Rapa Nuiko Zaharren Kontseiluari eta Txileko Gobernuari esker, Bilboko Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkarteko kideok Rapa Nui uharteko Roiho zonaldean ibili gara lanean lau urtean. Almeriako, Txileko, Bolognako, Triesteko, Madrileko eta Nafarroako unibertsitateetako zenbait ikerlariren laguntzaz, bertako tutu bolkanikoak aztertu, eta zientziaren arloko hainbat adar landu ditugu, hango aztarnetan eta kulturan sakontzeko asmoz.
Rapa Nui uhartea Txileko kostaldetik 3.800 kilometrora dago, Ozeano Barearen erdian, hain zuzen ere, eta jendea duen uharterik isolatuena da. 2.000 kilometroko erradioan ez da inor bizi. Hona hemen irlaren ezaugarriak: txikia da (16,5 km-ko luzera eta 17,5 km-ko zabalera); klima subtropikala du (18 eta 25 gradu artekoa); urtean, oro har, prezipitazio ugari ditu (1.000 mm edo gehiago). Uhartea hiru sumendiren erupzioei esker eratu zen (Terevaka, Rano Kau eta Poike sumendiak), eta uharteko punturik altuena 500 m-koa da.
Rapa Nui uharteak jatorri bolkanikoa du. Eta, uharte bolkanikoetako kobei tutu bolkanikoak deitzen zaie. Labak eratutako egiturak dira, eta, oro har, aldapa gutxiko lurretan eratzen dira. Erupzioetan laba-uholdea azalean arin lehortzen denean, kanpoan geruza gogorra geratzen da, baina barruko labak mugitzen jarraitzen du; horrela, batzuetan ehunka metroko eta beste batzuetan metro bateko diametroko tutuak sortzen dira. Tutua lehortu eta gero, goiko geruza erortzen bada, jameo edo "ahoa" izeneko egitura sortzen da, eta espeleologooi kobazulora sartzeko aukera ematen digu.
Roiho da lan egiteko aukeratutako zonaldea eta tutu bolkaniko gehien dituen aldea, bertan baitaude Rapa Nuin erroldatutako mila koba-aho ingurutik gehienak. Hain zuzen ere, horregatik aukeratu genuen zonalde hori. 4 km 2 -ko azalera du, eta Maunga Terevaka-n (Terevaka sumendian) dagoen Maunga Hiva Hiva kono bolkanikotik datorren sail bolkanikoa da. Oso leku lehorra eta ibiltzeko deserosoa da, hango arroka bolkanikoengatik. Duela 10.000 bat urte Pazko irlan izandako azken erupzioan eratutako sail bolkanikoa da Roiho.
Roihoko tutu bolkanikoak koba estuz josita daude. Koben barrura sartzeko ahoak ( jameo ak) sail bolkanikoan zehar sakabanatuta daude. Batzuetan ez da erraza jameo ak aurkitzea, paisaian aske dauden arroka beltzez eta gorrixkaz osatutako eremu zabala baita. Ordu askoko ibilbideak egin behar izan ditugu, espeleologiako materiala gainean generamala, zuloak bilatzen eta GPSan beren erreferentziak sartzen. Baina, beste batzuetan, sail bolkanikora begiratu, eta oso ondo ikusten dira, bertatik zuhaitzak hazten baitira, eta hor behean zulo bat dagoen seinale da (zuhaitzak zulo horietan hazten dira, zuloetan hezetasuna hobeto mantentzen delako). Rapa Nuiko tutu bolkanikoak azaletik metro gutxira daude, eta barrura sartzea erraza da. Roiho zonaldeko tutu bolkanikoak, oro har, maila berean daudenez, kobak aztertzeko ez dugu behar izan bertikalean lan egiteko materialik, kostaldeko kobazuloetan izan ezik. Horietara heltzea, batzuetan, konplikatu samarra izan da, koben sarrerek itsaslabarretara ematen baitute. Hala eta guztiz ere, tutuak aztertzeko zailtasuna, gehienbat, haien estutasuna eta, askotan, kolapsatuta egotea izan da (hau da, harriz eta lokatzez beteta egotea). Hori dela eta, topografia egiteko, arrastaka egin behar izan dugu koba-sistemaren zati nagusia.
2005., 2007., 2008. eta 2009. urteetan egindako lanen ondorioz, emaitza interesgarriak lortu ditugu, urte bakoitzean hilabeteko egonaldiak eginda.
Kobazulo bolkanikoko 10 km-ko lur azpiko topografia egin dugu. Horietatik, 6,5 km-k koba-sistema bakarra osatzen dutela demostratu dugu (Ana Te Pahu - Ana Heva - Vaiteka sistema); hau da, koba bera dela ikusi dugu. Horrela, Rapa Nuiko Roiho zonaldea munduko 11. koba-sistema bolkaniko handiena dela ikusi dugu, eta Txileko handiena.
Horrez gain, ehun bat kobazuloren izenak kokatu ditugu egindako topografian, eta, halaber, aztertutako koben erreferentzia geografikoak hartu ditugu. Gainera, ura edo edozein arrasto-mota (antropologikoak, biologikoak...) dituzten kobak kokatu ditugu topografian, hainbat geruzatako topografia egin baitugu. Lan horretan genbiltzala, ohartu ginen ura zeukaten koba guztien sarreretan petroglifoak (arrokan zizelatutako irudiak) zeudela. Beraz, petroglifoak egotea kobetan ura zegoen seinale zela ohartu ginen. Aurkikuntza hori oso interesgarria izan da, eta emaitza garrantzitsutzat jo genuen.
Argazkien bidez jaso dugu kobetako hainbat informazio. Alde batetik, tutu bolkanikoen barrualdea. Beste alde batetik, aurkitutako arrasto antropologikoak: giza hezurrak, obsidianazko gezi-puntak, labanak eta bestelako tresnak, morteroak, kiea (gorputza margotzeko pinturak), petroglifoak, piktografiak (arrokan egindako pinturak) eta abar. Arrasto horiek guztiak aurkitu diren tokian bertan uztea komeni da, egunen batean ikertu bailitezke. Mugituz gero, ordea, galdu egingo litzateke informazioa. Eta, azkenik, kobetan sortzen diren espeleotemak edo egiturak; hau da, estalaktita, estalagmita eta bestelako egiturak.
Lehenengo aldiz aurkitu dugu Rapa Nuin lurpeko fauna; hain zuzen ere, Pazko uharteko Parke Nazionalean dagoen Ana Roiho kobazuloan topatu dugu. Ana Roihon aurkitutako ornogabeak Rafael Jordanak eta Enrique Baquerok (Nafarroako Unibertsitateko Ekologia eta Zoologia Departamentukoak) aztertu dituzte, eta espezie berriak aurkitu dituzte. Deskribatutako espezie berri bat Collembola taldekoa da (Collembola, Entomobryomorpha, Entomobrydae) eta Coecobrya kennethi n. sp deitu diote. Talde horretako beste espezie bat ere agertu da. Beste alde batetik, Sinella taldeko espezie berri bat ere azaldu da, oraindik izena jarri ez diotena. Azkenik, Arrhopalites caecus espeziea sarritan izan da aipatua Ipar hemisferioan, bai Australian, baita Zelanda Berrian ere, baina Rapa Nui uhartean lehenengoz agertu da. Espezie horiez gain, Roihoko kobazuloan aurkitutako hiru akaro-mota (bi Oribatida larba eta Mesostigmata larba bat) aztertzen ari da Nafarroako Unibertsitateko Moraza doktorea. Espezie horiek aurkitu izana da gure lanak zientziari eta Pazko uharteari egin dion ekarpenetako bat.
Kobazuloak aztertzen hasi ginenetik ohartu ginen oso interesgarriak zirela han aurkitzen genituen espeleotemak edo kobetako egiturak. Laba-kobazuloetako formazioak, oro har, irregularrak eta tamaina txikikoak izaten dira. Rapa Nuiko Ana Hetereki koban, ostera, kolore horiko egitura luze eta estua zuten estalaktita berri batzuk ikusi genituen. Egitura berezi horiek (mukolitoak) Bolognako Unibertsitateko Paolo Forti irakasleak eta Almeriako Unibertsitateko Jose Maria Calaforra irakasleak aztertu dituzte, eta ikusi dute kanpotik sartutako materia organikoari esker eratu direla. Gainera, mikroorganismoz osatutako milaka geruza finez eratuta egoteak erakutsi du moai ak eraiki zituzten biztanleak iritsi baino lehen bazeudela mukolito horiek uhartean.
Mikroskopio optikoz eta elektronikoz egindako ikerketek erakutsi dute mukolito horiek jatorri biogenikoa dutela eta bai bizirik bai hilik dauden diatomeaz (Penales ordenakoak) eta zianobaterioz osatuta daudela. Bestalde, DNA azterketak egin ziren, in situ hibridazioaren teknikarekin (FISH eta CARD-FIISH teknikak), Ricardo Amilsen laborategian, Madrileko Unibertsitate Autonomoko Biologia Molekularreko Zentroan. Eta azterketa horietatik ondorioztatu da mukolitoak mikroorganismo bizi ugariz eratuta daudela, eta, diatomeez eta zianobakterioez gain, proteobakterioak direla nagusi (zehazkiago, gammaproteobakterioak). Beste kobetako mukolito eta lokatzetan antzeko emaitzak lortu ditugu; horrek esan nahi du mikroorganismo-mota horiek garrantzi handia izan dutela mukolitoak eratzean.
Rapa Nuiko kobazuloen uren azterketa fisiko-kimikoak egin genituen 2008 eta 2009ko otsailean, landa-aparatuak erabilita. Gainera, euri-ura lagindu eta aztertu zen (Hanga Roa hiriburuan).
Laburbilduz, Rapa Nuiko tutu bolkanikoetako urak gehienbat sodio eta/edo magnesio kloruratuak dira. Profil horren nagusitasuna dela eta, ondokoa ondoriozta dezakegu: urak gehienbat euri-uretan du jatorria (uhartean ez dago errekarik), ur-mota horren kloruro-profil bera baitu. Horrez gain, tutu bolkanikoetako uraren konposizioak arrokaren osagaiak barneratzen ditu, hala nola silizea, burdina eta nitratoak. Azaletik iragazten den euri-ura, tutu bolkanikoen barneraino sartu eta kobazuloko paretetan tanta lodi gisa kondentsatzen denean, barruko hezetasuna handitu egiten da, eta, ondorioz, metatu egiten da ura kobazulo barruan. Ez dago desberdintasun handirik kobazulo batzuetatik beste batzuetara. Ur-motari dagokionez, desberdintasun handiena Anakenako koban hartutako ur-laginak erakutsi du (kostaldetik gertuago baitago), eroankortasun eta kloruro gehiago baititu, itsas aerosolaren eraginez, ziur asko. Oro har, mineralizazio baxuko urak dira, pH neutrokoak, ez-saturatuak, eta kalitate onekoak, parametro fisiko-kimikoei dagokienez (sodioa, kloruroa, bikarbonatoa eta nitratoa).
Roihoko laba-zelaietan egindako lanak agerian utzi du han dauden ehunka koben garrantzia, espeleologiaren ikuspegitik ez ezik, gainerako zientzien ikuspegitik ere, hala nola bulkanoespeleologiaren, geologiaren, biologiaren eta arkeologiaren ikuspegitik.
Amaitzeko, gure esker beroenak eman nahi dizkiegu Zaharren Kontseiluari, Ariki ri, Pakarati familiari, Korori eta familiari, Pazko uharteko Gobernazioari, CONAFi, CONADi, Monumentu Nazionalen Batzordeari eta lan hau posible egin duten guztiei.
Maururu korua! Iorana!
Hizkuntza-aholkulariak: Agurtzane Urrutia/Imanol Miranda.
Iñakiri, Arani, Asierri
Nire bihotzeko Aku Akuak, oroimenez, maitasunez
"Naufrago fui, antes que navegante" Séneca
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak