A bitamina, leuzemia-zelulak hiltzeko

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

A bitamina, leuzemia-zelulak hiltzeko
2006/01/01 | Andonegi Beristain, Garazi | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

A bitamina erretinol izenez ere ezagutzen da. Esneak, gibelak, arrautzaren gorringoak, gurinak eta beste hainbat janarik dute, eta, karoteno gisa, baita hori-laranja koloreko barazkiek ere, esate baterako, azenarioak eta kalabazak.

(Argazkia: artxibokoa)
A bitamina gibelean metatzen da, eta, hango zelulen eraginez, eraldatu eta erretinoide bihurtzen da. Izan ere, A bitaminak, bere horretan, ez du eraginik gure gorputzean. A bitaminaren eratorriak dira eragin fisiologikoen erantzule, hau da, erretinoideak.

Erretinoideek hiru prozesutan parte hartzen dute: zelulen heriotzan, bereizketan eta ugalketan. EHUko Biologia Zelularra eta Histologia sailean duela 10 bat urte hasi ziren ikertzen ea nola indartzen zen zelulen heriotza erretinoideen bidez. Ahalmen hori zelula jakin batzuk hiltzeko erabili nahi zuten, minbizi-zelulak hiltzeko, besteak beste.

Heriotza programatua

Zeluletan, bi heriotza-mota gertatzen dira: nekrosia eta apoptosia. Nekrosia heriotza patologikoa definitzeko hitza da; hau da, zelula gaixotzen denean gertatzen da. Elikagairik gabe gelditu delako edo oxigenoa falta duelako hil daiteke zelula, eta, kasu horretan, nekrosia da.

Aldiz, apoptosia heriotza programatua da, garbia eta beharrezkoa. Hainbat zelulak hil egin behar dute gure gorputzak ondo funtzionatzen jarrai dezan; adibidez, amaren sabelean umekiaren eskuak sortzen direnean, hasieran hatzen artean mintz bat egoten da. Hain zuzen ere, mintz horretako zelulek hil egin behar dute eskuak ondo gara daitezen. Zelula horien heriotza umekiaren geneetan programatua dago eta funtzio jakin bat du. Hori da apoptosia.

Zelula guztiek dute informazioa apoptosia egiteko, baina, noski, ez dute guztiek hil behar. Barneko zein kanpoko seinaleek edo estimuluek abiarazten dute mekanismo hori, soilik beharrezkoa den kasuetan. Horretarako, hainbat substantzia modulatzaile daude, eta erretinoideak dira horietako batzuk.

Apoptosia indartzeko gai

Erretinoideen artean, erretinamida aukeratu zuten EHUko ikertzaileek ikerketetarako. Erretinamida erretinoide sintetikoa da, hau da, ez da gure gorputzak sortzen duen substantzia natural bat.

(Argazkia: EHU-ko Biologia Zelularra eta Histologia Saila)
Izan ere, erretinoide naturalak hainbat gaixotasun tratatzeko erabili ohi dira --larruazalekoak esaterako--, baina, erabili behar diren kantitateetan nahiko toxikoak direnez, gizakiak ez ditu ondo onartzen. Horregatik, erretinoide sintetikoak sortu dira.

Hain zuzen ere, leuzemia-mota batzuetan, leuzemia linfoblastikoetan, erretinamidak zer eragin duen ikertu dute EHUn. Egun, Gurutzetako Ospitaleko laginak erabiltzen dituzte leuzemia horien zelulak eskuratzeko.

Leuzemia linfoblastikoak, izenak dioen bezala, linfoblastoen minbiziak dira. Linfoblastoak zelula handiak dira, linfozitoen aitzindariak. Linfoblasto gaizto horiek etengabe zatikatzen dira, hezur-muinean metatzen dira eta odoleko zelulen ekoizpena eragozten dute. Erretinamidak kaltetutako linfoblasto horien % 95 hiltzen dituela ikusi dute laborategian egindako saiakeretan.

Prozesu hori azaltzeko, mekanismo molekularra ikertu dute EHUko ikertzaileek. Ikusitakoaren arabera, erretinamidak zelularen barneko estres oxidatzailea indartzen du, eta estres oxidatzaile horrek zelularen heriotza eragingo duten mekanismoak aktibatzen ditu. Heriotza hori modu programatu eta garbian gertatzen da, eta, horretarako, entzima-talde batek zelularen barnean dauden proteinak mozten ditu. Hala, zelula hil egiten da. Heriotza horrek ez du eraginik aldameneko zelula osasuntsuetan, eta, horregatik, ez da hanturarik sortzen eta albo-ondorioak minimoak dira.

Leuzemia-zelulen heriotza, erretinamida eman eta handik 6 ordura.
EHUko Biologia Zelularra eta Histologia Saila
Frogatu dutenez, erretinamida oso eraginkorra da leuzemia linfoblastikoen zelulak hiltzeko, baina ez du eragiten osasuntsu dauden linfozitoetan, ezta azterturiko beste zelula normaletan ere.

Neurrira egindako tratamendua

Bide molekularra argituta, erretidamidak zelula osasuntsuetan zergatik ez duen eraginik aztertu dute ikertzaileek. Hor, beste hainbat faktore topatu dituzte. Hain zuzen ere, faktore horien arabera, erretinamidaren eragina indartsuagoa da zelula gaiztoetan, eta osasuntsuek ez dute ia sumatu ere egiten. Beraz, argi ikusten da faktore horiek, eta agian beste batzuk, kontuan izan behar direla erretinamidan oinarritutako sendagaiak kaleratu aurretik.

Gainera, ikertzaileen esanean, etorkizunean gaixo bakoitzari egokitutako tratamendua finkatuko da. Izan ere, jakina da, gaixotasun berbera izanagatik, tratamenduek ez dietela berdin eragiten pertsona guztiei, eta hori aurrez aipatutako bestelako faktoreen menpe egon daiteke.

Hori dela eta, medikuntzako ildo berriek geroz eta gehiago aipatzen dute beharrezkoa dela norberaren ezaugarri genetikoen eta bestelako faktoreen azterketa egitea, eta ondoren tratamendua finkatzea. Erretinamidaren kasuan ere hala finkatuko omen da tratamendua; horretarako, ordea, aurrez ongi ezagutu behar da erretinamidak zeluletan duen eragina, eta ikerketa honek asko lagunduko du bide horretan.

Jakintza hedatuz
52
Proiektuaren izenburua
Erretinoide sintetikoen eragina giza leuzemia linfoblastikoetan: jarduera-mekanismoak eta erresistentzia/sentsibilitatea determinatzen duten faktoreak.
Zuzendaria
Aintzane Asumendi eta Gorka Pérez-Yarza.
Lantaldea
A. Asumendi, G. Perez-Yarza, N. Rementeria eta A. Apraiz.
Saila
Biologia Zelularra eta Histologia.
Fakultatea
Medikuntza Fakultatea (Leioa) eta Farmazia Fakultatea (Gasteiz).
Finantziazioa
EHU eta Osasun eta Kontsumo Ministerioa.
Andonegi Beristain, Garazi
2
216
2006
1
044
Unibertsitateak; Farmakologia
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila