Elhuyar anaiak, espioi baino zientzialari hobeak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

elhuyar-anaiak-espioi-baino-zientzialari-hobeak
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Gutun batean, hamahiru puntutan pasa zioten misioa:

1. Bidaiaren benetako helburua beti isilpean mantentzeko zina gogoan izan beti.

2. Lehenbailehen Saxoniara joan metalurgian eta galdaketan sakontzera [...]

10. Suediatik Eskoziako Carrongo fabriketara joan; eta, han onartua izateko, alemana eta ofiziokoa izatearen itxurak egin. Horretarako, garrantzitsua izango da alemana ongi ikastea Alemaniako egonaldian.

11. Eskoziara joatean, Parisko konfiantzako pertsonaren batekin adostu gutun-bidezko harremana; hark jakingo du alemanez datozen gutunak Espainiara bidali beharko dituela. Gutunetan alemanez idatzitako edozer testuingurutan euskarazko esaldiak sartu, disimuloz; haiek elkartuta jakingo da benetan komunikatu nahi dena. [...]

1778ko otsailean jaso zuen gutun hura Juan Jose Elhuyarrek, Peñafloridako kondearen eskutik. Madriletik zetorren eskaria. Karlos III.aren Itsas Armadako ministroak, Gonzalez Castejon markes tuterarrak, arerio britainiarren kainoiak egiteko teknologia nahi zuen. Haiek egiten zituzten munduko kainoirik onenak, bereziki Carronen (Eskozia). Ministroak espioi pare bat bidali nahi zituen, eta Jose Domingo Mazarredo lagun bilbotarrari laguntza eskatu zion misio hartarako ezagutza tekniko nahikoa izango zuten pertsonak aurkitzeko: "Bizkaitarrak edozertarako gai zarete, eta oso aproposak honetarako; isilak, abilak eta langileak".

Mazarredok ministroari Euskalerriaren Adiskideen Elkarteaz hitz egiteko baliatu zuen aukera hura. Bergarako Mintegian mineralogiako eta metalurgiako katedra bat jartzeko asmoa zuten, Saxoniako eta Suediako aditurik onenak ekarrita. Beste aukera bat gazte batzuk Europako zentro onenetara eramatea izan zitekeen, gero han ikasitakoa Bergarara ekartzeko. Hori guztia estatuak finantzatu beharko lukeela proposatu zion, finean, horrek asko hobetuko zuelako estatuaren teknologia, eta baita kainoiak ere. Azkenik, Carron zelatatzeko pertsona pare bat bidaltzea ere interesgarria izango zela esan zion, baina berak ez zuela lan zail hura egiteko inor ezagutzen, eta Peñafloridako kondearengana bideratu zuen.

Peñafloridako konde Xabier Maria Munibek eta Narrosko markes Joakin Egiak ez zuten aukera hura galdu. Munibe eta Egia Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen fundatzaileak ziren, eta estatuak elkartea finantzatzea lortu zuten, espiotza-planaren estalki izatearen truke. Plan horretan --espioitzakoan, baina baita Bergarako Mintegia osatzeko Munibe eta Egiaren planean ere-- gako izango ziren Juan Jose Elhuyar, eta haren anai gaztea, Fausto Fermin.

Logroñon jaioak ziren, ama Donibane Lohizunekoa eta aita Hazparnekoa zituzten. Aita zirujaua zen, eta zientziazale amorratua; semeei hezkuntzarik onena eman nahi izan zien, eta Parisa bidali zituen zientzia-ikasketak egitera. Han ezagutu zituzten Peñafloridako kondearen eta Narrosko markesaren semeek.

Ofizialki, bi anaiei beka bat emango zieten Europako zentro onenetan ikasteko, eta ezagutza haiek Bergarara ekartzeko. Gero, Faustok Bergarako mineralogia eta metalurgiako katedra hartuko zuen. Juan Josek, berriz, ikasketa-plan haren itzalean espioitza-lanak egingo zituen, eta lanpostu on bat emango zion gero Espainiako koroak.

1778ko ekainean bi anaiak Saxoniara abiatu ziren; garaiko meatze-ingeniaritzako gune garrantzitsuenetakoa zen. Handik Alemaniara pasa ziren, Freibergera, Abraham Gobtlob Werner irakasle entzutetsuaren mineralogiako ikastaroa jarraitzera. Eta, gero, Austria-Hungariako Inperioko eta Alemaniako beste hainbat zentrotatik pasa ondoren, 1781ean banandu egingo ziren anaiak. Fausto Bergarara etorri zen, mineralogia eta metalurgiako katedra hartzera. Juan Josek, berriz, bidaiarekin jarraitu zuen, Suediara.

Juan Jose plana jarraitzen ari zen, gutxi gorabehera. Izan ere, espiotza baino askoz interesgarriago zitzaion Europako maisu handienekin ikasten ari zen guztia. Eta Suedian, Upsalako Unibertsitatean, aurkituko zuen maisu handienetako bat: Torbern Olof Bergman kimikaria. Bergmanen begiko ikasle bihurtu zen. Eta harengandik jaso zuen suedieraz tungstene deitzen zioten "harri pisua"-k elementu ezezagun bat zuenaren hipotesia; baita ildo horretatik ikertzen jarraitzeko iradokizuna ere.

Bitartean, Espainian ez zeuden gustura Elhuyarren zerbitzuekin. Oso informazio gutxi bidaltzen zuen, eta behar baino denbora gehiago ari zen pasatzen. Argi gelditzen ari zen, espiotzan baino beste zerbaitetan zebilela... Gainera, gerra tarteko, ezin izan zuen Eskoziara pasa, eta, azkenean, misioa bertan behera gelditu zen. Bestalde hilabeteak ziren ez ziotela agindutako soldata ordaintzen. Gobernuarekiko harremana eten egin zen. Juan Jose estatu osoko kimikaririk puntakoena bihurtua zen, baina dirurik gabe eta zorpetuta zegoen.

Anaiarengana joan zen, Bergarara. Harri pisuaz hitz egin zion, eta harri hartan egon zitekeen elementu berriaz. Faustok elementu hura Bergaran aurkitu zezaketela pentsatu zuen; ez zuen alferrik osatu, Espainiako koroak jarritako diruarekin, Europako beste edozeinen inbidiarik gabeko laborategia. Hamar bat urte beranduago honela esango zuen Bergaran irakasle izango zen Thunborg suediarrak: "Tresna eta material bitxirik ez da falta. Dagoenaren zerrenda eman zidatenean zeharo harrituta gelditu nintzen, zeren Stockholmeko eta Upsalako laborategiak ezagun izanik, haiek honen laurdena besterik ez direla esatera ausartuko nintzateke".

Hilabete batzuez gogor lanean aritu ondoren, wolframita mineraletik abiatuta elementu desiratua isolatzea lortu zuten Elhuyar anaiek. "Hoztutakoan, arragoa hautsi eta botoi bat topatu genuen, hatzen artean hauts egiten zena. Grisa zen, eta leiar batekin begiratzean globo metalikoen multzo bat ikusten zen". Horrela deskribatu zuten prozesu konplexu baten emaitza, 1783ko irailaren 28ko Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Batzar Orokorrean aurkeztu zuten lanean. "Metal berri honi volfram deituko diogu".


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.