Zientzia, egiaren etengabeko bilaketa

Janire Otamendi Jauregi

Ingeniaritzako doktoregaia

zientzia-egiaren-etengabeko-bilaketa
Aristotelesen modelo geozentrikoaren irudikapena. Arg. Marques Hijazo, A./ CC-BY-SA-4.0.

“Zientzia-ikerkuntza hauxe da: denek ikusten dutena ikustea, inork pentsatu ez duena pentsatuz”. Albert Szent-Györgyi fisiologoak emandako definizioa omen da hau, eta oso ondo egokitzen zaio Koperniko, Galileo, Newton, Einstein eta beste zenbait zientzialari ezagunek egindako ibilbideari.

Irakatsi digute unibertsoa zer den, Eguzki sistemaren inguruko lanak egin ditugu eta Lurraren ibilbide eta mugimenduak barneratzera heldu gara. Azaldu digute zer den grabitate-indarra, eta beharbada batzuk Einsteinen teoria ulertzera ere helduko ziren, Interstellar pelikularen gehiena ulertzeko adina, behinik behin.

Hau guztia egia da, edo egiatzat dugu behintzat. Korpenikoren garaian, ordea, egia oso bestelakoa zen. Garai hartan, ziur zeuden Lurra unibertsoaren zentroa zela, eta Eguzkia, esaterako, haren inguruan biraka zebilela. Zergatik ez? Haiek ere egunero ikusten zuten Eguzkia ekialdetik mendebalderantz mugitzen.

Urte luzez egiatzat jo zen teoria geozentrikoa deritzon ideia hau; norbaitek zalantzan jarri zuen arte. Nicolas Koperniko astronomoari esleitzen zaio Lurra dela Eguzkiaren inguruan biraka dabilela dioen teoria heliozentrikoa, ordura arteko egia hankaz gora jarri zuena [1]. Eta ez da gutxiagorako, pentsa zer izan behar duen jakiteak ordura arte ziurtzat jo diren oinarriak ez direla zuzenak.

Horren guztiaren atzean, bestelako pentsamendu bat garatu duen norbait dago, denek ikusten dutena ikusirik inork pentsatu ez duena pentsatzen duena; horra hor Albert Szent-Györgyi fisiologoaren definizioa.

Teoria heliozentrikoak gizakiak unibertsoan zuen lekuaren inguruko pertzepzioa guztiz aldatu zuen dudarik gabe, baina ez hori bakarrik, eragin zuzena izan baitzuen objektuen erorketa azaltzeko urte askotan onartu zen Aristotelesen planteamenduan ere.

Guztiok dakigu objektu bat altuera jakin batean askatuz gero, lurrera erortzen dela, eta gaur egun diogu grabitatea dela horren erantzule. Aristoteles filosofo greziarra izan zen, ordea, fenomeno horren inguruko azalpenak ematen lehena. Berak Lurra zuen unibertsoaren zentrotzat, eta Ilargia, Eguzkia, eta gainerako planeta eta izarrak haren inguruan biraka zebiltzala babesten zuen (ikus goiko irudia). Haren esanetan, unibertsoko elementu bakoitzari posizio bat zegokion, haien joera oinarrizko posizioetara itzultzea zen beti, eta objekturik pisutsuenek ibilbide hori azkarrago egiten zuten [2]. Hau da, harria lurrera erortzen da, hori duelako posizio naturala, eta harria zenbat eta pisutsuagoa izan, azkarrago eroriko da. Teoria heliozentrikoak, ordea, erakutsi zuen azalpen horren oinarria ez zela zuzena, eta horrenbestez, bertan behera geratu zen urteetan zehar egiatzat jotako ideia.

Galileo Galilei astronomo, fisikari, filosofo eta matematikari ezagunak heldu zion jarraian objektuen erorketak aztertzeari. Galileiren lana, Johannes Kepler astronomoarenarekin batera, oso garrantzitsua izan zen teoria heliozentrikoa finkatzeko, eta horrenbestez, teoria berri honek sorturiko erronken jakitun zen. Objektuen erorketa aztertzeko asmoz, esperimentu zientifiko oso zehatzak egin zituen Galileok, eta, Aristotelesek baieztatutakoaren aurka, une berean askatutako objektuak batera lurreratzen direla ondorioztatu zuen, beren masa edozein delarik ere. Horrez gain, erorketan azelerazio konstante bat zegoela ere baieztatu zuen [3].

Ideia horiek, esan bezala, ez zuten bat egiten Aristotelesek planteatutako azalpenarekin. Galileok galdera asko utzi zituen erantzunik gabe; esaterako, ez zuen azaldu zergatik dabilen Lurra Eguzkiaren inguruan biraka. Hala eta guztiz ere, ekarpen interesgarriak egin zituen ondorengo ikertzaileentzat, eta zientziaren historian, beste behin, zalantzan jarri zuen ordura arte egiatzat jotzen zena.

Isaac Newton fisikaria izan zen ordura arteko ideiak bildu eta Grabitazio Unibertsalaren Legea enuntziatu zuena. Ezaguna da oso Newtoni erori zitzaion sagarraren istorioa, grabitate indarraren inguruan pentsarazi zion istorioa, alegia [2]. Ez dakigu benetan gertatu zen ala ez, baina egia da uneren batean Newtonek galdera hau egin ziola bere buruari : “ ZERGATIK erori ote da lurrera objektu hau?”. Jakin-minak, ezagutzak eta, ziurrenik, irudimenak bultzaturik, historiako zientzialaririk ezagunenetako bat da Isaac Newton. Bere teoriaren arabera, bi partikula materialek elkarri eragiten diote beren masen biderkadurarekiko proportzionala eta beren arteko distantziaren karratuarekiko alderantziz proportzionala den indar baten bitartez. Teoria horrek bat egiten du Galileok esperimentalki frogatutakoarekin, eta, gainera, azaltzen du Lurra dela Eguzkiaren inguruan biraka dabilena.

Badirudi gure inguruan gertatzen dena azaltzen duen teoria sendo baten aurrean gaudela, baina historiak zerbait erakutsi badigu, honako hau da: beti dagoela zer hobetua. Eta bai, Newtonen teoriak ere bazituen gabezia batzuk. Oso ondo funtzionatzen zuen Lurrean, eta nahiko ondo Eguzki sisteman; hortik kanpo, ordea, bazirudien unibertsoak ez zituela Newtonen legeak jarraitzen. Eta orduan, zer? Orduan, Albert Einstein.

Bai, Albert Einstein fisikariak konpondu zituen, Erlatibitatearen Teoria Orokorra enuntziatuz, Newtonen Grabitazio Unibertsalak zituen gabeziak, azalpen bat eman baitzuen unibertsoan gertatzen diren fenomenoetarako.

Karaktere asko eta azalpen-gaitasun handia beharko genuke Einsteinen teoria ondo azaldu ahal izateko; ez gara, beraz, horretan sartuko oraingoz. Baina azpimarratzekoa da, beste behin, Einsteinek ere denok ikusten duguna ikusi zuela, baina ordura arte inork pentsatzen ez zuena pentsatuz.

Irten gaitezen beraz, tarteka bada ere, egiatzat ditugun ideia horietatik kanpora. Jar dezagun zalantzan irakatsi digutena, eta galdetu diezaiogun geure buruari gure inguruan gertatzen denaren zergatia. Pentsa dezagun beste era batera, hori baita, historiak erakusten duen moduan, gaurko egiaraino ekarri gaituen bidea. Eta nork daki, beharbada zu zeu izango zara izen handi horien ondoan aipatuko den hurrengo zientzia-iraultzailea.

 

BIBLIOGRAFIA:

[1] Montor, L. “Las paradojas de los círculos: un fundamento clásico en la teoría heliocéntrica de Nicolás Copérnico”, Academia, 2019.

[2] Hawking, S., “A brief history of time”, Bantam Press, chapter 1, 1988.

[3] Perilla, P., Lilia, M., “El fenómeno de la caída libre en Galileo”, Tecné, Episteme y Didaxis (TED), núm. 18, pp. 97-106, 2005.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila