Jeffersonen munstroak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Jeffersonen munstroak
2009/10/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Fundamenturik gabeko mito hari amaiera jartzeko garaia iritsi zen. Bai, mamuta munstro bikaina zen horretarako. Thomas Jefferson konbentzituta zegoen.

Hogei urte lehenagotik zetorren funtsik gabeko mitoa. Frantziako naturalista handi bat zen erruduna: Georges Louis Leclerc, Buffongo kondea. 1761ean idatzi zuen Buffonek Mundu Berriko izakiak Mundu Zaharrekoak baino eskasagoak zirela. Haren esanean, kontinente hartako lurrak ia antzuak ziren, eta animaliak Mundu Zaharrekoak baino txikiagoak eta ahulagoak; izan ere, hango zingira ustelduetako eta eguzkirik gabeko basoetako lurrun kaltegarriek ahuldu egiten zituzten. Natiboek ere ez zuten gizontasunik: "ez dute bizarrik, ez ilerik gorputzean, eta ezta emearekiko grinarik ere. Haien sexu-organoak ere txikiak eta ahulak dira".

Buffonentzat, Amerikako fauna degeneratuta zegoen. Eta pentsamendu horrek jarraitzaile ugari izan zituen. Jeffersonek miresten zuen naturalista frantsesaren lana; baina bere kontinentea degeneratutzat hartzea... Hori ezin zuen eraman. Eta argumentu haiei aurre egin nahi izan zien 1781ean argitaratutako Notes on the State of Virginia liburuan.

Jeffersonek Europako eta Amerikako hainbat animaliaren pisuak konparatu zituen, benetan Amerikakoak ez zirela eskasagoak frogatzeko. Eta bufaloak eta hartzak nahikoa ez baziren, mamut ikaragarri haiek edozein isilaraziko zuten.

Azken urteetan animalia erraldoi haren hezurrak aurkitzen ari ziren etengabe. Hasieran, Amerikako incognitum gisa egin zen ezaguna, eta gero mamut gisa identifikatu zuten. Degenerazioaren ideiarekin minduta, naturalista amerikarrak hain gogotsu zeuden izaki haren handitasuna eta basatasuna aldarrikatzeko, ezen sei aldiz handiagoa egin zuten, eta atzapar izugarriak jarri zizkioten. Izan zen letaginak beherantz begira jarri zizkionik ere, tigre sable-horzdun baten gisara. Izan ere, tigre baten bizitasuna eta basatasuna egotzi zizkioten elefante erraldoi hari.

Jefferson, beste garaikide asko bezalaxe, ziur zegoen mamuta haragijalea zela. Eta, gainera, "lurrean inoiz izandako izakirik handiena" zen. Halako elefante haragijale erraldoi baten aurrean indarrik gabe gelditzen ziren Buffonen ideiak. Baina hark ez zuen atzera egin. Aitzitik, elefante arrunten edo hipopotamoen mailara jaitsi zuen mamut amerikarra; eta, areago, desagertutako animalia zirudien, eta bere teoriaren alde erabili zuen hori frantsesak.

Jeffersonek argi zuen ez zela elefante arrunt bat, ezta hipopotamoa ere. Aitzitik, mamut siberiarren parekoa zela uste zuen, espezie bera, agian. Eta ez zegoen hain ziur desagertuta zegoenik; agian, Amerikako esploratu gabeko alderen batean bizirik egon zitezkeen animalia haiek. Indigenen kondairetan ere agertzen ziren halako munstroak, eta horrek indartu egin zuen Jeffersonen esperantza. Notes on the State of Virginia ko animalien zerrendan sartu zuenean, hala idatzi zuen: "Galde diezadakezue zergatik sartu dudan mamuta, oraindik existituko balitz bezala. Eta nik diot: zergatik kanpoan utzi, existituko ez balitz bezala?"

1796ko udaberrian, beste animalia baten hezurrek liluratu zuten Jefferson. Meategi bateko langileek hanka baten hezurrak eta atzapar izugarri batzuk aurkitu zituzten. Jeffersonek ikusi zituenean, txunditurik gelditu zen. Lehoien, tigreen eta panteren familiako animalia batenak ziruditen, baina piztia hark askoz ere handiagoa izan behar zuen. Atzaparren tamainagatik kalkulatu zuen Afrikako lehoiak baino hiru aldiz handiagoa izango zela. Megalonyx (atzapar handi) izena jarri zion. Jeffersonek bazuen bigarren munstro amerikarra.

1797ko martxoan Filadelfian emandako hitzaldi batean aurkeztu zuen Megalonyx piztia. Eta, mamuta bezalaxe, oraindik bizirik egon zitekeela ere esan zuen: "Gure kontinentearen barnealdean bada nahiko toki elefante eta lehoientzat, klima horretan bizi badaitezke; eta, baita mamut eta Megalonyx entzat ere. Gure herrialdearen mendebaldeari eta ipar-mendebaldeari buruz dugun ezjakintasuna kontuan hartuta, ezin da esan han zer ez dagoen".

Baina, juxtu hitzaldi hura eman aurretik, Monthly Magazine aldizkari ingelesaren ale batean, ilustrazio bat ikusi zuen, animalia erraldoi hatzapardun baten fosilarena. Paraguain aurkitu zuten fosil hura, eta Madrilgo Historia Naturaleko Errege Kabinetean muntatu. Ilustrazioa Georges Cuvier paleontologiaren izar berriaren 1796ko artikulu batean oinarritua zegoen.

Cuvierrez esaten zen hortz bat edo barailezur-zati txiki bat nahikoa zuela animalia bat ezagutzeko, eta, askotan, baita generoa eta espeziea emateko ere. Paraguaiko fosilaren artikulua baino lehen, gerora sona handia izan zuen beste bat idatzia zuen, elefante-espezie bizi eta fosilei buruzkoa, hain zuzen ere. Artikulu hartan, Asiako eta Afrikako elefanteak espezie desberdinetakoak zirela esan zuen, eta mamuten fosilak desagertutako beste espezie batenak zirela; baita Italian agertutako haiek ere, Hanibalen elefanteen hezurtzat hartu izan zirenak. Eta geroago, mamut amerikarraren hezurrak aztertzeko aukera izan zuenean, bera izan zen hura formalki deskribatu zuena. Europako mamutekiko desberdina zen, eta mastodonte izena eman zion. Eta ez, ez zen haragijalea.

Paraguaiko fosilari buruzko artikuluan, berriz, argi eta garbi ikusi zuen Cuvierrek hezurdura hura Hegoamerikako nagien antzeko animalia bati zegokiola. Megatherium deitu zion animalia hari.

Artikulu hura ikusitakoan ulertu zuen Jeffersonek bere lehoi erraldoia ere nagi bat izan zitekeela. Hala, Megalonyxi buruzko lana argitaratu aurretik, ohar bat erantsi behar izan zion, non aitortzen zuen atzapar haiek, izatez, Megatherium batenak izan zitezkeela.

Cuvierrek, 1804an argitaratutako nagiei buruzko lanean, ondorioztatu zuen Jeffersonen atzaparduna ez zela Megatherium en espezie berekoa; eta Jeffersonek emandako izena mantendu zuen. Ia 20 urte geroago, beste anatomista frantses batek osatu zuen izena: Megalonyx jeffersonii .

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
257
2009
10
025
Historia; Paleontologia
Istorioak
58
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila