Neandertalen gaitasunen inguruko eztabaida ez da gaurkoa. Hamarkada luzeetan zehar neandertalei buruzko irudi ezkor samarra zabaldu izan zuten adituek. Gizaki modernoarekin alderatuta ahalmen apalagoak aitortzen zizkieten gizaki zahar haiei eta, besteak beste, adierazpen sinbolikorako gai ez zirela defendatzen zen.
Azken hamarkadako aurkikuntzek irudi hura aldatu egin dute. Hala ere, aldaketa ez da bat-batekoa izan eta eztabaida zientifiko sutsuak piztu izan ditu. EHUko ikertzaile Marcos García Díezen ustez, eztabaida horren oinarrian "antropologia eta arkeologia arloetan mendeetan gailendu den filosofia dago". Linneok finkatu zuen gizaki modernoaren izen zientifikoa XVIII. mendean. Homo sapiens izenaren esanahia gizaki jakintsu, gizaki erreflexiboa da. Nor bere ekintzen jabe den gizakia, alegia. "Orain hamabost urte arte, baieztapen hori ikerketaren axioma bat zen, ezin zitekeen zalantzan jarri", ohartarazi du García Díezek. "Norbanakoaren kontzientzia erakusten zuten jarrera sinbolikoak edo abstrakziorako gaitasuna, sapiens gizakiari bakarrik zegozkion. Baieztapen horrek arkeologia baldintzatu du".
Baina, azken hamarkadan, neandertalen hainbat aztarnategitan zintzilikarioak, koloratzaileak, arte-lan mugikorren piezak eta hilobiratzeen arrastoak aurkitu dituzte. Guztiak ere neandertalen adierazpen sinbolikorako gaitasunarekin harreman zuzena duten elementuak dira eta, ondorioz, zientzialariek neandertalen sinbolismorako gaitasuna onartu dute.
Euskal Herrian hainbat neandertalen aztarnategi indusi eta ikertu dira. Arrasateko Lezetxiki da horietako bat. EHUko irakasle Alvaro Arrizabalaga izan da azken hamarkadetan aztarnategiko indusketa-lanen zuzendaria. Koloniako Unibertsitateak eta Neanderthal Museoak gonbidatuta bi hilabeteko egonaldia egin berri du Alemanian eta bere burua "oso neandertalzale" definitzen du. "Ez zuten ez ezintasun fisikorik ez gaitasun ezik", adierazi du ehun mila urte baino gehiagotan Europan bizi izan ziren gizaki haiek definitzean.
Hala ere, sinbolismoari buruz hitz egiten hasi orduko, Arrizabalagak ezinbesteko ikusten du zehaztapena egitea: "Sinbolismoa ez da fosiltzen, eta gu fosiltzen dena interpretatzen gara adituak". Lengoaia, pigmentu, zintzilikario eta apaingarrien erabilera, hilobiratzeak eta labar-artea maila ezberdineko jarduera sinbolikoak dira, eta banan-banan aztertu nahi izan ditu Arrizabalagak, neandertalen sinbolismoari buruz hitz egitean.
Hizkuntzaren erabilerari dagokionez ez du inolako zalantzarik. Dioenez, neandertalek harremanetarako eta pentsamenduak adierazteko hizkuntza erabiltzen zuten. "Ez dago zalantzarik, bazuten lengoaia". Iritzi berekoa da Burgosko Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroan (CENIEH) lan egiten duen Joseba Rios arkeologoa: "Harrizko lanabesak aztertuz gero, ikusten da ikasketa prozesuak beharrezkoak izan zirela. Tresna konkretu batzuk era jakin batean egiteko ezagutzaren transmisioa egon behar izan zen, eta, horretarako, seguruenik hizkuntza erabili zuten".
Heriotza adierazpen sinbolikorako esparru garrantzitsua da gizaki modernoen artean. Zientzialarien ustez, neandertalen artean ere hala izan zen. Zenbait aztarnategitan aurkitu diren hilobiratzeak horren froga lirateke. "Hileta-portaera ez zen unibertsala izan, baina neandertal batzuek izan zuten", zehaztu du Arrizabalagak. "Gainera, kontuan izan behar da hiletekin lotutako portaera batzuk ez direla fosiltzen".
Riosek ere orokortasunak saihestu behar direla uste du: "Garai ezberdinetan eta leku ezberdinetan neandertalak ezberdinak izan ziren". Neandertalak Europan 100.000 urtez bizi izan ziren. Denbora-tarte luze horretan aldatu egin zen, garatzen joan zen. "Neandertalek utzitako tresnek gizarte-antolaketa ezberdinak adierazten dituzte, espazio-, lurralde- eta tresna-antolaketa ezberdinak", dio Riosek. Neandertalen gizarte guztiek ez zuten, beraz, portaera bera izan, ez zioten heriotzari berdin aurre egin eta gizatalde haietako batzuek, ez denek, hildakoak hobiratu zituzten.
Pigmentu, zintzilikario eta bestelako apaingarrien erabilera aztertzean arazoak gehitu egiten dira, eta eztabaida zientifikoak suspertu. "Piramide bat irudika dezagun --azaldu du Arrizabalagak--. Piramide horren oinarrian zabaldutako portaera sinbolikoak daudela pentsatzen badugu, lengoaia maila horretan dagoela esango dugu. Piramidean gora egiten dugun heinean, portaera sinbolikoak urritu egingo dira. Hilobiratzeak bigarren maila batean leudeke; orokorrak ez baina ugariak diren portaera sinbolikoak direla esan daiteke. Baina zintzilikarioak goragoko maila batean aurkitzen dira. Hau da, urriak dira, eta zientzialari guztiak puntu horretan ez datoz bat".
Arrizabalagak berak defendatzen du neandertalek apaingarriak erabili zituztela. "Lezetxikin bertan badago Mediterraneotik ekarritako maskor gorri bat. Nire ustez, maskor hori zintzilikario moduan erabili zuten eta horrek froga dezake Lezetxikin bizi izan ziren neandertalek zintzilikarioak erabili zituztela. Baina piramidearen gailurrera iristen ari garela kontuan izan behar da --erantsi du--. Hau da, gero eta arraro eta urriagoak diren portaera sinbolikoei buruz hitz egiten ari gara".
García Díezek ere frogatutzat ematen du neandertalek zintzilikarioak erabili zituztela. "Zintzilikarioak ez dira bizi-irauteko ezinbesteko elementuak. Estetikaren arloarekin dute harremana, baita taldean nabarmentasuna lortzearekin --dio ikerlariak --. Koloranteek ere erabilera asko izan ditzakete, besteak beste, gorputza apaintzeko aproposak dira; zenbait aztarnategi neandertaletan gorputzak igurzteko erabilitako koloranteak aukitu dituzte. Horrek adierazten du, zeharka bada ere, duela 50.000-60.000 urte hori egon bazegoela".
Aztarna gutxi aurkitu izanaren arrazoia neandertal populazioen dentsitate urria da, García Díezen ustez. "Sapiens populazioekin alderatuz, neandertalak urriagoak izan zirela badakigu. Beraz, aztarna gutxiago aurkitzeak, ez du esan nahi giza-talde horietan sinbolismo adierazpen horiek erroturik ez zeudenik. Giza-dentsitate txikiago badago, aztarna gutxiago aurkituko dugu".
Azkenik, Arrizabalagak deskribatu duen piramidearen gailurrean labar-artea legoke. Cantabriako El Castilloko kobako datazio berrien egileek neandertalek haitzetan haien arrastoa utzi zuteneko hipotesia mahai-gainean jarri dute. García Díezek azpimarratu duenez, "litekeena da neandertalek labar-artea egiteko gaitasuna ere izatea. Gaur egun arte ez da inon frogatu neandertalek irudi bat ikusi, garunean prozesatu eta plastikoki adierazteko gaitasuna zutenik. Guk puntuak, eskuak, zeinuak ikusten ditugu. Kontestu horretan ez litzateke harritzekoa izan behar neandertalek gaitasun hori izatea".
García Díez ikertzailearentzat esanguratsua da, gainera, Europako zenbait aztarnategi neandertaletan hezur eta harri txiki apainduak aurkitu izana. "Marra paralelo eta puntuen segidez apaindutako piezak dira, duela 60.000 eta 42.000 urte artekoak. Horrelako piezak apaintzeko gaitasuna bazuten, zergatik ezin zituzten egin El Castilloko koban datatu dugun 40.400 urteko diskoaren moduko zeinuak?".
Arrizabalagaren eta Riosen ustez, ordea, datazio berriek ez dute horrelakorik frogatzen. Ezin da esan neandertalek labar-artea egin zutenik. "Orain arte dagoen informazioaz inolaz ere ez", esan du zalantza izpirik gabe Arrizabalagak. "Nik beti pentsatu dut neandertalak gaizki tratatu izan direla. Gerta daiteke etorkizunean datazio berriak izatea eta, agian, gertatuko da. Baina gaur egun dugun informazioa kontuan izanik ezin da horrelakorik esan".
"Aukera, egon, badago. Portaera sinbolikoa bazuten, eta, ondorioz, aukera badago. Baina nire ustez aukera hori oso txikia da, --erantsi du Riosek--. Bazuten sinbolismorako gaitasuna eta, behar bada, labarretako artea egiteko gaitasuna ere bazuten. Baina gaitasuna izan ez ezik, artea garatzeko baldintza historikoak eman behar dira. Gaitasun biologiko jakin batzuk izan behar dira artea eta sinbolismoa garatzeko, abstrakziorako. Baina horretaz gain, esanahi soziala ere badu arteak, eta giza talde guztiek ez dute garatu arte iraunkorra, ezta giza talde modernoek ere".
Neandertalek ehun mila urte baino gehiagoko historia izan zuten. Europa eta Asian bizi izan ziren eta oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak medio, haien bizitokia Iberiar penintsulara mugatu eta gero, desagertu egin ziren. Horren historia luzea izan zuen giza espezieak aztarna ugari utzi zituen. Aurkitu, aztertu eta interpretatu izan diren aztarnak eta orain arte dagoen ezagutza kontuan izanik, "erlatibizatu egin behar da El Castilloko irudiak neandertalek egin zituztela esaten duen interpretazioa --ohartarazi du Arrizabalagak--. Gutxieneko ziurtasun-neurriak hartu behar dira, baieztapen hori orain arte daukagun errealitate guztiari kontrajartzen zaiolako. Oso oso pintura zaharra da, baina datazio berriak beharrezkoak dira. Datazioak 6-7 tokitan izan arte, ezin da esan neandertalek labar-artea egin zutenik", gaineratu du Arrizabalaga irakasleak.
Riosen ustez neandertalen eta gizaki modernoaren artean desberdintasunak egotea ezinbesteko da, eta "adierazpen sinbolikorako gaitasunean agerikoak dira ezberdintasunak. Europara iristen diren lehen gizaki modernoak, iristen diren momentutik edo handik oso gutxira, adierazpen sinbolikorako gaitasun harrigarriak garatzen dituzte. Ia aztarnategi guztietan agertzen dira zintzilikarioak, apaindutako tresnak, lehen artelanak, margotutako animaliak, Chauvet-eko kobako margolan bikainak, adibidez. Eta neandertalak hori egiteko ez ziren gai izan edo, ez dute behintzat, horren aztarnarik utzi", azpimarratu du Riosek.
García Díezek parte hartzen duen ikerketa-taldeak hurrengo hilabeteetan labarretako margoen datazio berriak egingo ditu. Neandertalek labarretako artea egin ote zuten argitzea izan daiteke lanaren emaitzen ondorioetako bat.