Ordenagailua itzalita egon daiteke, baina inoiz ez erabat itzalita. Haren txipen artean, bada beti piztuta egoten den bat. Korronte txiki bat jasotzen du etengabe bateria batetik--hori ez da agortzen ordenagailuaren balio-bizitza osoan--, eta txipak ez dio inoiz lan egiteari uzten. Lan egiteari utziko balio, gordetzen duen informazioa galdu egingo luke, RAM motako memoria bat baita. Baina itzaltzen ez denez, ordenagailua ez da inoiz erabat itzalita egoten; eta, hala ere, piztu egin behar da!
POWER izeneko botoia sakatutakoan, kontrako bi istorio abiatzen dira. Bata erabiltzailearena da; zain egon behar du makina 'motel' hori zertan ari den jakin gabe, ezin baitu erabili botoia sakatu eta berehala. Beste istorioa ordenagailuaren barrukoa da.
Lan bizia da. Korronte elektrikoak beste txip guztiak inbadituta ordenagailua esnatu egiten da, eta beti martxan egoten den txip horretan irakurtzen du non dagoen abiarazi behar duen lehen programa. Ordenagailua PCa izan ala Mac-a izan, prozesua antzekoa da; lehen programa hori ez da sistema eragilea; ez da Windows, Linux edo MacOS sistemen inolako bertsioa. Gauza asko dago egiteko sistema eragileari kontrola utzi baino lehen, eta lehen programa horrek txipekin zuzenean egiten du lan, edo maila horretan lan egiten duten beste programa batzuk jartzen ditu martxan. PCetakoak BIOS du izena, eta Mac-ean abioko kudeatzaile bat da, Open Firmware -a.
Biak daude beren ordenagailu-motei egokituta, baina, azken batean, gauza bera egiten dute. Lehenik eta behin, ekipoari begiratzen diote; jakin behar dute prest egon beharko lukeen hardwarea benetanprest dagoen ala ez --teklatua, pantailak (bat baino gehiago izan daitezke), sagua, disko gogorrak, CD edo DVD irakurgailuak, kanpo-diskoak, eskanerrak, inprimagailua eta abar--. Banan-banan bilatzen dituzte, eta zehazten dute nola komunikatuko den tresna bakoitza mikroprozesadorearekin --CPUarekin--.
Komunikazio hori berezia da; teklatuak, saguak eta abarrek edozein unetan bidal diezaiokete datu bat CPUari, CPUa beste zerbaitekin lanean ari den bitartean. Lan hori eten egin behar du jakiteko sagua gorantz mugitu dela, A tekla sakatuta dagoela edo beste antzeko zerbait. Etendura horiek mota askotakoak izan daitezke, eta bakoitzari CPUaren sarrera --ataka-- jakin bat esleitu behar zaie. Antolaketa-lan konplexua da, baina nahitaezkoa da ordenagailuak ondo funtziona dezan.
Luzea izan da, baina abiarazte-prozesua, oraindik ere, bukatzetik urruti dago; orain, sistema eragilea kargatu eta martxan jarri behar da. Galdera da: non dago sistema eragilea? Disko gogorrean? CD batean? Non? Erabiltzaileak erantzun behar dio galdera horri, hark nahi duen sistema kargatuko baitu, nahi duen tokitik; eguneroko abiatze-prozesu batean hori zehaztuta utzi du, baina horrek ez du esan nahi ordenagailuak ez duenik bilatu behar. Ordena jakin batean egiten du; adibidez, PC modelo zaharrak diskete-unitatetik hasten ziren, gero CD/DVD irakurgailuan bilatzen zuten eta bukatzeko disko gogorrean. Eta gaur egungoek ere antzeko zerbait egiten dute. Hor dago ordenagailuaren abiatze-prozesua azkartzeko aukera bat; ordenagailua behartu daiteke lehendabizi disko gogorrean bilatzeko, eta horrekin denbora aurreztu, adibidez.
Orain, ordenagailuak "badaki" non dagoen sistema eragilea, baina oraindik ere ezin du kargatzen hasi. Oraindik ere, lehen programak prestaketa txiki baina garrantzitsu batzuk egin behar ditu, sistema eragilea lanean hasteko gai izan dadin. Ordenagailuaren memorian oinarrizko egitura batzuk sortu, eta, batez ere, oinarrizko programatxo batzuk jarri behar ditu han (pantailan letrak idazten dituena eta teklatua maneiatzen duena, adibidez). Azkenean iritsi da sistema eragilea kargatzeko garaia.
Tipula informatiko baten geruza guztiak zeharkatzen dituen bidea da. Sistema eragilea ez da programa bakarra, behetik gora instalatzen den egitura handi bat baizik. Nukleo bat du -- kernel bat--, ordenagailuaren hardwarearekin komunikatzen dena, eta, geruzaka, ekintza konplexuagoak egiten dituzten beste zatiak. Noski, kernel hori kargatu arte, ordenagailuak ez du kargatuko hurrengo geruza, kernel aren softwarea behar duelako funtzionatzeko. Era berean, hurrengo geruzak aurrekoa beharko du funtzionatzeko, eta abar. Sistema eragilearen zatiak ireki eta aktibatzen ditu, beste driver eta programatxo batzuekin batera.
Ez da erraza esatea zehazki non bukatzen den sistema eragilea eta non hasten diren 'kanpoko' aplikazioak. Baina berdin du; piztearen ikuspuntutik, direnak eta ez diren batzuk kargatzen dituelako memorian.
Antolamendu horretan, kanpoko software-geruzaraino iristen da instalazioa, erabiltzailearen mailara alegia. Besteak beste, sareari lotutako zatia da, eta, erabiltzailearen identifikazioarekin bukatzen da.
Pizte-prozesua ez da guztiz bukatu. Oraindik ere erabiltzaileak berak eskatutakoa egin behar du, birusen kontrako softwarea edo beste edozein programa exekutatzea, adibidez. Bidea luzea izan da. Zain egon ondoren, iritsi da garaia; erabiltzailea ordenagailua erabiltzen hasteko garaia.