John Harrison. Erloju bat, itsasoan ez galtzeko

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

john-harrison-erloju-bat-itsasoan-ez-galtzeko
Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

Lisboatik bueltan, Ingalaterrara gerturatzen ari zirela, kapitainak esan zuen laster begien bistan izango zutela Start Point. “Ez, kapitaina, nire erlojuaren arabera, ez da Start Point izango, Lizard baizik”, erantzun zion Harrisonek. Laster ikusi zuten begien aurrean agertu zitzaien lurmutur hura Lizard zela. Ez zen kontu ona hori, eremu hura arriskutsua baitzen; baina, hala ere, pozik zegoen Harrison: bere erlojua ongi zebilen.

Inork ez daki nola ikasi zuen John Harrisonek erlojuak egiten. 1693an jaio zen Foulbyn, Ingalaterrako iparraldeko herri txiki batean. Aita bezala, arotz egin zen bera ere. Hain familia xumekoa izanik, ez zuen erloju asko ikusteko aukerarik izango, baina, nolabait, 19 urterekin erloju bat egin zuen. Eta ez nolanahikoa: ia erabat zurezkoa zen, baita mekanismoa ere, eta ez zuen oliorik behar. Oraindik martxan dago, Londresko Zientzia Museoan.

Pixkanaka, erlojuak konponduz eta berriak eginez, erlojugile fin egin zen. Hain fina ere, Europa osoko zientzialariek konpontzea lortzen ez zuten arazo bat konpontzeko gauza ikusi baitzuen bere burua: itsaso zabalean longitudea ezagutzea.

Itsasoan, lurreko erreferentziarik ez dagoenean, ezinbestekoa da latitudea eta longitudea jakitea. Latitudea jakiteko, nahikoa zen zerura begiratzea: Eguzkiaren edo izarren posizioagatik jakin zitekeen iparralderago edo hegoalderago zeunden. Baina zenbateraino zeunden ekialdera edo mendebaldera jakitea beste kontu bat zen; hiru mendetako erronkarik handienetako bat izan zen hori.

XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, Amerikaren kolonizazioarekin eta Asiarako merkataritza-bidaiekin, nabigazioak berebiziko garrantzia hartu zuen. Latitudea eta egindako ibilbidea kontuan hartuta, saiatzen ziren kalkulatzen gutxi gorabehera non zeuden, baina ez zen batere metodo zehatza, eta, ondorioz, bidaiak izugarri luza zitezkeen, eta diru eta bizitza asko galtzen ziren itsasoan.

Espainiako errege Filipe II.ak, 1567an, sari bat eskaini zuen longitudearen arazoa konpontzen zuenarentzat, eta haren seme Filipe III.ak handitu egin zuen saria 1598an. Herbehereetan ere beste sari bat eskaini zuten 1636an. Galileo Galilei bera saiatu zen arazoa konpontzen. Jupiterren ilargien eklipseak erabiltzea proposatu zuen, eta metodo hori saldu nahi izan zien Espainiari eta Herbehereei. Ez zuen arrakastarik izan, hainbat arazo praktiko zituelako.

Frantzian, 1666an Luis XIV.ak Zientzia Akademia sortu zuenean, nabigazioaren zientzian aurreratzea izan zen esleitu zion funtzioetako bat. Eta horretarako sortu zuen Karlos II.a Ingalaterrakoak 1675ean Greenwicheko Behatokia. Izan ere, Ilargiak beste izar batzuekiko zuen posizioaren bidez kalkula zitekeen longitudea, baina, horretarako, izarren posizioak eta Ilargiaren mugimendua ongi aztertzea beharrezkoa zela esan zion John Flamsteed astronomoak erregeari, eta behatoki bat sortzeko proposatu.

1714an, Ingalaterrako Parlamentuak beste sari bat eskaini zuen Mendebaldeko Indietarako bidaia batean longitudea zehazteko metodo bat baliagarria zela frogatzen zuenarentzat. Sari haren berri izan zuen Harrison erlojugileak, eta irabaz zezakeela pentsatu zuen.

Izan ere, gehienek soluzioa metodo astronomikoek ekarriko zutela uste bazuten ere, longitudea jakiteko beste modu bat izan zitekeen itsasoan zehaztasun handiz ibiliko zen erloju bat egitea.

Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

15º mendebaldera egitean, ordu bat egiten da aurrera, eta, alderantziz, 15 º ekialdera egitean, ordu bat atzeratzen da. Beraz, itsaso zabalean lekuko ordua eta beste erreferentzia-puntu batekoa (abiapuntukoa) jakitea nahikoa da longitudea zehazteko. Itsasoan lekuko ordua jakiteko ez dago arazorik, eguzkiari begiratzea nahikoa da. Arazoa erreferentzia-puntuko ordua jakitea zen. Bazituzten penduludun erloju nahiko zehatzak, baina itsasoan, mugimenduagatik, eta tenperaturaren eta hezetasunaren aldaketengatik, ez zuten ongi funtzionatzen.

Newtonek berak (Royal Societyko lehendakaria, garai hartan) esan zuen ia ezinezkoa zela kondizio horietan ongi ibiliko zen erloju bat egitea. Baina Harrisonek uste zuen egin zezakeela. Bost urtez aritu zen H1 erlojua egiten. Malgukitan eta kontrapisutan oinarritutako sistema bat zuen, itsasontziaren mugimenduak ahalik eta gutxien eragiteko.

Royal Societyn aurkeztu zuen H1 erlojua, 1735ean. Harrera ona izan zuen, eta erabaki zuten merezi zuela itsasoan proba bat egitea. Lisboarako bidaia egin zuen Harrisonek H1 erlojuarekin, eta bueltan gai izan zen ontzia Lizard-era inguratzen ari zela iragartzeko. Ez zen egin saria irabazteko eskatzen zen Indietarako bidaia, baina emaitza ez zen txarra, eta sari txiki bat eman zioten.

Erloju hura hobetu beharra ikusi zuen Harrisonek. 1737an hasi zen H2a egiten, baina, hiru urteren buruan, konturatu zen diseinu-arazo bat zuela. Hurrengo hogei urteetan ez zuten ezer jakin Harrisonez eta haren erlojuez. Denbora hori behar izan zuen H3a egiteko. Guztiz berritzaileak ziren asmakizunak sartu zizkion, baina, hala ere, ez zuen lortu behar adinako zehaztasunik.

1753an, 60 urte zituela, hasi zen H4a garatzen. Oso bestelako erloju bat egin zuen. Aurrekoak makina handiak eta astunak ziren; H4ak, berriz, poltsikoko erloju baten itxura zuen.

Hauxe idatzi zuen: “Uste dut ausartu naitekela esatera munduan ez dagoela beste mekanismorik edo matematika-konturik, nire erloju edo longituderako kronometro hau baino ederragorik edo bitxiagorik”.

68 urterekin, ez zuen bere burua ikusten Indietara joateko, eta William semea bidali zuen, H4arekin. Jamaikara iritsi zirenean, 5 segundo baino ez zen atzeratu. Saria jasotzeko eskatzen zen zehaztasuna baino handiagoa zen hori. Hala ere, agian zortea izan zitekeela argudiatuta, bigarren bidaia batean probatzeko eskatu zieten. Bigarrenean ere bikain ibili zen erlojua. Baina, orduan, esan zioten frogatu behar zuela halako erloju gehiago egin zitezkeela. Beste erlojugile batek egin behar izan zuen, eta Harrisonek berak ere beste lau kopia egin zituen, baita H5 bertsioa ere.

Azkenean, Jurgi III.a erregeari idatzi zion Harrisonek, merezi zuen aitortza eta saria lortzeko zituen arazoen berri emanez. Erregeak berak probatu zuen H5a, eta, haren zehaztasunaz jabetu zenean, Harrisoni zegokiona emateko eskatu zion Parlamentuari. 1772an, 80 urte zituela, diru-kopuru bat eman zioten, baina ez sari ofiziala.

Urte hartan bertan abiatu zen James Cook kapitaina bere bigarren espedizioan. H4aren kopia bat eraman zuen. Hiru urteko bidaian, tropikoetatik eta Antartikatik pasa zen, eta erlojuarekin txundituta gelditu zen Cook: “gure gidari leiala, klimaren gorabehera guztietan zehar”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila