Ettore Majorana, desagertzea erabaki zuen jenioa

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ettore-majorana-desagertzea-erabaki-zuen-jenioa
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

1960. Buenos Airesko hotel batean, afaltzen ari den gizon bati begira dago zerbitzaria. Ez du lehenago inoiz ikusi, baina atentzioa eman dio paperezko ahozapietan formula matematikoak idazten aritzeak. Ettore bezala. Hurbildu egin da, eta esan egin dio: "Badakizu ezagutzen dudala gizon bat gauza bera egiten duena? Noizean behin etortzen da, eta ahozapietan matematika zirriborratzen aritzen da hura ere, zu bezala. Ettore Majorana du izena, eta fisikari famatua zen Italian, gerra aurretik, herrialdea utzi eta hona etorri zen arte".

Carlos Rivera txiletar fisikaria ahozabalik gelditu zen zerbitzariaren hitzekin. Ondo ezagutzen zuen izen hura. Inoizko fisikaririk handienetakoa izatekoa zen; baina 1938an desagertu zen, 32 urte baino ez zituela, eta, geroztik, inork ez zuen ezer jakin hari buruz.

Enrico Fermik berak honela esan zuen, desagertu zenean: "Hainbat kategoriatako zientzialariak daude munduan. Bigarren edo hirugarren mailakoek ahal duten guztia egiten dute, baina ez dira inoiz oso urrun iristen. Gero, lehen mailakoak daude, aurkikuntza garrantzitsuak, zientziaren aurrerapenerako funtsezkoak direnak, egiten dituzten horiek. Baina gero, jenioak daude, hala nola, Galileo eta Newton. Majorana horietakoa zen".

Hamar urte lehenago ezagutu zuen Fermik jenioa, 1928aren hasieran. Erromako Unibertsitateko Fisika Teorikoko Institutuko zuzendaria zen Fermi, eta 21 urteko gazte siziliar hura etorri zitzaion. Ingeniaritza ikasia zuen, baina Edoardo Amaldi eta Emilio Segre lagunek, haren aparteko adimena ongi ezagutzen zutenek, fisika teorikora pasa behar zuela eta Fermirekin hitz egitera joateko konbentzitu zuten. Fermik zertan ari ziren azaldu zion, eta, besteak beste, atomoaren eredu estatistiko bati buruz hitz egin zion (Thomas-Fermi eredua), zenbaki-taula bat erakusten zion bitartean. Isila eta lotsatia zen. Adi-adi eta ezer esan gabe entzun zuen Fermik kontatutakoa, eta joan egin zen. Hurrengo egunean azaldu zen berriz, kalkuluz betetako orri bat eskuan. Fermiren taula ikusi nahi zuen; bere orriarekin konparatu ondoren, Fermiren lana ongi zegoela esan zuen. Gero, alde egin zuen berriz.

Hurrengo astean Fermirekin doktoretza egiten hasi zen. Urtebetean bukatu zuen tesia, nukleo erradiaktiboen mekanika kuantikoari buruzkoa. Eta Fermirekin jarraitu zuen fisika nuklearra ikertzen. Talde bikaina osatu zuten, "ragazzi di via Panisperma" izenez ezaguna egin zena (institutua kale horretan zegoelako). Talde horretan zeuden Segre eta Amaldi lagunak ere. Taldeko partaide bakoitzak goitizen eliztar bat zuen. Fermi Papa zen, eta Majoranari, besteen nahiz bere lanak zorrotz kritikatzen zituelako, Gran Inquisitore jarri zioten.

Majoranaren burua ez zegoen inoiz geldi. Tranbian zihoanean, askotan, ideia edo teoria berri bat etortzen zitzaion. Poltsikoetan lapitza bilatzen hasiko zen orduan, eta tabako-paketean kalkuluak egiteari ekingo zion. Gero, tranbiatik salto egin, eta korrika institutura. Fermiri edo beste kideren bati azalduko zion ideia, tabako-paketea erakutsiz. "Bikaina! Idatzi eta argitaratu!", edo antzeko zerbait esango zioten. Baina, "Bai zera! txorakeria bat da eta!", izan ohi zen erantzuna. Azken zigarroa erretakoan, zakarrontzian bukatuko zuen zenbakiz betetako paketeak. Kalkulu haiek errazegiak ziren Majoranarentzat, hutsalak.

Halako zerbait pasa zen Joliotek eta Curiek, jakin gabe, neutroia aurkitu zutenean ere. Senar-emazteek ikusi zuten bazeudela partikula neutro batzuk, materian sartu eta protoiak kanporatzeko gai zirenak. Fotoiak zirela pentsatu zuten, garai hartan ez baitzen beste partikula neutrorik ezagutzen. Majoranak Fermiri azaldu zion hori ezinezkoa zela, fotoiek ez dutelako masarik, eta protoia kanporatzeko gutxienez masa bereko partikula bat izan behar zuelako. Fermik interpretazio hori argitaratzeko esan zion. Baina ez zion kasurik egin. Hori ere errazegia zen, begibistakoa, edonork egin zezakeen. James Chadwick-ek egin zuen, eta 1935ean eman zioten Nobela, neutroia aurkitzeagatik.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

1933aren hasieran Alemaniara joan zen, beka batekin, Werner Heisenberg entzutetsuarekin lan egitera. Zientzialari bikain batez gain, lagun handi bat aurkitu zuen Heisenbergengan. Baina udazkenean gaixorik bueltatu zen Alemaniatik; gastritis akutuarekin eta neurasteniak jota. Handik aurrera, are barnerakoiagoa egin zen. Institutura gero eta gutxiago joaten hasi zen, lagunekin egoteari ere utzi egin zion. Ia etxetik atera gabe bizi zen.

1937an itzuli zen. Diracen ekuazioekin zerikusia zuen kontu bat azaldu zion Fermiri. Hark, txunditua, berehala argitaratzeko esan zion. Baina, neutroiena gogoan, Fermik berak idatzi eta bidali zuen artikulua, Majoranaren izenean. Egun Majorana fermioi bezala ezagutzen direnak artikulu horretan zeuden. Iaz detektatu zen, lehenengoz, halako bat.

Urte hartan bertan Napolesko Unibertsitateko fisikako katedra hartu zuen. Eta fisika teorikoko eskolak ematen hasi zen. Baina lan hark ez zion onik egin. Oso ikasle gutxi joaten zitzaizkion; gehienak ez ziren gai haren lezioei jarraitzeko.

1938ko martxoan 25ean bi gutun idatzi zituen Napolesen. Bat hoteleko gelan utzi zuen, familiari zuzendua: "Desio bakarra dut: ez jantzi beltzez nigatik. Ohiturak jarraitzeko beharra baduzue, erabili lutorako beste edozein zeinu, baina hiru egunez, gehienez ere. Gero, gorde nazazue bihotzean, eta, ahal baduzue, barkaidazue". Bigarren gutuna Antonio Carrelliri bidali zion, Napolesko Unibertsitateko Fisika Institutuko zuzendariari: "Erabaki saihetsezin bat hartu dut. Ez dago neurekoikeriarik erabakian, baina badakit nire ustekabeko desagerpena arazo bat izango dela zuretzat eta ikasleentzat. Barkatzeko eskatzen dizut, batez ere, alde batera utzi izanagatik eskaini didazun konfiantza, adiskidetasuna, eta erakutsi didazun eskuzabaltasuna". Gau hartan Palermorako ontzia hartu zuen.

Palermotik telegrama bat bidali zion Carrelliri, aurreko gutunari kasurik ez egiteko esanez. Eta gero beste gutun bat: "Carrelli maitea, itsasoak ukatu egin nau, erremediorik gabe. Bihar itzuliko naiz...". Baina ez zen itzuli.

Hainbat hipotesi izan ziren: suizidioa, monasterio batera erretiratu zela, eskale egin zela... Baina hipotesi horiek indarra galdu zuten jakin zenean desagertu aurretik diru mordo bat atera zuela bankutik. Gero, Hego Amerikara zeramaten pistak agertu ziren: hotel batean ikusi zutela... Baina ez zen inoiz ezer argitu.

Fermik argi zuen; honela esan zion emazteari: "Ettore azkarregia zen. Desagertzea erabaki badu, inor ez da gai izango hura aurkitzeko".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.