Ahalmenarekin jaio, baina...

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Adimen handiko haur batzuek mugak izaten dituzte.
Ahalmenarekin jaio, baina...
2011/02/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Arg.: Photoxpress_Nikolay Okhitin)

Azterketako galdera: "Zer da grabitate-indarra?" Ikasle batek marrazki batekin erantzun du. Hegazkin bat, hegazkinetik eroritako bonba bat, eta bonba erori den lekuan sute bat ikus daitezke marrazkian. Eta, idatzita, "grabea". Ume horrek ez al daki zer den grabitate-indarra? Ez du idatzi "Lurrak objektuak erakartzeko egiten duen indarra", baina adierazi du: grabitate-indarrak eragindako erorketa bertikala irudikatu du. Eta, gainera, analogia semantiko bat egin du grabe eta grabitate hitzen artean, bi hitzek jatorri bera baitute. Ez du sagar bat zuhaitz batetik behera erortzen irudikatu, ez. Leherketa larri bat irudikatu du. Irakasleak, baina, ez du ulertu umeak egin duena, eta kalifikazio txarra jarri dio.

Gainerako pertsona guztiekin gertatzen den bezala, heterogeneotasun handia dago adimen handiko haurren artean, "izaerari, garapen-abiadurari, interesei, zaletasunei eta abarrei dagokienez", dio Izaskun Etxebarria EHUko Irakasle Eskolako irakasleak. Hala ere, hainbat ezaugarri komun ere badituzte. Oro har, ikasteko erraztasun handia, lanean luze jarduteko gaitasuna eta sormen handia izaten dute. Hiru ezaugarri horiek batera izaten dituzte, eta gai dira, gainera, haien artean elkarrekintzak egiteko. "Hala, mundua ezohiko ikuspegi batetik aztertzen dute, eta beste bide batzuk erabiltzen dituzte arazoak ebazteko, baita arazoak ikusteko eta enfokatzeko ere", gaineratu du Etxebarriak.

Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoko orientatzaile I aki Martinezek dioenez, "ez da kantitate-kontu bat bakarrik; kualitatiboa ere bada. Esate baterako, horrela ikasten dute beren kabuz irakurtzen, edo zenbatzen: ikasgelako arbelean egunero eguna ikusten dute, egutegiak nonahi izaten dituzte..."

Adimen handiko pertsonek izaten duten beste ezaugarri bat da barne-motibazio oso handia dutela; ikasteko premia handia dute, jakin-min handia izaten dute, txiki-txikitatik. "Baina horrek ez du esan nahi adimen handiko haur guztiak eskolan ume perfektuak direnik", azaldu du Idoia Revillak, adimen handiko umeen gurasoen Aupatuz elkarteko kideak. "Adimen handiko haurren inguruan dagoen estereotipoetako bat da hori, ikasle perfektuak direla pentsatzea".

Egia da batzuek portaera horrekin bat egiten dutela, "izan ere, ideiak berehala harrapatu eta gauzak praktikotasunez egiten dituzte, azkar zentratzen dira eta abar". Adimen konbergenteko umeak dira horiek. Beste batzuek, berriz, dibergenteagoak direnek, askoz sormen handiagoa dute, eta bestela ebazten dituzte egin beharrekoak. Izaskun Etxeberriak grabitate-indarraren galdera irudi bidez erantzun zuen umearen kasua aipatu du adibide gisa: "Irakaslea sutan etorri zen ikasle horrek erantzun zuenagatik. Eta txartzat eman zuen ariketa, umeari galdetu beharrean. Galdetu izan balu, egindakoa azaltzeko gai izango zatekeen haurra".

Gure hezkuntza-sistema "hain hertsia eta homogeneoa denez, ez dute lekurik izaten haien sormena eta jakin-mina asetzeko". Egoera horrek jokabide-arazoak izatea ekartzen du zenbaitetan. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Raquel Pardo de Santayanak adimen handiko haurrek beren ezaugarri bereziengatik izan ditzaketen arazoak azaltzen ditu artikulu batean: ez dute motibaziorik izaten testuliburuen bidez ikasteko, informazioa beren kabuz bilatzeko, miatzeko eta esperimentatzeko irrika izaten baitute; arreta galtzen dute, ezinegona izaten dute eta abar.

Izaskun Etxebarria. EHUko Irakasle Eskolako irakaslea da. Hainbat urtez "Adimen-gaitasun handiko haurren hezkuntza" irakasgaia eman du. Arg.: Oihane Lakar.

Ezaugarri berezi horiek eta haiei lotutako arazoak oso nabarmenak diren kasu batzuetan, "ez dituzten gaitzak diagnostikatu izan dizkiete umeei, hala nola hiperaktibitatea --dio Etxebarriak--. Haien ezaugarrietako bat aktibazioa da, buruarena eta gorputzarena (hau da, mugitzeko premia dute...) baina hori ez da hiperaktiboa izatea. Hiperaktiboak direnak ez dira gai kontzentratzeko, eta ume horiek gai dira gai batean luzaro kontzentratuta egoteko".

Patologiarik diagnostikatzera iritsi gabe, askotan gertatzen da adimen handia izanda ere ez dituztela adimen handiko ume gisa identifikatzen. "Adituen arabera, populazioaren % 2-4 adimen handikoa da, baina gehienak ez dira identifikatzen", azaldu du Etxebarriak.

Lehenik, identifikazioa

Nahasmendu, uste oker, eta, bereziki, izan ditzaketen heziketa-premiak argitzeko, adimen handiko umeak identifikatzea da egin beharreko lehenengo lana. "Gehien erabiltzen den froga WISC delakoa da", dio Etxebarriak. David Wechsler psikologoak 1949. urtean garatutako adimen-test bat da, haurren adimen-kozientea ezagutzeko.

Adimen handiko pertsonak aipatzean, adimen-kozientearen kontzeptua (IQ delakoa ingelesez, eta CI gaztelaniaz) agertzen da beti. Hain zuzen, honela definitzen du Munduko Osasun Erakundeak adimen handia: adimen-kozientea 130 baino handiagoa izatea.

Profesional askok, ordea, ez dute nahikotzat jotzen zenbaki bat lortzea. Hala, I aki Martinezek adimen handiko umeak identifikatzeko sistema osoago bat diseinatu zuen lankide ohi batekin (Carlos Ollorekin). Proba kuantitatibo horiek, test estandarizatuak, beste proba kualitatibo batzuekin osatzea proposatu zuten.

I aki Martinez . Zortzi urtez Nafarroako HBBZ zentroan egon zen (EAEko Berritzeguneen parekoa) adimen handiko umeen taldean. Orain, orientatzailea da Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoan eta irakaslea NUPeko Psikologia Fakultatean. Arg.: Oihane Lakar.

Lehenik, irakasleek, eta, aukeran, baita gurasoek eta ikasleek ere, galdera-sorta batzuei erantzun behar diete. Irakasleek erantzun behar izaten dute, esate baterako, zein ikasle diren ideiak modu argi eta zehatzean adierazteko gai, edo zeinek arrazoitzen eta ebazten dituen arintasunez eta segurtasunez matematikako buruketak.

Gurasoei, bestalde, haurren garapenari buruzko galderak egiten dizkiete, hala nola mugimenduaren eta hizkuntzaren garapenari edo garapen kognitiboari buruzkoak; eta ikasleen artean galdetzen dute, adibidez, zein gelakide izango litzatekeen jolas onenak asmatzeko gauza, edo gainerakoek ikusten ez dituzten egoerak edo xehetasunak aurkituko lituzkeena.

Galdera horiekin batera, esan bezala, proba estandarizatuak egiten dizkiete, eta, batetik zein bestetik ateratako emaitzetatik, ebaluazio psikopedagogikoa egin behar zaien ikasleak identifikatzen dituzte. Ebaluazio psikopedagogikoaren bidez, ikaslearen egoera pertsonala, akademikoa, soziala eta afektibo-emozionala definitzen dituzte, "jakiteko zer arlotan den adimen handikoa, eta, batez ere, heziketa-premia berezirik ote duen", azaldu du Martinezek.

Izan ere, ebaluazioaren helburua ez da umeak etiketatzea eta heziketa berezi bat ematea, baizik eta umeak eskolan integratzea, eta haien beharrei erantzutea.

Identifikatu eta gero, zer?

Adimen handiko haurrak identifikatutakoan, lana hasi besterik ez da egiten profesionalentzat. "Orientatzaileon lana ebaluazioak koordinatzea da, heziketa-premia bereziak detektatzeko, eta irakasleei erantzunak diseinatzen laguntzeko", azaldu du Martinezek. Eskolan behar bereziak dituzten ume guztientzat erantzunak diseinatzen laguntzea da, hain zuzen, haien lana.

Zergatik egin behar ditu ume batek 200 batuketa, hiru eginda nahikoa badu mekanismoa ondorioztatzeko?. Arg.: iStockphoto.com/GJohnstonphoto.

Ematen zaien erantzuna, baina, "ez da beharko lukeen bezain ona", Martinezen esanean. Izan ere, lagundu beharreko beste kasu asko izaten dituzte: "Nik, ikastetxean, mugimendu-arazoak dituzten pare bat ikasle ditut, gela berezi bat dugu Iru erriko zenbait ikastetxetako atzerapen mentala duten ikasleak biltzeko eta abar. Hau da, baliabide gehiago beharko genituzke". Ia orientatzaile guztiak Martinez bezala daude.

Horrenbestez, lehentasunak ezartzen dituzte, eta "lehentasuna atzeratuta daudenei ematen diegu, adimen handiko umeek aukera gehiago baitute ongi moldatzeko. Nahiko nuke egoera beste bat izatea! Hori bai, arazoak sortzen hasten direnean, ikasleak aspertzen hasten badira, edo bestelako beharrak dituztela ikusten dugunean, erantzuten saiatzen gara".

Erantzuna mailaka egitea proposatzen du Martinezek: "Lehenengo, curriculuma pixka bat egokitu beharko litzakete. Adibidez, zergatik egin behar ditu ume batek 200 batuketa, hiru eginda nahikoa badu mekanismoa ondorioztatzeko?". Bada, beste zerbait eman beharko litzaioke, curriculumeko edukia edo curriculumetik kanpokoa. Hori bai, nabarmendu nahi du "inoiz ez dela aurreratu behar hurrengo ikasturteetako curriculuma".

Neurri horiek nahikoa ez balira, eman daitekeen "azkeneko urratsa eskola-aldia malgutzea da (hurrengo ikasturtera pasatzea)", azaldu du Martinezek. Zenbaitetan, sistematikoki malgutzea eskatzen dute eskoletatik. Baina kontu handiz aztertu behar da aukera hori; "umeek ez dezaten izan arazo sozio-afektiborik, eta hurrengo ikasturtera pasatzeagatik ez dezaten galdu baliagarria izan daitekeen trebakuntzarik".

Baina, esan bezala, "eskoletan, ahal dugun punturaino iristen gara", azpimarratu du Martinezek. Eta denbora faltari ezjakintasuna gehitzen zaio askotan. Adimen handiko umeak nola tratatu ez jakitearen arrazoietako bat unibertsitateetan ikusten du Etxebarriak: "Irakasle-eskoletan nahiz pedagogia-, psikologia- eta psikopedagogia-ikasketetan, zertzelada bat besterik ez da ematen gai horren inguruan". Hortaz, profesionalak trebatzeari --alegia, irakasleak, psikologoak, orientatzaileak, Berritzeguneetako arduradunak eta abar prestatzeari-- garrantzi handiagoa ematea proposatzen du Etxebarriak.

Guraso-elkarteak, osagarri

Gurasoek beren aldetik jartzen dute, eta, eskolaz kanpo, gustatzen zaizkien jardueretara eramaten dituzte umeak. Arg.: EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea.

Adimen handiko haurren gurasoak ere ohartzen dira ikastetxeetan ez zaiela behar bezala erantzuten umeei: "Ez dago asmo txarrik, eta ezin da esan profesional txarrak direnik ere. Nire ustez, oso profesional onak ditugu hezkuntza-arloan. Gertatzen dena da gai bati buruz ez baldin badakizu ezin diozula heldu, nahiz eta borondate ona izan", adierazi du Idoia Revillak.

Gainera, Revillaren ustez, gurasoek, guraso direnez gero, ardura batzuk dituzte beren umeekin: "Zure umeari, adibidez, mitologia grekoa gustatzen baldin bazaio, badakizu ez duela eskolan landuko (ikastetxeetako curriculumak ez baitira egokitzen umeen beharretara). Bada, nik, ama moduan, nire aldetik jartzen dut, eta lagundu egiten diot nire umeari bide horretan aurrera egiten, eta, adibidez, eskolaz kanpoko jardueretan gustatzen zaion horretara eramaten dut". Hala, gizartean dauden aukerak eskaini behar dizkiete umeei, beren zaletasunetan sakontzeko.

Guraso-elkartean, halaber, hainbat jarduera antolatzen dituzte, umeek beste esperientzia batzuk ere bizi ditzaten. Esperientziaz gainera, "oso garrantzitsua da adimen handiko haurrak elkarrekin egotea --dio Revillak--. Hamaika urterekin, adibidez, ezin dute lagun-taldearekin edo gelako kideekin partekatu egiptoarrei buruz duten interesa". Antzeko interesak dituzten beste ume batzuekin elkartzean, "hartu-eman bat egiten dute, emozionala. Ikusten dute ez direla arraro bakarrak; gizarte honetan, gaur egun, arraro gisa ikusten dituzte, eta haiek ere desberdin eta arraro sentitzen dira", azaldu du. Horrek laguntzen die ulertzen beren berezitasun horrek ez dituela ez hobeak ez okerragoak egiten. "Bereziak direla jakin behar dute, hala jaio direlako, eta kito. Horri aurre egin behar diote, eta ahalik eta etekin handiena atera".

Adimen handiko neska gutxiago
Adimen handiko neska gutxiago dago identifikatuta. Adimen handiko hamar umetatik zazpi mutilak dira, eta hiru, neskak. Izaskun Etxebarria EHUko Irakasle-eskolako irakasleak azaldu du zergatik: "Lehen esaten zen emakumeek gizonek baino adimen txikiagoa dutela, eta zientziak denbora luzean ukatu du emakumeak adimendunak izan gintezkeenik".
Gaur egun ez dago emakumeen adimenari buruzko eztabaidarik; zer gertatzen da, orduan? "Badirudi --dio Etxebarriak-, batez ere nerabezarora iristen direnean, neskatoetan gatazka bat sortzen dela beren feminitatearen eta adimenaren artean. Haren ustez, "nesken kasuan, bereziki, gizartean ez dago oso balioetsia" adimen handia izatea. Hortaz, "aukeratu beharra izaten dute: edo beren gaitasunak garatu eta gizartean apurtxo bat baztertuta egon, edo alderantziz".
(Argazkia: Photoxpress/Galina Barskaya)
"Gizartean, halaber --gaineratu du Etxebarriak--, ez dute emakume-eredurik, hainbat esparrutan (politikan, zientzian eta abarretan) gizonak izan ohi baitira liderrak. Beraz, ez dute eredu baliagarririk aurkitzen identifikatzeko".
Uharteko Virgen Blanca ikastetxeko orientatzaile I aki Martinezen ustez, gainera, "oro har, eta salbuespenak salbuespen, mutilok neskek baino joera eta erraztasun handiagoa dugu gauzak agertzeko. Neska batek pentsatzen du 'buf, hori galdetzen badut, ederra etorriko zait gainera jolastorduan; inork ez dit hitzik egingo!'. Mutilek ez; jakin nahi badute, galdetu egiten dute".
Identifikazioan, genetika lagun
Garatzen lagundu behar den ezaugarri bat den arren, ezinbestekoa da genoman ezaugarri jakin batzuk izatea, adimen handikoa izateko. Hipotesi horrekin eta ezaugarri berezi horien bila dihardute lanean Zamudioko Parke Teknologikoko Genetadi Biotech enpresan. Diagnostiko genetikoak egiteko tresna berriak garatzen dituzte han, eta, adimen handiari dagokionez, proiektu pilotu bat egin dute Donostiako La Salle ikastetxeko 24 familiarekin.
Genetadiko zuzendari Jos Luis Castrillok azaldu duenez, jadanik identifikatutako familiekin aritu dira lanean. Adimen handiko umeen nahiz gurasoen genoma osoak erauzi dituzte, eta genoma kontrol batekin alderatu. Dagoeneko "adimen handiarekin lot litezkeen eskualde batzuk identifikatu ditugu: batzuk gene ezagunak dira; beste batzuk, gene ezagunen erregulatzaileak, eta abar", dio Castrillok.
Orain arte identifikatu dituzten geneak, edo eskualde genetikoak, garunaren garapena erregulatzen duten transkripzio-faktoreak dira, neurotransmisioan parte hartzen duten proteinak eta abar. "Garunarekin lotuta daudelako piztu dute gure arreta. Baina gerta daiteke adimen handiarekin inolako zerikusirik ez izatea, eta arreta eman ez diguten beste gene eta proteina batzuk izatea benetan eragina dutenak".
Castrillok argi utzi nahi izan du goizegi dela ondorioak ateratzeko: "lagin handiagoa behar dugu; 200 lagun inguruko talde bat lortu nahiko genuke esperimentuak errepikatzeko eta identifikatu ditugun eskualdeak hobeki aztertzeko. Gainera, adimen handiko umeak azpitaldetan banatu nahiko genituzke, besteak beste, aurkitzen ditugun gene-adierazleak adimen-ezaugarri jakin batzuekin lotzeko."
Gaur-gaurkoz ez dago munduan talde askorik adimen handiko umeen azterketa genetikoak egiten. "Guk dakigula, Ingalaterrako talde baten lana bakarrik dago argitaratuta. Lan horretan, matematikan trebeak ziren haurrak baino ez zituzten aztertu. Ez da lan erraza, pertsonen artean oso aldakortasun handia dagoelako. Baina horregatik da erronka: erraza balitz, dagoeneko argituta legoke", gaineratu du Castrillok.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
272
2011
2
022
Giza zientziak; Anatomia/Fisiologia
Artikulua
34
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila