Muinean gizartea

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Batak besteari begietara begiratu eta aurrekoak zer pentsatzen zuen intuitu zuenean sortu omen zen gizakia. Besteen adimenaren teoria eraikitzeko gaitasuna esaten zaio horri, eta gizakia, zerbaitetan bada trebea, horretantxe da: ingurukoek pentsatzen dutena igartzen saiatzen da, oharkabean, eta gustuko du.
Muinean gizartea
2010/05/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Eduardo Fano EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea da. Psikobiologoa da eta aditua da, besteak beste, giza etologian, giza portaera ikertzen duen biologiaren atalean. Bere ikerketa-gaien artean daude psikoneuroimmunologia, estres soziala eta jokaeraren endokrinologia.
Arg.: Jon Urbe/ARGAZKI PRESS.

Pertsona, funtsean, animalia da. Giza etologiaren begitik, jokaerak bereizten du gizakia beste animalietatik, eta, zehatzago esateko, jokaera hori eta bizi den inguruneari egokitzeko gaitasuna posible egin dituen garunak.

Dena dela, gizakia beste animalietatik zerk bereizten duen erabaki nahi bada, lehenengo komeni da konparaketa noren artean egingo den erabakitzea. Animalien artean, normalean txinpantzeak hartzen dira, hots, ohiko txinpantzea eta bonoboa; eboluzioan gizakiarengandik gertuen dauden espezieak direlako, eta haien gaitasunak gizakiarenarengandik gertuen daudelako printzipioz.

Gizakia txinpantzeen aldamenean jarritakoan, gizakiaren obrarik handienak aipatzeko joera izan daiteke: sinfoniak idazten ditu, ingeniaritza lan handiak egiten ditu, Ilargiraino iritsi da... eta horrelakoak. Baina Eduardo Fano psikobiologoaren arabera, "beharbada argiago ikusten dugu aldea inguratzen gaituen hori guztia kenduta". Horregatik, ehiztari-biltzaileen gizarte hauek proposatzen ditu konparaketarako: yanomamoak, hadzak, boskimanoak, acheak eta abar, hau da, naturatik gertuago bizi diren herriak, idazkerarik ez dutenak eta gizarte modernoak duen gainjartze kultural hori gabekoak.

Kultura ez, garuna

Kulturak bereizten du gizakia gainerako animalietatik, antropologiaren eta beste zientzia-alor askoren arabera. Baina Fanoren esanean, psikobiologiaren ikuspegitik, badira kultura edo jokaera kulturala duten animaliak. "Kultura baldin bada transmiti daitekeen informazio-gorputz bat, geneetan idatzita ez dagoena eta gizabanakoari eta espezieari bere bizitzan laguntzen diona; orduan, txinpantzeak ere badu horrelakorik. Eta txinpantzea talde horretan sartzea nahi ez badugu, kulturaren definizioa moldatu beharko dugu". Horregatik, ez du uste kultura benetan bereizgarria denik, baizik eta kultura hori ahalbidetu duen prozesamendu-sistema, garuna, alegia.

Tanzaniako Ugalla eskualdean, txinpantzeek irudiko adarrak erabili izan dituzte lur azpiko sustrai, tuberkulu eta erraboilak ateratzeko. Arg.: Ugalla Primate Project.

Kontua da garunaren zer ezaugarrik, gizakiaren zer gaitasunek bereizten duen benetan txinpantzetik. Fanoren ustez, hiru dira gaitasunak horiek: hizkuntza, gauzak manipulatzeko gaitasuna eta bere arloari bete-betean dagokion bat, adimenaren teoria eraikitzeko gaitasuna.

Adimenaren teoriak eraikitzeko gaitasuna da kognizio sozialaren oinarri nagusietako bat. Pertsona batek, egunero, inolako zailtasunik gabe egiten duen zerbait da. Pertsona bakoitzak beste batek pentsatzen duenari buruzko teoria bat izaten du buruan. Nolabait aurrean daukanarekin izandako bizipenak, harremanak, hari buruz kontatu dizkiotenak... haren historia barneratua dauka azken finean, eta horren arabera jokatzen du. "Hori guztia egunero egiten dugu, etengabe eta inongo problemarik gabe. Nik eraiki behar dut besteen adimenaren teoria bat; eta jakin behar dut dauzkadan datuen arabera zer probabilitate daukazun zuk modu batean edo bestean jokatzeko. Eta gizakiok gaitasun hori badaukagu, eta zalantza dago txinpantzeek ote duten ala ez".

Ikerketarako eredu gisa, ahozko kultura soilik duten herriak erabiltzen dira, tribu ehiztari-biltzaileak, yanomamoak, esate baterako. Arg.: Fiona Watson/Survival.

Txinpantzeek adimenaren teoria baduten frogatzeko, hainbat proba egin izan dira laborategian. Frans de Waal primatologo eta etologoak egindako ikerketek erakusten dute txinpantzeak gai direla engainurako, kalkuluak egiteko... "baina esperimentu zorrotzak egin direnean, batzuetan kale egin dute, eta nolabaiteko polemika dago. Nik uste dut badutela --argitzen du Fanok-- hortik eraikitzen delako gizarte konplexu batean bizitzeko gaitasuna; baina frogatzea zaila da". Hain zuzen ere, gizakiaren gaitasun hori, adimenaren teoriak eraikitzea, alegia, gizartean bizitzearen ondorioa da.

"Orain dela oso gutxi arte 50-100 laguneko komunitateetan bizi izan gara, gutxi gorabehera --kontatzen du Fanok-- eta, horretarako, nahikoa da bi gaitasun hauekin: hizkuntzarekin --sintaxiduna eta gramatikala-- eta bestearen jokaeraren ideia-eredu bat eraikitzeko gaitasunarekin". Horiei gehitzen badiegu tresnak eta horiekin ingurunea manipulatzeko gaitasuna, hiru faktore horien elkarrekintzak bata bestea indartzen ditu, eta gaitasun gehiago lortzen dira. "Espiral bat sortzen dute; hizkuntza garatzen dugun unetik aurrera, gure ezagutza eta informazioa pilatuz joan daiteke garunean, eta, hurrengo urratsean, idazkera-eta agertzen direnean, lehertu egiten da kulturaltasun hori".

Horregatik da hain interesgarria eredu gisa idazkerarik ez duen herri bat erabiltzea, "joaten bagara naturarekiko gertuen dauden tribuetara, ikusi behar dugu zer desberdintasun duten horiek txinpantzeen kulturekiko; horri erreparatu behar diogu, tribu horiek ere gizakiak baitira, eta geroago eraiki den horrek guztiak ez baikaitu gizakiago egiten".

Yanomamo
Amazoniako talde indigena bat dira yanomamoak. Brasilen eta Venezuelaren arteko mugako oihanetan bizi dira. Eta, hain zuzen ere, beren bizilekua hain urrunekoa eta iristeko zaila izateagatik izan dute harreman gutxi beste kultura batzuekin. Hori dela eta, ikerketarako talde eredua izan da.
Yanomamo izenez bataiatu zituen antropologo estatubatuar batek, haien hizkuntzan "gizaki" esan nahi duen hitzarekin, alegia.
Rementeria Argote, Nagore
3
264
2010
5
022
Biologia; Zoologia
Artikulua
42
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila