Haziak neurrira egiteko teknologia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Nekazaritza jaio zenetik, helburu handienetako bat hazi gero eta hobeak lortzea izan da. Ildo horretan, eraldaketa genetikoak egiteko teknologiak aldaketa handia ekarri du. Horri esker, lehen erabiltzen ziren teknikekin baino kontrol eta zehaztasun handiagoz lor daitezke nahi diren ezaugarriak dituzten haziak.
Haziak neurrira egiteko teknologia
2009/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: Syngenta-k utzitako irudia)

Nekazarientzat eta kontsumitzaileentzat aproposak diren ezaugarriak dituzten haziak lortzeko bide klasikoak hautespena eta hibridazioa dira. Mertxe de Renobales irakasleak azaldu digunez, prozesu luzeak dira, baina horien bidez lortu dira gaur egungo barietate gehienak.

Hibridazio-teknikek aurrerapen handia izan dute azken hamarkadetan, eta, adibidez, elkarrengandik oso urruti dauden espezieak hibridatzea lortzen da in vitro hazkuntza-teknikak erabilita.

Horrez gain, aldakortasun genetikoa handitzeko, eta, hala, ezaugarri gehiago izateko aukeran, bideratutako mutagenesia erabiltzen dute laborategietan: mutazioak eragiten dituzten gai kimikoekin eta erradiazioarekin tratatzen dituzte haziak, eta, horrela, mutazio desberdin asko lortzen dituzte. Ez dute jakiten zer genetan gertatu diren mutazioak, ezta zer eragin duten ere, baina, haziak ereinda eta landareak hazita, baliagarriak ote diren ikusten dute. Bideratutako mutagenesiari esker lortu dira nekazaritzan erabiltzen diren 1.500 barietate baino gehiago, landare-mota askotakoak.

Mertxe de Renobales Scheifler katedraduna Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakaslea da EHUren Farmazia Fakultatean. Horrez gain, bioteknologia eta nekazaritzari buruzko hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditu.
Ana Galarraga

Mertxe de Renobalesen ustez, baina, eraldaketa genetikoak "abantaila nabarmenak" ditu. Izan ere, transgenikoak egiteko, lortu nahi den ezaugarriarekin erlazionatutako genea aukeratzen da lehenik, eta, gero, aldatu nahi den haziaren genoman txertatzen da. Horrenbestez, prozesu horretan eragiten diren aldaketak besteetan baino askoz ere gehiago kontrolatzen dira, eta emaitza hobea izaten da.

Pausoz pauso

Hazi transgeniko bat egiteko prozesua ere argitu digu de Renobalesek. Lehenik, landarearen genoman txertatu nahi duten genea aukeratzen eta isolatzen dute, laborategiko teknika estandarrak erabilita. Eraldaketa zelula bakarrean ez baizik eta askotan egiten denez, genearen kopia asko behar izaten dituzte. Kopiak sintetizagailu batekin egin daitezke, baina hori baino errazagoa da bakterioak erabiltzea, haiek sintetiza ditzaten.

Hazi transgenikoak egiteko, lehenik, txertatu nahi den genea aukeratzen dute. Prestatu ondoren, zelulan sartu behar dute; hori egiteko ohiko moduak Agrobacterium bakterioaren bidezkoa eta gene-pistola dira.
Eragin.com.

Horretarako, genea plasmido batean integratu behar da. Plasmidoak normalean bakterioetan egoten diren DNA-eraztun txikiak dira, eta berez erreplikatzen dira, kromosometako DNAtik bereizita. Kasu honetan, plasmidoa landare-zelulan funtziona dezan prestatu behar da.

De Renobalesen esanean, "geneak agindu-kaseteak bezalakoak dira, eta, landare-zelulak prozesa ditzan, agindu egokiak jarri behar zaizkie". Hala, landarearentzako aproposa den sekuentzia abiarazlea gehitzen diote geneari, baita bukatzeko agindua ematen duena ere, eta, batzuetan, genearen sekuentzia bera ere aldatzen dute.

Azkenean, plasmidoa, behar bezala egokituta, bakterioan sartzen dute, ugaltzean kopiak sintetiza daitezen. Hurrengo pausoa da plasmidoak hartu eta landare-zeluletan sartzea, eta, horretarako, modu bat baino gehiago dago. Ohikoenak Agrobacterium bakterioaren bidezkoa eta gene-pistola dira.

Landare-zelulan txertatzea

(Argazkia: Syngenta-k utzitako irudia)

Agrobacterium tumefaciens eta genero bereko beste espezie batzuk lurzoruan bizi dira, eta berez sartzen dute DNA landare-zeluletan. Gainera, haietan plasmidoen kopiak egin daitezke; horrenbestez, bitarteko aproposak dira nahi den DNA-sekuentzia sartzeko landare-zeluletan.

Eta horretarako erabiltzen dituzte ikertzaileek: plaka batean landare-hostoen zatiak jartzen dituzte, eta bakterioa zaurietatik sartzen da, eta landare-zelulan txertatzen du plasmidoa. Eta plasmidoa landare-zelularen genoman integratzen da. Metodo hori 350 espezietan erabiltzen da, gutxi gorabehera, gehienak dikotiledoneoak.

Beste landare batzuekin, zerealekin eta beste monokotiledoneoekin, gene-pistola baliatzen dute. Pistola horien bitartez, DNAz estalitako urre- edo tungsteno-bolatxoak jaurtitzen dituzte landare-zelulen kontra. Bolatxo horietako gehienek zelulak zeharkatu egiten dituzte, baina gutxi batzuk landare-zelulen barruan geratzen dira. Eta, batzuetan, zelulek bolatxoaren inguruan dagoen DNA integratu egiten dute beren genoman. De Renobalesek azaldu digunez, "prozesua ez da oso eraginkorra": tratatzen diren zelula guztien % 10etan bakarrik txertatzen da DNA.

(Argazkia: Syngenta-k utzitako irudia)

Metodo bat zein bestea erabili, landare-zelulak in vitro tekniken bidez hazten dituzte. "Horretan ez dago berezitasunik", zehaztu digu de Renobalesek. Hau da, besteetan bezala, beharrezkoa da landareak haztea ikusteko zer eragin izan duen ezarritako tratamenduak. Hori bai, batzuetan gene markatzaileak erabiltzen dituzte, jakiteko zer zelulatan sartu den txertatu nahi zuten genea.

Batzuetan, markatzaile horietako batzuk antibiotikoekiko erresistentzia ematen duten geneak dira. Hartara, zelulak antibiotikoz tratatzen dira, eta bizirik irauten duten horiexek dira gene markatzailea, eta, beraz, bestea ere badutenak. De Renobalesek aipatu digunez, gene markatzaile horiek "eztabaida" sortu dute; izan ere, zelulan txertatuta geratzen direnez, batzuk beldur ziren antibiotikoekiko erresistentzia transmiti zezaketela. Baina gene markatzaile batzuk bakarrik daude baimenduta, eta ematen duten erresistentzia ez da pertsonetan eta animalietan erabiltzen diren antibiotikoekiko erresistentzia. Orain, gainera, markatzaile horiek ken daitezke.

Edonola ere, landare-zeluletatik landareak hazten dituzte, eta zer ezaugarri dituzten ikusten dute. Horren arabera, landare baliagarriak hautatzen dituzte. Hautatutako horien karakterizazio molekular eta kimiko zehatzak egiten dituzte, eta baita segurtasunari eta balio agronomikoari buruzko azterketak ere. Gero, landa-probak egiten dituzte, eta, horiek denak gainditzen badituzte, merkaturatzeko baimena eskatzen dute.

(Argazkia: Syngenta-k utzitako irudia)

De Renobalesen esanean, "beharbada 10-20 mila zelularekin abiatu zenuen prozesua, eta, azkenean, landare bakarra lortzen duzu nahi zenituen ezaugarriak dituena". Gainera, urteak irauten du prozesu horrek, baina, hala ere, beste metodoak baino azkarragoa da. Bestela ere, De Renobalesek ez du inolako zalantzarik: bioteknologiak onura asko ekar ditzake: osasun-arazoak dituztenentzat barietate egokiak egin daitezke, lur idorretan hazteko gai direnak, poluitutako zoruak garbitzeko balio dutenak... Eta ikertzaile batzuk, behintzat, horretan ari dira.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
253
2009
5
022
Nekazaritza; Bioteknologia; Ingurumena; Giza zientziak
Artikulua
41
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila