Azken urteotan, medikuntza birsortzailearen arloak interes handia piztu du. Haren bidez, gorputzeko organo, ehun edo atalen funtzionamendua osatzea edo berreskuratzea bilatzen da, laborategian sortutako material eta egituretan oinarrituta. Material horien ezaugarri nagusiak dira biobateragarritasuna eta gorputzean integratzeko eta bertan eratzeko gai izatea. Helburua lortzeko, diziplina desberdinak bateratzen ditu: medikuntza, jakina, baina baita biologia, materialak, ingeniaritza eta nanoteknologia, besteak beste.
Horren guztiaren erakusgarri dira, esaterako, BRTA partzuergoko CICbiomaGUNEn eta Leartikerren lantzen dituzten proiektuak. Lehenak urteak daramatza arlo horretan lanean. Leartikerrentzat, berriz, esparru nahiko berria da, baina oso interesgarria eta itxaropentsua. Adibide egokiak dira, beraz, medikuntza birsortzailean ikerketa-zentroak egiten ari diren bidea erakusteko.
Naiara Laespada Agirre CICbiomaGUNEko komunikazio-arduradunak azaldu duenez, zentroaren helburu orokorra da patologia desberdinen ezagutza, diagnostikoa eta tratamendua ahalbidetzen duten nanomaterialak garatzea. Horren barruan, medikuntza birsortzailea dute langai, eta hiru talde dituzte lanean, hainbat ehunetako birsorkuntza-beharrei erantzuten, hala nola ehun neuronala, bihotz eta biriketako ehuna, eta ehun oseoa eta kartilagoa.
Leartikerren, berriz, bi arlo nagusi lantzen dituzte: elikagaiak eta materialak. Azken horretan, bereziki bi esparrutan ikertzen dute, garraio jasangarrian eta osasungintzan. Eta osasunera bideratutako esparru horretan dabil, hain zuzen, Izar Gorroñogoitia Uribarren ikertzailea.
CICbiomaGUNEn, Dorleta Jimenez de Aberasturik Ikerbasque ikertzaileak gidatutako taldean, material inorganikoen (nanopartikulak) eta organikoen (polimeroak, proteinak) hibridoak erabiltzen dituzte, estimuluei erantzuteko gai diren materialak sortzeko. 3D inprimagailuen bidez, eredu biologiko konplexuak eratzen dituzte, alderdi fisiologikoak eta patologikoak aztertzeko; esaterako, arteria pulmonarra edo bularreko minbizia.
Ezaugarri elektroaktiboak dituzten karbonozko nanozuntzak dira CICbiomaGUNEn garatzen dituzten materialen beste adibide bat. Ehun batzuek jarduera elektrikoa behar dute funtzionatzeko, hala nola neuronek eta bihotzak. Hala, Nuria Alegret Ramon ikertzaileak karbonozko nanozuntzez eta polimero biobateragarriez osatutako 3D aldamio eroaleak garatzen ditu, bizkarrezur-muinaren, nerbio ziatikoaren edo bihotzaren ehunak birsortzeko. Nabarmendu dutenez, emaitza onak izaten ari dira; esaterako, funtzio motorrak berreskuratzea lortu dute, bizkarrezur-muineko lesio baten ondoren.
Ander Abarrategi López Ikerbasqueko ikertzaileak, bestetik, hezurren eta kartilagoen ehunak birsortzen duten materialak dabil ikertzen CICbiomaGUNEn. Horretarako, ehun horien osagaiez baliatzen da (kaltzioa eta proteinak, batik bat), 3D-ko egitura biomimetikoak sortzeko. Horrez gain, bere taldean kolagenoa, hazkunde-faktoreak eta zelula amak ere erabiltzen dituzte, hezurren eta kartilagoen sortze-prozesua ezagutzeko. Horren bidez, hezurtze-prozesua bizkortzea eta hobetzea dute helburu, eta jada hezurra sortzen duten materialak garatu dituzte.
Gorroñogoitiak ere hezur-ehunak eta kartilagoa birsortzeko ikertzen du Leartikerren, osteoartritisa eta antzeko lesioak dituztenei tratamendu pertsonalizatua eskaintzeko. Zehaztu duenez, ehun-ingeniaritzarako biopolimeroak ikertzearekin batera, hidrogel naturalak garatzen ari dira, gero, 3D inprimagailuen bidez, euskarriak edo aldamioak sortzeko. Horrez gain, material polimerikoen karakterizazioan ere aritzen dira. Baliabideen aldetik badituzte mugak: zelulekin lan egiteko instalazioak falta zaizkie, eta, beraz, beste zentro batzuekin elkarlanean aritzen dira.
Elkarlanaren adibide bat CardioPrint proiektua da. 3D biofabrikazio multifuntzional aurreratuko egitasmo bat da, ehun kardiako terapeutikoak sortzeko. Nafarroako Unibertsitatea du buru, eta beste bost bazkiderekin batera parte hartuko du Leartikerrek. Haren zeregina hidrogel kardio-mimetikoak garatzea izango da, modelizazio konputazionalaren bidez inprimatuko direnak. Azken helburua kardiopatia iskemikoen tratamenduan aplikatzea da.
Bai CICbiomaGUNEn, bai Leartikerren, garbi dute ezagutzatik aplikazio klinikora doan bidea luzea eta zaila dela. Hortaz, azken helburua pazienteei laguntzea bada ere, oraindik lan handia egin beharko dute tarteko pauso guztietan, garatzen dituzten aurrerapenak kliniketan ikusteko. Elkarlana eta diziplinartekotasunaren beharra barneratuta dituzte, baina beste mugarri batzuk ere aipatzen dituzte.
Esate baterako, arlo horretan animaliekin esperimentuak egitea nahitaezkoa izaten da birsortze-gaitasuna probatzeko, eta horrek prozedura burokratikoak eta auzi etikoak dakartza. Behin aurkikuntza egiaztatuta egonda, patentatu beharra dago, eta saio klinikoen araudi zorrotzak jarraitu behar dira, lortutako aurrerapena aplikazio kliniko bilakatzeko. Beraz, zientzialariek argi dute lan handia egin beharko dutela ikerketen emaitzak klinikara iristeko, baina itxaropentsu dihardute, pazienteen onura helburutzat hartuta.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia