Egia esan, arrainen ugalketak liburu mardul bat idazteko adina ematen du. Ugaltze-estrategia ugari aurkitzen ditugu, eta horiek hainbat ezaugarritan islatzen dira: sexu-determinazioan, ugaltze-organoen antolakuntzan, arrautzetan, ekoiztutako gametoen eta, ondorioz, larben kopuruan, ernalkuntzan eta enbrioien garapenean, sexuen arteko harremanetan eta larben aurrean gurasoek duten arduran. Hermafroditismoa ez da salbuespena arrainetan; izan ere, 35 arrain-familia desberdinetan deskribatu da Aristotelesen garaitik. Gure itsaso eta sukaldeetan, horietariko 3 familiaren ordezkariak topa ditzakegu: serranidoak, labridoak eta esparidoak.
Ezagutzen ditugun animalia gehienak gonokoristikoak dira, hau da, ale ar eta emeak daude. Sexuen banaketa hori bi mekanismoren ondorioa da: sexu-determinazioa eta sexu-desberdintzea. Argi dago gizakian sexua genetikoki determinatuta dagoela, eta, horretarako, kromosoma sexualak ditugu. Amodioaren loterian Y kromosoma txikia egokituz gero (maskulinotasuna determinatzen du), ar izatera garamatzaten garapen-mekanismoak jartzen dira martxan.
Arrainetan, hori guztia labilagoa da. Sexu-determinazioa ez da oso ezaguna, eta arrain gutxitan ikertu da. Badakigu zenbait arrainek gutxi desberdindutako kromosoma sexualak dituztela, eta, beste espezie batzuetan sexua determinatzen duten geneak kromosoma anitzetan barreiatuta daudela. Guretzat arruntak diren arrain-mota gehienetan determinatzaile genetiko horiek dihardute. Hala, bakailaoa, legatza, hegaluzea, antxoa, sardina, berdela, txitxarroa, paneka, erreboiloa, zapoa edota izokina, haien geneen aginduei jarraituta, ale ar eta emeetan banatzen dira. Hala ere, inguruak badu, espezie horietako batzuetan, genomak determinaturikoaren gainetik, sexu-desberdintzea bideratzeko modurik (aurrerago ikusiko dugu).
Zenbait arrainen eboluzioan, gonokorismotik hermafroditismorako joera azaldu da. Arrain asko, batik bat tropiko aldean, aldi bereko hermafroditak dira. Haien gonadak zati ar eta emeetan banatuta daude, eta, beraz, espermatozoideak eta obuluak batera ekoizten dira ale heldu guztietan. Hala ere, espezie bakarra ezagutzen da, Rivulus marmoratus , zeinetan autoernalkuntza gertatzen baita. Gainerako espezie guztiek beste arrain baten obuluak ernaltzeko darabiltzate espermatozoideak. Mota horretako ugaltze-estrategia erabiltzen dute serranidoek, haien artean hemen oso maitatua den krabak. Horrelako arrain batzuetan, gametoen merkatua antolatzen da. Energetikoki askoz garestiagoa da obuluak ekoiztea espermatozoideak ekoiztea baino; beraz, obuluak beste arrain bati emango zaizkio, --espermatozoideekin ernal ditzan--baldin eta ordainetan bestearen obuluak lortzerik badago. Eta truke hori matematikoa izan daiteke, hau da, 4 obulu ematen badizkidazu, 4 obulu emango dizkizut!!
Bisigua ez da bakarra estrategia horretan, eta beste arrain esparido askok ere proterandria deritzon hermafroditismo-mota hori darabilte: urraburua, muxarra, akerra eta erla. Tropikoko koral-arrezifeetako arrain asko ere horrelakoxeak dira. Hala ere, proterandria ez dago kontrako estrategia --proteroginia, alegia, lehenengo emea-- bezain hedatua. Adibidez, zenbait mero-espezie eta durdoiak, txilibituak, dontzeilak eta karraspioak, 'gureak' diren espezieak aipatzearren, eme gisa iristen dira heldutasun sexualera,eta, adinarekin, ale batzuk ar bihurtzen dira.
Baina, zergatik? Edo, zertarako? Hermafroditismoa gonokorismotik abiatutako espezializazio ebolutibo bat da, eta, ondorioz, sexu-aldaketak nolabaiteko abantaila ekarri behar du. Aldi bereko hermafroditismoa abantailatsua da, noski, espezieko ale guztien artean banatzen baitute obuluak ekoiztearen lan nekeza; gainera, ugalketarako aukerak bikoizten dira. Esate baterako, arrain abisalek lan zaila dute itsasoaren handi eta iluntasunean bikotea topatzen. Beren ehiza-zelaietan noraezean dabiltzala, zorigaiztoko gertaera izan behar du norbere espezieko beste ale bat topatzea, eta hura sexu berekoa izatea!! Hermafroditismoak, aldiz, topaketa hori zorionerako izango dela bermatzen du, eta ugalketa bideragarri egiten du. Fenomeno hori argirik egiten ez duten hainbat espezie abisaletan ikusi da, baita Bizkaiko Golkokoetan ere.
Helduaroan sexua aldatzen duten espezieei dagokienez, indarrean dagoen hipotesiaren arabera, sexu-aldaketa tamainari lotuta dago. Hau da, handia izatea sexuetariko baten ugaltze-arrakastarako abantailatsua denean, sexu-aldaketa gerta daiteke. Horrela, espezie proterogino asko harenetan antolatuta daude; horietan, ar handi batek eme kopuru aldakorra ernaltzen du. Gure itsasoko labrido arrek, adibidez, habiak eratzen dituzte, eta ahalik eta eme gehien erakartzen dituzte horietara. Horretarako, esperma-kantitate handia ekoiztu beharra daukate. Gainera, habia eta larbak zaintzeko eta garbitzeko ardura hartu behar dute. Lan hori hobeto beteko du animalia-taldeko handienak. Edozein arazo dela medio esparru geografiko batetik arra desagertuko balitz, taldean hura ordezkatzeko ondoen hornitua legokeena emerik handiena izango litzateke. Eme horrek ugaltzeko aukerak handituko lituzke ar bihurtuta. Eta halaxe gertatzen da: taldeko emerik handienak barrabilak garatzen ditu.
Espezie proterandrikoetan, abantailatsua da emeak ahalik eta handienak izatea, arrautzak gehiago eta hobeak izan daitezen. Animaliak tamaina egokia lortu bitartean, ekoizten merkeagoak diren espermatozoideak 'manufakturatuko' ditu. Pailazo-arrainen arazoak gizakiarentzat ere arrunt bilakatu diren ñabardurak erakusten ditu. Arazoa etxebizitza eskuragarrien eskasia da. Izan ere, arrezifeetan bizitzeko dagoen anemona egokien kopurua murritza da, eta anemona horiek 'familiabakarrak' dira. Ondorioz, bikotekiderik ez duten ar heldugabeek kale gorrian bizi behar dute. Anemonaren bateko emea desagertuz gero, 'kaleko' ar heldugabe batek haren tokia hartuko du. Orduan, jadanik anemonan bizi zen arra eme bihurtuko da: iritsi berria baino handiagoa izanik, emea izateko prestatuago dago. 'Sexu-inbertsio' hori benetan 'ausarta' da, lau egun baino ez baititu behar pailazo-arrain arrak obario helduak garatzeko.
Hainbat esperimentuk frogatu dutenez, sexu-aldaketaren unea ingurune sozialarekiko sentikorra da. Bi sexuetako ugaltze-organoen garapena burmuinaren eta gonaden arteko komunikazio endokrinoaren menpe dago; horrek bermatzen du gonaden heltzea seinale fisikoekin, kimikoekin, sozialekin, zein urte-sasoiari loturikoekin bat gertatuko dela. Horretan, gonadotropinak eta estrogenoek parte hartzen dute.
Nola lortzen da hormona horien mailak aldatzea? Nola igaro testosterona ekoiztetik estradiola ekoiztera, edo alderantziz? Pailazo-arrain emearen desagertzeak bere bikotearen sexu-aldaketa badakar, edota txilibitu 'erregearen' galeraren ondorioz eme handiena ar bihurtzen bada, argi dago elkarrekintza sozialak daudela erantzun horien sorburuan. Erantzuna burmuinak gobernatu behar du, eta, dirudienez, burmuinean eta obarioetan dauden bi entzimak, aromatasek, dute horren azken ardura. Entzima horien menpe, testosterona estradiol bihurtzen da. Frogatu dutenez, sexua aldatzean aromatasak aktibatu edo desaktibatu egiten dira. Horrela, espezie proterandrikoetan, emerako sexu-aldaketan, burmuineko aromatasa aktibatzen dela ikusi dute. Entzima horiek kodetzen dituzten geneak zenbait kanpo- eta barne-faktoreren arabera erregula daitezke, horien artean, estresa, tenperatura eta hormona- eta neuropeptido-mailak.
Akuikultura gero eta industria garrantzitsuagoa da, eta noizbait ohartuko da garrantzi horretaz Euskal Herria ere, arrain kontsumitzaile handia baita. Azken urteotan, esparido berriak hazteko bideak arakatzeko programak bideratu dira espainiar estatuan. Itsas Kulturen Nazio Plan berezia ezarri zen bisiguak hazteko, eta badago enpresa galiziar bat bisiguak hazten dituena. Beste plan batek beste esparido batzuetan jarri du indarra: muturmotza, hurta eta txelba. Bisiguaren planean, adibidez, Kantabria, Asturias, Galizia eta Andaluziako autonomia-erkidegoek hartu dute parte. Euskal Autonomia Erkidegoari ez omen zaio bisigua interesatzen!!
Arrainen industrian teknologia berriak garatzeko beharra dago. Aurrerapen teknologiko horietako batzuek arrainen sexu-garapena kontuan hartu behar dute, kasu askotan komenigarria baita arrainen stock monosexualak lortzea. Kultibatutako hainbat espezie gonokoristikori dagokionez, emeek arrek baino hazkunde-tasa handiagoak dituzte, eta tamaina handiagoak lortzen dituzte, gainera. Esaterako, erreboilo emeak arrak baino % 25 gehiago hazten dira. Hori bera gertatzen da salmonidoekin eta lupiarekin ere. Tilapia edo halibut arrak, ordea, emeak baino 'azkarragoak' dira. Beraz, arrainen sexu-banaketan eragitearen aukera baliagarria da industriarentzat. Ikusi dugunez, sexu-estrategia desberdineko arrainen artean, sexuarekiko atxikimendu txikia dago. Arrainen sexu-desberdintzean inguruneak funtzio garrantzitsua betetzen duenez, eta gizakiak arrainen ingurunea baldintzatzeko aukera duenez, Jaungoikoa izatea badago.
Sexua baldintzatzen duen ingurune-faktorerik garrantzitsuena (inguru sozialaz gain) tenperatura da. Espezie termosentikor gehienetan, arrain arren kopurua tenperaturarekin batera handitzen da. Tenperatura baxuetan, aldiz, obarioen sorrera eragiten da. Lupiaren kasuan, ordea, alderantzizkoa gertatzen da. Gatibutzan hazitako lupien artean, sexu-banaketa 3:1 izaten da, arren aldekoa. Kasu horretan, tenperatura altuetan, sexuen arteko banaketa parekatzea badago, eta, hala, supermerkatuan saltzen diguten anoako pieza arinago lortzen da.
Akuikulturan, badago arrainak farmakoekin tratatzerik (tartean hormona esteroideak). Arrain gehienetan, edozein gonada-motaren aztarna histologikoa agertu baino lehen, estrogenoen gehitzeak (janarian zein uretan) arrain-populazioa eme bihur dezake. Komenigarria da hormona naturalak erabiltzea, estradiola, eta ez, adibidez, behiak gizentzeko erabiltzen diren hormona sintetikoak. Hormona naturalak metabolizagarriagoak dira, eta, beraz, biziraupen txikiagoa dute ingurunean. Gainera, tratamendu horiek oso epe motzean izan daitezke eraginkorrak; salmonidoen kasuan, esaterako, nahikoa da egun birekin. Horrela, merkaturatu orduko kanpoko estradiolaren aztarna oro desagertua legoke arrainen okelatik. Beharrezkoa da, kasu horretan, espezie bakoitzarentzat garai labila zein den jakitea, tratamendua ahalik eta gehien murrizteko.
Dosi altuko esteroide-tratamenduak, aldiz, albo-ondorioak izan ditzake, eta arrainak esterilizatu. Esterilizazioak badauka bestelako erabilgarritasunik, ordea: arrainak ez duenez gonaden garapenean inbertitzen, ale handiagoak merkatura daitezke. Merkaturatzea urte osora, heltze-sasoitik kanpo, zabal daiteke, eta okelaren kalitate egokia bermatu.
Sexua aldatzen duten espezie hermafroditetan ere badago Jaungoiko gisa jokatzeko arrazoi komertzialik edo kontserbazionistarik (birpopulazio-planak egiteko). Hainbat saio egin dira Europan mero-espezie batzuk hazteko. Meroen kasuan, nerabezarora ailegatzeko 4-5 urte behar dituzte emeek, eta arrak lortzeko 9-16 urte itxaron behar dira. Kasu horietan, tratamendu hormonalak baliagarriak izan daitezke nerabezarora, sexu-inbertsiora eta espermatozoideen ekoizpenera iristeko beharrezko denbora ahalik eta gehien murrizteko. 17 -metiltestosterona hormona erabiliz, urte biko arrak lortu dira.
Badira 50 urte egiten ez dena, baina, lehen, nire etxeko andreak astoa hartuta Bermeora joaten ziren 'bendeja', baserriko ortuariak, saltzera. Egun batzuetan, uhaza biren ordainez, bisigu eder batekin bueltatzen ziren etxera. Baina, 1988. urtean, Kantauriko portuetan ateratzen ziren 2.800 bisigu tonak 180ra jaitsi ziren. Bisigu-populazioa suntsituta zegoen, eta orain urre-prezioan saltzen zaiguna Cadiz edo Azore aldetik datorkigu. Zerk ekarri zuen desagertze hori? Erantzuna da ez dakigula. Badu bisiguaren sexu-estrategiak horretan zerikusirik? Baliteke.
Orain, eta lehen, dirua ematen duten piezak tamaina handikoak dira, bisigu emeak. Horiek non bizi ziren bazekiten, eta arrantza-indar handia jarri zen gune haietan. Ez dago frogatzerik, baina gerta zitekeen 1987. urtean populazioa bideragarri egiteko adina ale eme ez gelditzea. Horrelako arazoak leku askotan gertatu dira hainbat mero-espezierekin. Prezio onena, kasu honetan, arrek ematen dute. Ondorioz, ale arrak gehiago ustiatzen dira, eta emeen artean handienak ar bihurtzera derrigortuta daude. Gelditzen diren emeak gutxiago eta txikiagoak izanik, arrautzen eta hurrengo belaunaldien kalitatea txikiagoa da; ondorioz munduko zenbait populazio arriskuan jartzen dira.
Poluzioa eta klima-aldaketaren ondorioz tenperatura igotzea gehitu beharreko arazoak dira. Ikusi dugu zer nolako eragina duten hormonek eta tenperaturak arrainen bizi-zikloen garai berezietan. Pentsatu zenbat emakumek hartzen duten lurralde aurreratuetan haurdunaldiaren aurkako pilula; horietan, estradiolaren eragin bera duen etinilestradiol sintetikoa erabiltzen da. Pentsatu emakume horien gernuarekin batera ateratzen den hormona nora doan eta zer nolako eragina izan dezakeen gure ibai-itsasoetako faunaren sexu-desberdintzean. Gehitu horri estradiolaren eragina kopiatzeko gai diren xaboien alkifenolak edo plastikoen ftalato esterrak. Beldurra ematen du, ezta?
Nemoren filmean Bruce marrazoak dioenez, "arrainak gure lagunak dira"; zain ditzagun, kontserba ditzagun, ikas dezagun haietatik... jan ditzagun. On egin!!