekulak egiten duen bezala--, eta, hortaz, ez da hantura-prozesurik gertatzen.
Hantura-prozesuek askotariko jatorriak izan ditzakete, infekzio bat, adibidez. Badaude hantura-gaixotasun kronikoak, eta horiek, zeluletan eragiten duten ezegonkortasunarengatik, neoplasia-prozesuak eragiten dituzte kasu askotan --alegia, tumore-izaerako ehun berriak sortzea--. Mota horretako gaixotasunak dira kolitis ultzerosoa eta esklerosi anizkoitza. Izan ere, etengabeko hantura-egoerak eragin garrantzitsua du zeluletan. Horrek zelulak ezegonkortu eta zelulen kontrolik gabeko hazkundea sor dezake, baita zelulek berez hiltzeko duten programazioa blokeatu ere.
Egun, oso talde gutxi dabiltza C1P molekularen gaitasun antiinflamatorioak aztertzen --Virginian (AEB), Novartis enpresa farmazeutikoan (Austria) eta ikerketa-talde jakin batzuetan--, eta Antonio Gómez-Muñozen taldea izan zen hori ikertzen lehena, 1995ean. Oraingoz, ikerketa zelula mailan probatu dute, hau da, ikerketaren lehen fasean dago. Hemendik aurrera, ehun eta organoetan probatu beharko dute.