Azken 40 urteotako klima-datuak sarean

Álvarez Busca, Lucía

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Klima ez da zerbait egonkorra, aldatuz doa. Eta klimaren aldaketa horiek nolakoak diren jakitea oso garrantzitsua da, ez bakarrik zientzialarientzat, baita klimaren menpe dauden hainbat industria eta jarduerarentzat ere. EHUko talde bat haientzat erabilgarria izan daitekeen datu-base bat garatzen dabil. Datu-base hori sarean egongo da, eta mendebaldeko Europako klimari buruzko azken 40 urteetako datuak bilduko ditu.
Azken 40 urteotako klima-datuak sarean
2009/04/01 | Álvarez Busca, Lucía | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: morgueFile/click)
EHUko Eolo taldeak urteak daramatza klimaren aldagarritasunaren inguruan ikertzen. Horretarako, datu esperimentaletan eta klima aztertzeko modeloetan oinarritzen da. Klima-aldakortasuna aztertzen duen mundu mailako modelo batetik abiatuta, modelo zehatzago bat garatu du.

Izan ere, mundu mailako modeloak ehun kilometroko aldea duten lur-eremuak aztertzen ditu; hau da, azterketarako eremu txikienak hamar mila kilometro karratuko azalera du. Eolo taldea eskala txikiko modelo bat garatzen ari da. Eskala handiko modelotik abiatu, eta azterketarako eremua txikitu dute. Azterketarako eremu txikienak 225 kilometro karratuko azalera du. Horrek, noski, datu-kantitate handiagoa biltzea eskatzen du, baina informazio hobea eta zehatzagoa ematen du.

Lan hori egiteko, Eguraldiaren Epe Ertaineko Iragarpenetarako Zentro Europarrak (ECMWF) osatutako datu-basetik hartzen dituzte beharrezko datuak. Datu-banku horretan, mundu osoko klima-behatoki guztietan lortutako datuak biltzen dira.

Datu guztiak bilduta eta eskala txikiko modeloa garatuta, azken 40 urteetako klima-datu zehatzak jaso ahal izango dituzte. Hasieran, Bizkaiko Golkora mugatu zuten lana, eta, gaur egun, Europako mendebaldea kontuan hartzen duen eremura hedatu dute modeloa.

Modeloaren zehaztasunak

Modeloa sare laukidun baten arabera osatua dago. Lauki bakoitzak 15x15 kilometroko azalera hartzen du, eta laukien erpinak dira erreferentzia- puntuak. Hala, Iberiar penintsularen kasuan, adibidez, 2.500 erreferentzia-puntu baino gehiago lortzen dira --eskala handiko modeloak 30 puntu inguru ematen ditu--.

Ikerketaren hasieran, Eolo taldeak eskala handiko modeloak erabili zituen oinarri gisa. Modelo horrek eskala txikikoari informazioa ematen dio, baina haren sarearen laukiak askoz handiagoak dira, eta ez du modelo txikiaren sarearen barneko informaziorik. Horregatik, simulazio bidez ematen ditu datu horiek. Baina, simulazio bidez, eskala txikiko hainbat fenomeno ez dira ongi deskribatzen.

Ezkerrean, simulazioaren hasieran lortutako tenperaturaren irudia (sare barneko datu gutxirekin). Eskuinean, sare barneko datuak sartu eta gero lortutako tenperaturaren irudia.
(Argazkia: EOLO)
2005. urtetik aurrera, Eolo taldeak sare txikiaren barneko datuak barneratu ditu modeloan. Hala, informazio zehatzagoa lortzen da, simulaziorako askoz datu gehiago baitaude, eta era zehatzagoan azaltzen ditu prozesuak eskala txikian.

Iraganeko fenomenoen azterketa

Azken 40 urteetako klima-simulazioak egin ahal izatea oso erabilgarria da, bai pasatako fenomenoei azalpena emateko, bai etorriko direnak aurreikusteko. Hala, pasatutako gertakizun klimatologiko jakin baten inguruan gertatutako fenomenoak azter daitezke. Adibidez, 1983ko uholdeen aurretik gertatutako fenomenoak ongi ezagututa, posible litzateke etorkizunean antzeko gertakariak aurreikustea.

Ikerketa horretan Eolo taldeak garatutako modeloarekin lortutako datu guztiak ECMWFren datu-basean sartzen dituzte, hura osatzeko. Gainera, Eolo taldearen helburua da ikerketa amaitutakoan datu guztiak sarean jartzea, guztion eskura. Hala, bai ikertzaileek, bai klimarekin erlazionatuta dauden industria eta jarduerek informazio hori erabili ahal izango dute, eguzki-panelen edo aerosorgailuen kokaleku aproposa aukeratzeko --gune jakin bateko haizearen indarrak edo intsolazio orduak jakin ahal izateko--, edo nekazaritza-jardueretarako, adibidez.

Laburpena:
Azken 40 urteetako datu klimatikoak biltzen dituen datu-basea garatu dute, eta datu horien simulazioak ematen dituen modeloa. Modelo horrek eskala txikian egiten du lan, tokian tokiko datu zehatzagoak eskainiz.
Zuzendaria:
Jon Sáenz.
Taldea:
Gabriel Ibarra, Agustín Ezcurra, Javier Díaz de Argandoña,
Iñigo Errasti, Unai Ganzedo, Josué Moisés Polanco eta Ganix Esnaola Aldanondo.
Saila:
Fisika Aplikatua II.
Fakultatea:
Zientzia eta Teknologia.
Finantziazioa:
ECMWF, MEC, Eusko Jaurlaritza (Euskalmet).
Webgunea:
http://www.ehu.es/eolo/
Josué Moisés Polanco, Unai Ganzedo, Gabriel Ibarra, Jon Sáenz, Agustín Ezcurra, Javier Díaz de Argandoña, Iñigo Errasti eta Ganix Esnaola Aldanondo.
(Argazkia: EOLO)
Álvarez Busca, Lucía
2
252
2009
4
035
Unibertsitateak; Fisika
Jakintza hedatuz
34
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila