Hirien aztarna ingurunean

Belaustegi Irazabal, Ainara

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Populazioaren hazkundea beste inon baino nabarmenagoa da hirietan. Gaur egun, munduko populazioaren erdia inguru bizi da hirietan, eta, martxa honetan, 2030erako % 60 baino gehiago izango dira. Hazkunde horrek, ia oharkabean gertatzen bada ere, aztarna galanta uzten du ingurunean.
Hirien aztarna ingurunean
2005/11/01 | Belaustegi Irazabal, Ainara | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: R. Lopez)

Hiriak ingurunean duen inpaktuari erreferentzia egiteko erabiltzen da, hain justu, aztarna ekologikoaren kontzeptua. Aztarna ekologikoa hiri batek bere biztanleria mantentzeko behar duen lur-azalera emankorra da. Lur-azalera emankor horrek ematen dizkio hiriari bere biztanleria mantentzeko behar dituen baliabideak, alde batetik, eta hiri horrek sortzen dituen isuri eta hondakinak xurgatzeko ingurunea, bestetik.

Gaurko hirien aztarna ekologikoa ikaragarria da. Londresek Erresuma Batuan duen aztarna ekologikoa, esaterako, hiriaren beraren azalera baino 120 aldiz handiagoa da. Eta hiria zenbat eta gehiago hazi, orduan eta handiagoa egiten da haren aztarna. Baina, kontuz, demografia-hazkundeak ez ezik, beste hainbat faktorek ere hartzen dute parte hirietako aztarna ekologikoan. Eta horien artean, lekuan lekuko ekonomiak du agian, eraginik handiena; izan ere hiriko azpiegitura eta kontsumo-profila haren menpe daude. Begira, bestela, hiri industrializatuen eta garatze-bidean daudenen artean dagoen aldeari. Ipar Amerikako 650 mila biztanleko hiri batek 30.000 kilometro karratu lursail behar ditu; Indian, aldiz, biztanle-kopuru bereko hiriak 2.800 kilometro karratu behar ditu. Ulergarria da oso; hiri industrializatuetan, per capita kontsumoa askoz handiagoa da, eta, ondorioz, baita sortzen duten hondakin-kantitatea ere. Gainera, hiri aberatsen kudeaketa-plana askoz hobea da.

Dena dela, munduko hiri guztietan fenomeno komun bat ari da gertatzen. Alegia, hirietako azpiegitura eta kudeaketa populazio-hazkundea baino askoz motelago doaz, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktua asko handitzen da. Horren adibide dira uraren eta zaborraren kudeaketa txarrak sortzen dituen arazoak, besteak beste.

Hiriak ingurunetik lortzen ditu ura, elikagaiak eta energia; ingurunera isurtzen ditu, halaber, sortzen dituen hondakinak.
Artxibokoa

Ura agortzen

Urbanizazioak asko emenda dezake ur gezaren erabilera ( per capita ). Pentsa, edateko uraren % 60 hirietara doa (ia erdia hiritarrek kontsumitzen dituzten laboreak ureztatzeko, herena industriarako eta bestea edateko eta garbitasunerako).

Hirietako ur-kontsumo handiaren arrazoi nagusietakoa bidean galtzen den ura da. Gehiena nekazaritzarako ureztatze-sistema eskasen ondorioz galtzen da, baina hirietako ur-sistemetako hodietako ihesek eta lotura ilegalek ere galera handiak eragiten dituzte; herrialde azpigaratuetako hiri askotan, edateko uraren % 40-60 galtzen da horrela, eta herrialde industrializatuetan ere edateko uraren laurdena galtzen da. Dena dela, azken horietako hiri batzuetan, banaketa-sareak berriztatu egin dira, eta, ondorioz, ur-galerak % 10era jaitsarazi; horren adibide da Gasteiz, esaterako.

Londresko Water Aid erakundearen arabera, munduko hiri handienak ur-hornikuntzak agortzen ari dira. Hiri batzuek, haien artean New Delhi, Santiago eta Mexiko Hiria, ura gero eta inguru urrunagoetatik ponpatzen dute. Txinako, Hego Amerikako eta Asia hegoaldeko hainbat hiritako maila freatikoak, bestalde, urteko metro bat baino gehiago ari dira jaisten.

Herrialde azpigaratuetako hiri askotan, edateko uraren % 40-60 galtzen da bidean.
MEC

Azkeneko 70 urteetan, munduko populazioa hirukoiztu egin da, uraren erabilera aldiz, seikoiztu. Bide horretatik, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, 2050erako uraren erabilera hirukoiztu egingo da. Baina ura baliabide mugatua da, eta, zaintzen ez bada, ur falta arazo garrantzitsua izango da etorkizunean. Falta horrek Afrikaren iparraldean eta Asiaren mendebaldean eragingo du arinen.

Ingurunea zabortegi

Hirien hazkundearekin batera, baliabideen kontsumoak gora egiten du, eta, ondorioz, baita hondakinen ekoizpenak ere. Hain justu, hiriak maneia ditzakeen baino askoz hondakin gehiago ekoizten dituenean dator benetako arazoa.

Hondakin solidoak hiri inguruko zabortegietara botatzen dira sarritan. Modu horretara, landa-lur asko hirietako hondakinen biltegi bihurtzen dira. Eta zabortegi horiek, ondo kudeatu ezean, baliabide hidrikoak eta ekosistema guztia polui ditzakete.

Hirietako hondakin-urek eta emisioek ingurumen-inpaktu handia eragiten dute.
MEC

Dena dela, hondakin solidoek ingurumenean eragiten duten inpaktuaz gero eta gehiago jabetzen gara, birziklatzeak gero eta indar handiagoa du. Bai, behintzat, hiri industrializatuetan. Latak, botilak, plastikoa eta papera hiri askotan birziklatzen dira gaur egun. Ez da berdin gertatzen, ordea, garatze-bidean dauden hirietan. Horiek ez dute era horretako baliabiderik. Hala ere, hango pobreziak eraginda, lagun askok bizi ahal izateko biltzen dute zaborra. Bangaloren, esaterako -Indiako hiri handienetako bat da-, 30.000 tona zabor inguru ekoizten dira egunean. Horietatik 27.000 tona inguru hiritarrek birziklatzen edo berrerabiltzen dituzte. Hortaz, hiriak 3.000 tona zabor desegin behar ditu egunean.

Hondakin solidoen ekoizle izateaz gain, atmosferara isurtzen diren gasen erantzule nagusi dira hiriak. Gas horiek, batez ere, autoen eta hiriko beharrizan elektriko handiaren ondorio dira. Gainera, hurrengo mende-laurdenean gas-emisioak % 60 ugarituko direla kalkulatzen da. Gas horiek, eta batez ere karbono dioxidoak, berotegi-efektua eragiten dute. Klima-aldaketako adituen gobernuarteko taldeak 1995ean argitaratutako txostenaren arabera, munduko tenperatura 1 eta 3,5 Celsius gradu bitartean igoko da hurrengo mendean.

Ezin ahaztu ezta ere hiriko hondakin-urak. Mundu mailan, hiri-eremuetako ur beltzen heren bi laku, ibai eta itsasertzetara isurtzen dira, inolako tratamendurik gabe; horrek ur-ekosistemetan poluzio handia eragiten du. Herrialde azpigaratuak dabiltza okerren, haietako hiri gutxik dute estolderia-sistema egokia eta. Asian, esaterako, hondakin-uren % 35 inguru tratatzen dira, eta Hego Amerikan eta Kariben, % 14 inguru baino ez.

Hiri jasangarriaren premia

Zabortegiek, ondo kudeatu ezean, baliabide hidrikoak eta ekosistema guztia polui ditzakete.
Artxibokoa

Zer eta nola ekoizten eta kontsumitzen duten hiritarrek... hortxe dago gakoa. Natur baliabideak neurriz gain ustiatzen eta ingurumenean mundu mailako poluzioa eragiten dihardu gizakiak. Baina, orain arte bezala jarraituz gero, ingurumenak berak geraraziko du gizakia; izan ere, baliabide naturalak mugatuak dira eta klima-aldaketak kalte handiak sorraraz ditzake.

Hiri berdea, ekohiria edo hiri jasangarria. Nahi den moduan deitu. Erabat beharrezkoa da garraio-sistema egokia, birziklatzea, hondakinen murrizketa eta energia berriztagarriak bultzatuko dituen hirien garapena. Gaur egun, badira gisa horretako hiriak munduan; Friburgo (Alemania) da, agian, aipagarrienetakoa. Han, 70eko hamarkada hasieratik hartu izan dira garapen jasangarria helburu duten neurriak. 1970etik 1973ra bitartean bidegorriak egin zituzten, tranbien sarea hobetu zuten eta hirigune guztia oinezkoentzat prestatu zuten. 1991n bono berezia sortu zuten hiri barruan zein inguruan nahi beste garraiobide publiko prezio finko batean erabiltzeko.

Hiri berdeetan garraio publikoa eta bizikleta erabiltzea bultzatzen da.
MEC

Bizikletak Friburgoko garraiobide garrantzitsuenak dira. 1970etik gaur arte, 29 km bidegorri izatetik 500 kilometro bidegorri izatera pasatu da. Bestalde, Alemaniako eguzki-hiri bezala ezagutzen da Friburgo. Gaur hirian erabiltzen den elektrizitatearen % 5 dator iturri berriztagarrietatik, eta, horrela jarraituz gero, 2010ean % 10era iristeko helburua beteko du. Horretarako, noski, hango gobernuak diru-laguntza egokiak ematen ditu eguzki-panelak jartzearen truke. Hondakinei dagokienez ere, horiek birziklatzeko azpiegitura egokiak ditu Friburgok.

Baina ez pentsa munduan gisa horretako hiri bakarra Friburgo denik. Beste hiri batzuek ere, Heidelberg-ek, Oslok edo Stockholmek esaterako, pauso garrantzitsuak eman dituzte ingurumena errespetatzeko. Beste hainbat hiri pauso txikiak ematen hasiak dira.

Dena dela, hirien gehiengoa garapen jasangarritik oso urruti dabil oraindik. Hortaz, bide luzea dugu aurrean.

Ingurumena eta osasuna
Munduko heriotzen % 20-25 gaixotasun kutsakorrek eraginda gertatzen dira. Ingurumenak badu horietan eragina. Uste da ingurumenari dagozkion neurriak hartuta saihets daitezkeela arnasbideetako infekzio akutuen % 60, beherakoa eragiten duten gaixotasunen % 90, arnas gaixotasun kronikoen % 50 eta paludismo-kasuen % 90.
(Argazkia: MEC)
Ur poluituaren eta saneamendu eskasaren ondorioz, urtean 12 milioi pertsona baino gehiago hiltzen dira. Airearen poluzioaren ondorioz, urtean 3 milioi lagun inguru hiltzen dira, gehienak herrialde azpigaratuetan. Lurzoruaren erabilerak ere eragin dezake osasunean. Presak eta ureztatze-sistemak bektore patogenoen haztegi bihur daitezke, eta, pestiziden eraginez, urtean 1-5 milioi intoxikazio gertatzen dira.
Hiriek euria eragiten dute
(Argazkia: MEC)
Hiri handietako automobil-zirkulazioak, eraikin handiek eta kaleetako asfaltoak 1-6 Celsius gradu igoarazten dute hirietako tenperatura. Baina bero horren eraginak, hirian ez ezik, inguruan ere nabarmentzen dira. 2002an, NASAk satelite bidez aztertu zituen hainbat hiri; horien artean, Atlanta, Dallas eta Nashville. Behatutakoaren arabera, baieztatu zuten hirietako beroak euria eragiten duela inguruetan. Prezipitazioak % 28 ugariagoak ziren hirigunetik 30-60 kilometrora (haizearen aldera) kokatutako guneetan.
Belaustegi Irazabal, Ainara
3
214
2005
11
031
Ingurumena
Dosierra
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila