Behi-haragi zati bat hartu, gordinik, gatz pixka batekin, eta hari batekin lotu zuen. Hariaren beste aldetik heldu, eta zuloan sartu zuen. Ordubetera, haritik tira eta haragia nola zegoen begiratu zuen. Berriz zuloan sartu eta beste ordubete, eta baita berriz ere... Eta gero zerri-gizenarekin... Bosgarren orduan tripako mina jarri zitzaion St. Martini, eta Beaumont doktoreak gelditzen zen gizen-zatia atera behar izan zuen haren urdailetik.
Hurrengo egunean oraindik indigestioa zuen St. Martinek. Baina indigestioak indigestio, Beaumont doktoreak ez zuen esperimentu haiek egiteko aukera alferrik galduko. Inork ez zuen inoiz halakorik egin.
Hiru urte lehenagoko istripuak sortu zuen aukera. 1823ko ekainaren 6an, Alexis Bidagan kanadar gaztea, ezizenez St. Martin, Mackinac Islanden zegoen. American Fur Company-rentzat lanean hasi berria zen, voyageur gisa (kanoaz kastore-larruak garraiatzea zen voyageur en lana). Goiz hartan konpainiaren biltegian zegoen, eta, ondoan, kide bat ahatetarako kargatuta zegoen eskopeta batekin zebilen. Ihes egin zion tiroak, eta perdigoiek bete-betean harrapatu zuten St. Martin. Lurrera erori zen, alkandora sutan.
Zauritutakoaren inguruan bildutako jendetzaren artean bide eginez iritsi zen medikua. Uharteko mediku bakarra; William Beaumont doktorea. Ezkerreko bularraren azpian zuen zauria, 5. eta 6. saihetsak puskatuta zituen, eta birika zati bat eta diafragma ere bai. Zulatutako urdailetik gosaria ateratzen ari zen. "Ez da 36 ordu biziko" bota zuen doktoreak.
Ahalegin guztiak egin zituen, hala ere, Beaumontek; eta St. Martin onera egiten hasi zen. Lehen 17 egunetan, jaten zuen guztia zauritik ateratzen zitzaion. Baina pixkanaka, hesteak funtzionatzen hasi ziren, eta laugarren asterako normal jan zezakeen, baita digestioa egin ere.
Hala eta guztiz ere, denbora behar izan zuen osatzeko. Laugarren hilabetean, oraindik St. Martinen gorputzetik perdigoiak kentzen ari zen Beaumont. Hamargarren hilabetean, zauriak ia sendatuta zeudela apuntatu zuen koadernoan, baina erabat ezinduta zegoela oraindik gaixoa. Orduan, agintariek St. Martini arreta gehiago ez eskaintzea eta Kanadako jaioterrira bidaltzea erabaki zuten. Beaumont doktorea beldur zen, ordea, 2.000 kilometro inguruko bidaia gehiegi izango zela, eta etxean hartu zuen.
Zauriak sendatu ziren, baina zuloa gelditu zitzaion; zuzenean urdailera zihoan zulo bat, uzki berri bat. "Txelin baten tamaina zuen, eta janari-edariak bertatik isurtzen ziren, ez bazen tapoi, konpresa eta benden bidez ixten" deskribatu zuen Beaumont doktoreak.
Beaumontek morroi gisa kontratatu zuen St. Martin. Baina horretarako baino gehiagorako nahi zuen. 1825ean The American Medical Recorder aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean honela zioen: "Kasu hau sekulako aukera da fluido gastrikoak eta digestioaren prozesua ikertzeko. Ez luke minik eragingo, ezta enbarazurik txikiena ere, bizpahiru egunez behin fluido pixka bat erauzteak; bestela ere berez ateratzen baita kantitate handi samarretan. Eta erraza litzateke, halaber, hainbat substantzia digerigarri sartzea, eta digestio-prozesuan zehar behatzea".
1825eko abuztuaren 1ean hasi zen esperimentuak egiten. Haragi sukaldatua, gordina (gatzarekin eta gatzik gabe), zerri-gizena, kontserbako haragia, ogi zaharra, aza... denetik sartu zion. Behin 17 orduz baraurik egonarazi ondoren, urdaileko tenperatura hartu (38 ºC), eta urin gastrikoak erauzi zizkion. Gero, urin gastrikoz betetako saio-hodian (38 ºC-ra mantendua) eta St. Martinen urdailean haragi-kantitate bera jarri zuen. Urdailak bi ordutan digeritu zuen, saio-hodiak, berriz, 10 behar izan zituen.
St. Martinek ez zituen beti gogo onez hartzen esperimentuak. Ez zen atsegina baraualdi luze haiek egitea, edo orduetan geldirik egotea doktoreak jakiak bere gorputzean sartzen eta ateratzen zituen bitartean --gainera, askotan, tripako minak, beherakoak eta abar izaten ziren ondorioak--. Bere urinez betetako saio-hodiei besazpietan eusteari uko ere egin zion inoiz. Egia zen zorretan zegoela bizia salbatu zion doktorearekin, baina... Aukera ikusi zuenean, Kanadara alde egin zuen.
Han, ezkondu eta bi haur izan zituen. Familia pobrea zen, eta Beaumontek 1829an lortu zuen St. Martin berriz ere esperimentuak egiteko konbentzitzea, familia osoa bere etxean hartzearen truke.
Beaumontek frogatu zuen digestioa prozesu kimikoa zela, eta ez mekanikoa, orduan gehienek uste bezala. Eta ikusi zuen urin gastrikoek beroa behar zutela digeritzeko, barazkiak beste elikagai asko baino zailagoak direla digeritzeko, eta esnea koagulatu egiten dela digestioa hasi aurretik. Eguraldiaren eragina ikertu zuen, eta St. Martin noizean behin haserretzen zenez, haserreak digestioa zailtzen zuela ere ondorioztatu zuen. Bi urteren buruan, kanoa hartu eta Wisconsinetik Montrealeraino alde egin zuen familiak.
1833an Experiments and Observations on the Gastric Juice and the Physiology of Digestion liburua argitaratu zuen Beaumontek. Bertan bildu zituen St. Martinekin egindako 240 esperimentu.
Lan hark ospea ekarri zion Beaumonti. Baina baita kritikak ere. Batzuen ustez, nahita ez zuen sendatu St. Martinen zuloa. Eta polemika hura indar handiagoz piztuko zen 1840ko beste afera batean. Politikari batek egunkari bateko editoreari eraso egin zion kalean, egunkariko editorialetan ez zutelako ongi tratatzen. Burdinezko bastoi batekin jo zuen buruan, eta larri gelditu zen editorea. Beumont izan zen editorea tratatzeko aukeratu zuten zirujauetako bat. Hark garezurra zulatzea erabaki zuen presioa kentzeko. Editorea hil egin zen, eta Beaumonti erailketa leporatu zioten, St. Martinekin bezala barruan zer zegoen ikusi nahi zuelako zulatu zuela argudiatuz. Epaileak errudun jo, eta isun handi bat jarri zion.
Beaumontek bizitza osoa pasako zuen St. Martin konbentzitu nahian esperimentu gehiago egiteko, 1853an hil zen arte, izoztutako eskailera batzuetan irrist eginda. St. Martin, berriz, mediku plantak egiten zituen iruzurti baten eskuetan erori zen. Eta hark, hiriz hiri ibili zuen, zirkuko animalia bat balitz bezala.
1879an honela idatzi zion Beaumonten semeari: "Zahartzen hasia naiz, eta azken sei urteetan gaixo egon naiz, eta ez dizut ezkutatuko oso pobrea naizela [...] Pixka bat sufritzen ari naiz nire fistula gastrikoarekin, eta nire digestioak inoiz baino okerragoak dira..." Hurrengo urtean hil zen, 78 urterekin. Familiak propio utzi zuen haren gorpua deskonposatzen lurperatu baino lehen, inork gehiago esperimenturik egiteko tentaziorik izan ez zezan.