Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoaren berregitea

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Antzinako populazioaren historia ezagutzea eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzutea interesgarria da oso. Are gehiago, informazio hori guztia gizakiaren hezur eta hondarretatik erauzitako material genetikoari esker jakiten bada. Horixe egin dute, hain zuzen ere, Arabako Aldaieta nekropolian. Alegia, antzinako DNAren azterketei esker, hango populazioaren berri jakin dute.
Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoaren berregitea
2008/04/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: S. Alonso)
Aldaietako aztarnategia garrantzitsua da arkeologikoki eta historikoki, eta berreskuratze- eta azterketa-lan handia egin behar da hura kontserbatzeko. Horren harira, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia saileko ikertzaile-talde batek nekropolia ikertzen dihardu.

EHUko ikertzaile-taldea Aldaietako nekropoliko gizakien hezur- eta hagin-hondarretako material genetikoa aztertzen ari da, nekropoli horren esangura biologikoa eta soziala interpretatzeko asmoz. Egia esan, antzinako DNA aztertzeko laborategiko lana ikaragarri handia da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, hezur- eta hagin-hondarretatik erauzitako DNA kantitatea oso txikia da, bizidun batengandik lor daitekeenarekin alderatuz. Eta, bigarrenik, lortzen den DNA-katea oso degradatua egoten da. Horren ondorioz, kutsatzeko arrisku handia du. Horregatik, lortutako emaitzak behin eta berriz egiaztatu behar dira, eta ziur egon behar da emaitza horiek laginarenak direla, eta ez kutsaduraren edota kanpoko eragileen ondorioz lortutakoak.

Ikerketa-lan horretan, ikertzaileek, lehendabizi, DNA erauzten dute antzinako hondar horietatik, eta, ondoren, DNA hori aztertzen dute. Normalean, DNA mitokondrialaren sekuentziazioa egiten dute (DNA mitokondriala amagandik jasotzen da soilik).

Gizaki bakoitzaren ale bi aztertzen dituzte, eta hirugarren ale bat beste laborategi batera bidaltzen dute. Azkenik, hiru lagin horiek alderatuta, endogenoa dena kanpoko eragileen ondorioz lortutako emaitzetatik bereizten dute. Noski, gizaki beraren hainbat laginetatik lortutako emaitzek berdinak behar dute izan analisi guztietan.

Populazioaren interpretazioa

Antzinako DNArekin lan egiteak zenbait arazo edo zailtasun dituen arren, EHUko ikertzaileek landutako metodologia horri esker, eta emaitzak egiaztatzeko garaian kontuan hartu dituzten irizpideei esker, Aldaietako nekropolian lurperatutako populazioari buruzko datu fidagarriak eta egiaztagarriak lortu dituzte.

Familia bereko gizakiak gertuko hilobietan daude Aldaietako nekropolian.
A. Azkarate
Europako DNA mitokondrialak homogeneotasun handia erakusten du, eta, horren barruan, Aldaietako populazioaren substratu genetikoa Kantauri itsasaldeko eta Atlantikoko gaur egungo populazioarekin bat datorrela ikusi dute. Horrek adierazten digu garai batean gizaki horien artean nolabaiteko gene-fluxua zegoela.

Mitokondrioetako DNA aztertzeaz gain, Y kromosomaren karakterizazioa ere egin dute antzinako DNAren azterketa bidez, aitaren lerro genetikoari dagokion informazioa lortzeko. Horri guztiari esker, ikusi dute familiarteko harremanak daudela nekropoli horretan, eta familia bereko gizakiak gertuko hilobietan daudela. Gainera, bereizketa nabarmena da generoari dagokionez. Hain zuzen ere, gizonezkoek dituzte ondasun gehien, bai eta garrantzitsuenak ere.

Zalantzarik gabe, eskeleto-hondarren azterketa genetikoa egitea lan nekeza da, eta emaitzak egiaztatzeak zailtasun ugari ditu. Hala ere, ezinbestekoa da giza populazioaren historia biologikoa berregiteko edo ezagutzeko.

Laburpena:
Eskeleto-hondarretatik erauzitako DNAtik abiatuta, giza populazioaren historia biologikoa berregitea eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzutea nahi da.
Zuzendaria:
Concepción de la Rúa.
Lantaldea:
M. Hervella, C.de la Rúa, S.Alonso, N. Izagirre, I. Smith, L. Fontecha, S. López eta A. Alzualde.
Saila:
Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia.
Fakultatea:
Zientzia eta Teknologia Fakultatea.
Finantziazioa:
UPV/EHU eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa.
Ezkerretik hasita, zutik, Montserrat Hervella, Concepcion de la Rua, Santos Alonso, Neskuts Izagirre, Isabel Smith eta eserita, Saioa López eta Lara Fontecha.
(Argazkia: EHU)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
241
2008
4
031
Genetika; Historia; Unibertsitateak
Jakintza hedatuz
32
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila