Oihan bat errautsetatik

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Oihan bat errautsetatik
2011/07/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

"Gogoratzen dut oso arraroa iruditu zitzaidala dena", zioen Liverpoolgo John Moores Unibertsitateko Dave Wilkinson ekologoak, Ascension uhartean izan zen lehen aldia BBCri kontatzen ari zitzaiola. Uharte hartako oihan tropikalaz ari zen zehazki: "Hamaika landare-mota zeuden, naturan inoiz elkarrekin agertzen ez direnak, bata bestearen ondoan. Gerora jakin nuen Darwinena, Hookerrena eta gertatu zen guztia..."

1836ko uztailaren 19an iritsi zen Darwin Atlantikoaren erdi-erdian dagoen Ascension uhartera (Afrikatik 1.600 km-ra eta Hego Amerikatik 2.250era). 5 urte zeramatzan Beagle ontzian mundu osoan zehar bidaiatzen, eta etxerako bidean ziren. Ascension britainiarren esku zegoen; militar eta marinel gutxi batzuk eta esklabo ohi beltzen bat baino ez ziren bizi han. Darwinek gutun bat zuen zain. Cambridgetik, John Henslow doktoreak kontatzen zion haren bidaiak eta aurkikuntzek oihartzun handia izan zutela Londresen, eta, bueltatzen zenean, zientzia-gizon handien artean lekua izango zuela.

Berri on haiekin txoratzen abiatu zen Darwin uhartea esploratzera. Klima lehorreko uharte bolkaniko bat zela idatzi zuen bere oharretan. "Muino koniko gorri biziak, oro har, tontor zapalekoak, laba beltz zatarrezko gainazal batetik altxatzen dira. Uhartearen erdialdeko muino nagusiak gainerako kono txikiagoen aita dirudi. Green Hill (muino berdea) deitzen diote, duen tonu berdexka ahulagatik; ainguralekutik ia ez da hautematen hori. Paisaia atsekabegarri hau biribiltzeko, itsaso basati batek zigortzen ditu kostako harkaitz beltzak".

Han ez zegoen Wilkinsonek 2003an topatuko zuen oihan tropikalaren arrastorik ere. "Kostaldean ez da ezer hazten; pixka bat barrurago akain-belarren bat tarteka, eta matxinsalto gutxi batzuk, basamortuaren benetako lagunak. Erdialdeko muinoetan, belar apur bat han-hemenka, Galesko mendien alderik txarrenen antzera... Uhartean ez dago inolako zuhaitzik. Alde horretatik, eta beste guztietatik, Santa Helena baino askoz ere eskasagoa da". Hain zuzen ere, Santa Helena uhartetik zetorren Darwin, eta hango biztanleen hitzak gogoratu zituen: "Badakigu arroka batean bizi garela, baina Ascensioneko gizagaixoak errauts-pila batean bizi dira". Darwin bat zetorren hitz haiekin.

Ascension puntu estrategikoa zen britainiarrarentzat. Jatorrian, ondoko uhartean, Santa Helenan, erbesteratuta zeukaten Napoleonen zaintzarako hartu zuten uhartea, beldur baitziren Napoleonen jarraitzaileek Ascension ez ote zuten erabiliko hari ihes egiten laguntzeko. Baina, gerora ere, Atlantikoa zeharkatu behar zuten itsasontzientzat estazio interesgarria izaten jarraitu zuen.

Estrategikoa bai, baina ez zen bizitzeko leku erosoa. Eta destakamendu hura hazteko eragozpen nagusi bat zegoen: ur-eskasia. Darwin txunditurik gelditu zen, ikusi zuenean uharteko iturri naturalak zein ongi aprobetxatzen zituzten hango biztanleek. Green Hill-etik kostaraino eramaten zuten ura hodien bidez, eta oso zorrotz kudeatzen zuten, "ez zen tanta bat alferrik galtzen", zioen Darwinek. Baina, hala ere, oso ur gutxi zen. Afrika aldeko haize lehorrak jotzen zuen uhartea, eta, landaretzarik gabe, egiten zuen euri apurra berehala lurruntzen zen.

Darwinen buruan plan bat sortzen hasi zen. Pentsatu zuen oasi berde bat sor zitekeela desertu hartan. Eta plan hura aurrera eraman zezakeen pertsona egokia ere ezagutzen zuen: bere lagun Joseph Hooker, botanikaria, eta, Darwinen gisara, esploratzaile ausarta hura ere.

Zazpi urte geroago, Antartikako espedizio batetik bueltan zetorrela gelditu zen Hooker Ascensionen. Eta Darwinen iradokizunak gogoan, uhartea berdetzeko plana martxan jarri zuen. Ideia sinplea zen: zuhaitzak landatuko zituzten, eta haiek hezetasuna harrapatuko zuten, lurrunketa saihestu, eta lur mortu haiek onduko zituzten.

Londresko Kew lorategi botanikoaren laguntzarekin --Hookerren aita zen Kewko zuzendari--, zuhaitzez eta zuhaixkaz betetako itsasontziak hasi ziren iristen Ascensionera. Hasieran hilero, eta 1850tik aurrera urtean bi aldiz; azaroan Ingalaterratik, eta maiatzean Esperantza Onaren lurmuturretik (Hegoafrika).

1870erako, Green Hillek landaretza oparoa zuen: eukaliptoak, pinuak, banbuak eta platanondoak oparo hazten ziren. 1920an Alister Hardy biologo britainiarrak uharteari buruz idatzitako oharrek ez dute zerikusirik Darwinek idatzi zituenekin: "Eukalipto luzeak daude bide-ertzetan, zuhaixka loredunak, koniferoak, eta mota guztietako palmondoak nonahi, eta ardiak bazkatzen, oihan itxiko eremuen arteko belardietan."

Gaur egun, Wilkinsonek "laino-oihan" gisa deskribatzen du Green Hilleko landaredia. Oihanak itsasotik lurruntzen den ura harrapatzen du, eta oasi heze bat osatzen. Oso oihan berezia da, erabat artifiziala baita. Wilkinsoni "benetan zirraragarria" iruditzen zaio. Izan ere, halako ekosistemak espezieen milioika urteko koeboluzioaren ondorioz sortu ohi dira. Ascensionen, berriz, bere kabuz aurrera egiteko gai den ekosistema iraunkor bat sortzea lortu zuten hamarkada gutxi batzuetan.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
277
2011
7
023
Historia; Biografiak; Ekologia
Istorioak
52
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila