Zalantzarik gabe, sexuak arrakasta handia du. Horixe berretsi du Ibon Cancio biologoak: "Ugalketa sexuala oso arrakastatsua izan daiteke, eta numeroek eta matematikek hori esaten dute". Adierazpen biribil gehienek bezala, ordea, horrek ere badu baina bat: "Baina ugalketa asexuala duten espezieen bikoizte-ahalmena askoz ere handiagoa da", zehaztu du Canciok.
Arturo Elosegi ekologoak Canciok esandakoa baieztatu du: "Hala da. Eta, gainera, asexualki ugaltzeko modu asko daude, eta denak dira oso eraginkorrak. Hala eta guztiz ere, oso espezie gutxi dira asexualki soilik ugaltzen direnak; ugalketa sexuala askoz ere zabalduago dago".
Horrenbestez, baina horiek hartuta ere, ukaezina da ugalketa sexualak asexualak baino arrakasta handiagoa duela. Hori erakusten duen datu argigarri bat eman du Canciok: "Asexualki ugaltzen diren espezieak oso goian daude zuhaitz filogenetikoan; horrek esan nahi du espezie gazteak direla, edo, bestela esanda, ez dagoela asexualki ugaltzen den espezierik luzaro irauten duenik. Berehala iraungitzen dira". Hala ere, salbuespenak ere badaudela ohartarazi du: "Adibidez, errotifero bdelloideoak. Eskandalu ebolutibo bat dira".
Eskandalua 1986an atera zen argitara, Nature aldizkariaren artikulu batean. Artikuluaren egilea John Maynard Smith biologo eta genetikaria da, eta artikuluaren izenburua, berriz, adierazgarria: "Contemplating life without sex" , hau da, Sexurik gabeko bizitza bati begira.
Maynard Smithek eskandalugarritzat jo zuen bdelloideoak hain familia zabala eta iraunkorra osatzea, sexurik izan gabe. Kontuan izan behar baita izaki urtar ñimiño horien familia oso dela ugaria (450 espezie baino gehiago biltzen ditu), eta milioika urte daramatzatela Lur planetan (200 milioi urte inguru). Hori guztia, ugalketa asexualaren bidez!
Gerora, ikertzaileek ikusi dute bdelloideoek beren fisiologia eta genetika berezien erruz dutela hain jokabide eskandalugarria. Izan ere, inguruaren kondizioak desegokiak direnean, lehortu egiten dira. Horrela, ingurua berriro aldekoa izan arte irauten dute, eta, bide batez, haien parasito guztiak hil egiten dira. Baina, horrez gain, beren genoma konpontzeko trebezia handia dute, eta, prozesu horretan, genoma berritzeko eta eguneratzeko aprobetxatzen dute. Horri esker lortu dute hain ugariak izatea eta hainbeste irautea.
Edonola ere, bdelloideoak salbuespena dira; ohikoena sexu bidez ugaltzea dela nabarmentzen dute biologoek. Gainera, Elosegik zuhurtziaz hartzen ditu halako bitxikeriak: "Agian bdelloideoak ere noizbait ugaltzen dira sexualki, guk horren arrastorik izan gabe. Horrelakoak gertatzen baitira; adibidez, onddoetan: onddo hifomizeteen taldean sartzen dira ugalketa sexualik ezagutzen ez zaien espezieak; hauek normalean asexualki ugaltzen dira, baina, noizbehinka, haietako bat modu sexualean ugaltzen hasten da eta ohartzen gara beste talde bateko onddoa dela, adibidez, basidiomizete bat. Hortaz, litekeena da bdelloideoekin ere hori gertatzea. Kontua da guk ez ditugula harrapatu sexu bidez ugaltzen ari direla; hortaz, esan dezakegun bakarra da, guk dakigula, ugalketa asexuala dutela".
"Garbi dagoena da ugalketa sexualak baduela zerbait abantaila ematen diona", dio Canciok. "Bestela, eboluzioaren ikuspuntutik, ezin da ulertu. Eboluzioa survival of the fittest bada, alegia, indartsuenak edo arinenak egiten badu aurrera, nola azaldu paumaren buztana? Tigreak errazago harrapatuko du buztan luzea duen pauma, eta, hala ere, paumarentzat ona da buztan luzea izatea, eta eboluzioak horren alde egin du. Zergatik? Buztan dotorea eta handiak sexualki ugaltzeko aukera ematen diolako, eta, hala, bere genomaren erdia ondorengoei transmititzen dielako".
Biologoen arabera, bi hipotesi nagusi daude sexu-ugalketa zergatik gailendu den azaltzeko. Bati Mullerren trinketa deitzen zaio, eta besteari, Erregina Gorriaren teoria edo hipotesia. Lehenaren arabera, ugalketa asexuala duten espezieetan, genomaren mutazioak metatzen doaz belaunaldiz belaunaldi, harik eta mutazioek bizitza eragozten duten arte. Horren aurrean, ugalketa sexualaren bidez jaiotako ondorengoek bi gurasoen geneak jasotzen dituzte, eta transmisio horretan mutatutako geneak galtzeko aukera dago.
Canciok jokurako kartekin alderatu ditu gurasoen geneak: "Nolabait esateko, ugalketa sexualean, geneak nahasi egiten dira, kartak nahasten diren bezala; horrenbestez, hurrengo belaunaldian mutazioak diluitu egiten dira."
Erregina Gorriaren hipotesia, berriz, bizkarroiei ihes egitean oinarritzen da. Alizia ispiluaren bestaldean liburuan agertzen den erregina bezala, banakoak lasterka egitera behartuta daude, leku berean geratzeko. Ez badute lasterka egiten, bizkarroiek harrapatu eta suntsitu egingo dute. "Banakoek amaren bizkarroiak ere jasotzen dituzte oinordetzan. Bizkarroi horiek amari ezin hobeto daude egokituta, eta, beraz, banakoa infektatzeko prest. Baina, ugalketa sexualari esker, sortzen den banako hori desberdina da gurasoekiko, eta bizkarroiek ezin dute infektatu", argitu du Elosegik.
Elosegiren esanean, zabalduta dago ugalketa sexualaren funtsa aldaera asko sortzea dela, "ez jartzeko arrautza guztiak saski berean". Horrek zentzua omen du ondorengo asko izaten dituzten espezieetan, baina ez gureak bezala ondorengo gutxi izaten dituztenetan. "Erregina Gorriaren teoriaren arabera, berriz, ondorengoa gurasoetatik desberdina izatea da gakoa; ondorengo bakarra izanda ere, gurasoekiko desberdina bada, abantaila da".
Dena dela, amarekiko oso desberdina izatea ere txarra dela zehaztu du Elosegik: "ama, den bezalakoa izanda, bizirik badago, zerbaitegatik izango da; beraz, oso desberdina izatea txarra da. Baina oso berdina izatea ere kaltegarria da, patogenoak juxtu horretara egokituta baitaude".
Bi hipotesiak bateragarriak direla uste du Canciok. "Badaude frogak bai bataren bai bestearen aldekoak". Esaterako, Mullerren trinketa frogatzeko mikroorganismoekin ikerketa asko egin direla aipatu du Canciok, nahiz eta haietan sexua "bestelakoa" dela nabarmendu duen Elosegik: "Bakterioetan sexua ez da gurasoen artekoa, kumeak sortzeko, baizik eta bi bakterioen elkarketa, non batak besteari plasmido bat ematen dion eta hark batari beste gene-multzo bat".
Edonola ere, bai bakterioekin egindako ikerketetan, bai ugalketa sexuala eta asexuala txandakatzen dituzten espezieekin egindakoetan, badaude Mullerren trinketaren aldeko frogak.
Eta gauza bera gertatzen da Erregina Gorriaren hipotesiarekin. Hori frogatzen duen ikerketetako bat 2007an argitaratu zen, Nature aldizkarian. "Host-parasite 'Red Queen' dynamics archived in pond sediment " da artikuluaren izenburua, eta Daphnia ur-arkakusoaren eta haien parasitoen arteko koeboluzioa azaltzen du. "Hortaz --dio Canciok-- seguru asko bien arteko jolas bat da; ez dakigu zer ehunekotan eragingo duen batak edo besteak, baina biek, Mullerren trinketak eta Erregina Gorriaren lasterketak, izango dute eragina".
Ur-arkakusoak utzi, eta giza espeziera egin du jauzi Canciok: "Guk 30.000 gene ditugu, gutxi gorabehera. Horietatik, gure histokonpatibilitate-konplexu nagusien geneak dira polimorfikoenak, beste banakoetatik diferenteenak. Hain juxtu, gene horiek kodetzen dituzte parasitoen aurka erabiltzen ditugun armak".
Are gehiago: gene horiek beraiek sortzen dute gorputzaren usaina. Eta gizakiak dituen geneetako asko, 3.000 inguru, usaimen-hartzaileak dira. Hori esanda, azalpenarekin jarraitu du Canciok: "Berez, ez du ematen usaimen-ahalmen handirik dugunik, baina 3.000 gene ditugu horretarako, eta usaintzen duguna da histokonpatibilitate-konplexu nagusia. Hala, usaimenaren bidez, gurearekiko histokonpatibilitate-konplexu nagusi desberdinena duen bikotekidea bilatzen dugu, harekin seme-alabak izateko. Horrenbestez, seme-alabek bien nahasketa izango dute".
Elosegik esaldi batean laburbildu du Cancioren azalpena: "Maitasuna itsua da, baina ez usaingabea". Horren harira, Estatu Batuetako GenePartner konpainia ekarri dute gogora. Konpainiaren webgunean azaltzen denez, Bernako Unibertsitateko Claus Wedekind ikertzaileak egindako esperimentuan oinarritzen dira.
Esperimentu hartan, zenbait emakumezkok elastiko batzuk usaindu zituzten, eta, jarraian, usain erakargarriena zuenetik nazkagarrienera ordenatu behar izan zituzten. Elastiko horiek gizonezko batzuek eraman zituzten jantzita, hiru egunez jarraian, eta, beraz, elastiko bakoitzak jantzita eraman zuen gizonaren usaina zuen. Bada, emaitzen arabera, beraienarekiko histokonpatibilitate-konplexu nagusi desberdinena zuten gizonezkoen usaina zen erakargarriena emakumezkoentzat.
Hori aintzat hartuta, GenePartnerrek bezeroen histokonpatibilitate-konplexu nagusiaren geneak aztertzen ditu, eta, alderdi horretatik, genetikoki desberdinenak diren bikoteak sortzeko aukera ematen du. Gene Partnerrenen esanean, "hartara, harreman egonkor eta atsegin baterako oinarriak jartzen dira". Gainera, haur osasuntsuak izango dituztela baieztatzen dute.
Baina sexuak baditu alde txarrak ere. Horietako bat, trukean ordaindu beharreko prezioa da, Elosegiren ustez: "Prezio ebolutiboa oso garestia da. Izan ere, kumeen erdiak ez dira ugalduko. Gehienez ere, lortuko dute eme bat estaltzea eta hura ernaltzea. Baina kumeen erdiak arrak dira, eta arrek ez dute kumerik izaten".
Eta egoera are korapilatsuagoa da bi sexu baino gehiago dituzten espezieetan. Hain zuzen, Canciok milaka sexu desberdin dituzten onddo batzuk aipatu ditu ( Schizophyllum commune ): "Normalean bi sexu bereizten dira, ekoizten dituzten gametoen neurriaren eta kopuruaren arabera: gameto asko eta txikiak sortzen dituztenak arrak dira, eta handiak eta bakanak ekoizten dituztenak, emeak. Onddo horiek, baina, hainbat eta hainbat aldaera dituzte; horietako bakoitza sexu bat da".
Hain urrutira joan gabe eta bi sexu bakarrik izanda ere, batzuk gameto handi eta bakanak sortzen eta besteak gameto asko eta txikiak ekoizten espezializatuta egoteak asimetriak dakartzala esplikatu du Elosegik: "Emeak arrak baino askoz ere gehiago inbertitu du bere gametoan, eta ez bakarrik energetikoki. Hain zuzen, galdutako aukerak ere inbertsio bat dira; hau da, emeak, ernaltzean, denbora-tarte luze baterako berriro ernari geratzeko aukera galtzen du, eta hori ez zaio gertatzen arrari. Hortaz, arraren eta emearen interesak ez datoz bat".
Bestalde, nahiz eta mutazio batzuk galtzeko aukera ematen duen, berez, meiosia gertatzen denean trisomiak eta beste irregulartasun batzuk gertatzeko arriskua oso handia da. "Halakoak askoz ere ugariagoak dira ugalketa sexualean asexualean baino. Hori koste bat da", esan du Elosegik.
"Horrez gain, bikotea topatzeko lana dago", gehitu du Canciok. Pirinioetako hartzarekin gertatutakoa ekarri dute gogora bi biologoek: azkenean jaio ziren guztiak arrak izan ziren, eta horrek populazioa galtzea ekarri zuen.
Bai, sexua garestia da. Baina nolakoa litzateke mundua sexurik gabe? Elosegik erantzun biribila eman du: "Zeharo aspergarria izango litzateke. Begiratu ingurura, eta ikusten dituzun egitura eta portaera deigarrienek, bitxienek eta nabarmenenek sexuarekin zerikusia dute: txorien kantuak, lumen koloreak, mandrilen ipurdia, dantza ikusgarriak... Sexurik gabe, akabo hori dena. Mundua oso grisa izango litzateke".