Gaur egun, Europako herrialde anitzetan sakabanaturik, 11 milioi ijito (edo, zuzenago, erromani) bizi dira. Herrialde bakar batean elkartuko balira, Portugalen edo Belgikaren neurriko estatua osatuko lukete. Sakabanatze horren ondorioz, gaur egun erromaniek aniztasun erlijioso, linguistiko eta kultural itzela bereganatu dute. Hala ere, erromaniek ezaugarri bereizgarriak dituzte: erromaniera dute jatorrizko hizkuntza, gizartea talde hermetiko (sarri nomada) txikitan antolatzen da, lanbide jakin batzuk ogibide dituztela: musika, errementaritza, zaldi-tratua eta igarletza, besteak beste.
Nondik datoz erromaniak? Mendeetan zehar misterio bat izan da herri honen jatorria. Erdi Aroan zabaldua zen kondairaren arabera, erromaniak Egipton sortuak zirela uste zen, eta hortik datoz, izan ere, hainbat hizkuntzatan erabiltzen diren egiptiano hitzaren eratorriak, euskarazko ijito kasu. Erromaniek ez dute beren arbasoen jatorriaren inguruko lekukotasun idatzi edo ahozkorik. Herri honen presentziaren inguruan dugun datu historiko fidagarririk zaharrena 14. mendeko idazkiak dira. Idazki horien arabera, hasiera batean erromaniak Balkanetan bakarrik bazeuden ere, ehun urteren buruan kontinentearen ertzetan ezarriak ziren jada (Iberiar penintsula, Eskandinavia eta Britainiar uharteak barne).
Ba ote dago argitzerik dokumentatu gabeko gizatalde baten iragana? Eta historia bera baino milaka urte lehenago gertatutako giza migrazioen berri jakiterik? Horrelako galderei erantzuteko tresna paregabea da genetika. Iraultza teknologikoari esker, gaur egun posible da genoma bat erdiestea 100 euroan, sakon (genotipatze teknikaz), eta 5.000 euroan guztiz (sekuentziatuz). Mundu osoan zehar hartutako gizakien genomak aztertuta, gure espeziearen sorreratik (duela 200.000 urte) izandako giza migrazioak ezagutu ahal izan ditugu. Besteak beste, Homo sapiens Afrikako ekialdean sortu eta beste kontinenteak nola kolonizatu zituen jakin dugu zehaztasun handiz. Hala ere, europarren ezagutza genomikoa sakona bada ere, erromaniak salbuespen ditugu. Ikerketa honen helburua Europako “paisaia genetikoa” osatzeko urrats garrantzitsu bat ematea da, inoiz erromanien gainean egin den ikerketa genetikorik handienarekin.
2001. urtean eman ziren jakitera Giza Genoma Proiektuaren lehen emaitzak. Lehen aldiz, gure espeziea bereizten duen DNA-sekuentzia deskribatu zen. DNA gurasoengandik jasotzen dugun informazio genetikoa da, zelula bakar batetik organismo bat sortzeko beharrezko diren aginduak gordetzen dituena. Pertsona baten DNAri genoma deitzen diogu. Nahiz eta funtzio biologikoa betetzen duten zatiak izan, geneek gure genomaren % 5 bakarrik osatzen dute. Hala ere, genoma osotasunean oso baliagarria zaigu gure espeziearen iragana ikasteko. Gutako bakoitzak 60-100 bat mutazio berri ditu. Mutazio berriak aurreko belaunaldi bakoitzean ere gertatuak direnez, gure arbasoen mutazioen gordailu moduko batzuk ditugu genomak. Intuitiboki, beraz, familia berean, anai-arrebek beren artean mutazio gehiago partekatuko dituzte lehengusuek baino. Logika bera erabil daiteke populazio mailan ere: gizatalde bereko kideek, batez beste, mutazio berdin gehiago izango dituzte beren artean beste populazio bateko kideekin baino (hots, distantzia genetiko txikiagoak). Are gehiago, mutazioak zenbateko maiztasunarekin gertatzen diren ezaguna denez, bi giza populazioren arbasoak noiz banatu edo elkartu ziren kalkula daiteke, baita populazioon neurriek denboran zehar izandako gorabeherak ere. Oinarri teoriko hauek ezarri dituen biologiaren adarrari populazioen genetika esan ohi zaio.
Ikerketa honetan 152 borondatezko erromaniren laginak (odola edo txistua) bildu ziren Balkanetako penintsulan (Grezia, Bulgaria, Serbia eta Kroazia), Erdialdeko Europan (Errumania, Hungaria eta Eslovakia), Ekialdeko Europan (Ukraina), Baltikoko herrialdeetan (Estonia eta Lituania), Britainiar uharteetan (Gales) eta Iberiar penintsulan (Espainia eta Portugal). Lagin horietako zeluletatik DNA erauzi ondoren, parte-hartzaileen genomak aztertu ziren laborategian, miloi bat polimorfismo inguru genotipatuz (bi gizakiren artean ezberdinak izan daitezkeen mutazioak, alegia). Erromanien dibertsitate genetikoa beste gizakien testuinguruan jartzeko, bost kontinenteetako gizakien genomak aztertu ziren erromanienekin batera (publikoki eskuragarri zeuden 4.500 lagun inguru).
Datu horiekin mapa genetiko bat eraiki zen. Ohiko mapa batean distantzia geografikoak erakusten diren bezala, mapa genetikoetan (Multidimentsional Scaling Plot delakoan) puntu bakoitzak gizaki bat irudikatzen du eta puntuen arteko distantziek distantzia genetikoak adierazten dituzte. Europako inguru ugaritako erromani gehienak
elkarrekin kokatzen dira mapan, jatorri berbera dutela iradokiz (ikus irudia). Gainera, europar, kaukasiar eta Ekialde Hurbileko populazioen eskuinaldean kokatzen dira, erromanien jatorria ekialderago (Pakistanen edo Indian) kokatzen dela erakutsiz. Gizabanako gutxi batzuk (populazioaren % 25 inguru), hala ere, beste erromaniengandik baino europarrengandik gerturago kokatzen dira mapan. Hurbiltasun horrek adierazten du erromani batzuen arbasoak berriki beste europarrekin nahastu direla, bi gizataldeon arteko isolamendu genetikoa guztizkoa izan ez dela erakutsiz.
Jarraian, erromanien jatorria indiar azpikontinentean geografikoki zehatzago kokatzeko ahaleginean, India eta Pakistango 19 populaziotako indibiduoen genomekin alderatu ziren. Zehazki, koaleszentzia eredu genetikoa eta Approximate Bayesian Computation (ABC) metodo estatistikoa erabili ziren ustezko populazio parental bakoitzaren probabilitatea kalkulatzeko. Datuen arabera, erromaniak gaur egungo India-Pakistan mugaren inguruko estatuetan (Punjab eta Rajastan) bizi diren populazio indoeuroparretatik eratorriak dira (% 94ko sostengu estatistiko sendoaz). ABC analisiak argi erakutsi zuen erromaniek fundatzaile efektu gogorra pairatu zutela, hau da, indiar jatorriko arbaso kopuru txiki batetik datozela gaur egungo erromaniak (populazio parentalaren dibertsitate genetikoaren % 47 galduta). Teknika estatistikoa, aldi berean, erromani eta Punjab inguruko populazioen arteko banaketa noiz gertatu zen datatzeko ere bada baliagarria. Erromani eta arbaso indiarren artean aurkitutako distantzia genetikoak ondo egokitzen dira banaketa duela 1.500 urte izan balitz espero zitekeenarekin.
Aurkikuntza hori bat dator XIX. mendean hizkuntzalariek deskribatu zuten erromaniera eta Indiako ipar-mendebaldeko hizkuntzen arteko erlazio estuarekin. Hala ere, hizkuntzen eta geneen historiak ez datoz beti bat. Hizkuntza baten hedatzea bi eratara gerta liteke: hiztun zaharrek
hizkuntza berria ikasita edo hiztunak berak mugitzearen ondorioz. Lehenengo kasuan, ordezkapen linguistikoa baina jarraitutasun genetikoa
litzateke; bigarrenean, aldiz, ordezkapen linguistiko zein genetikoa. Erromanien datu genetiko eta linguistikoak bat datoz Indiako ipar-mendebaldeko jatorriarekin. Aldiz, Ekialde Hurbileko hizkuntzek (pertsierak eta armenierak, besteak beste) erromani mintzairan izandako eragin sakona ez da islatzen erromanien genometan. Itxura guztien arabera, beraz, Europarako bidean aurkituriko populazioekin izandako hartu-emanak kulturalak soilik izan ziren.
Teknika estatistiko eta eredu genetiko beraz baliatuta, 13 erromani-talderen arteko ezberdintasun genetikoak aztertu ziren jarraian. Aniztasun genetiko handiena Balkanetako taldeek erakusten dute, erromaniak Europara Balkanetatik sartu zirela iradokitzen duena. Aitzitik, Balkanetatik at dibertsitate genetikoa oso urria da eta egitura berezia erakusten du: aniztasuna txikiagoa da Erdialdeko Europan, txikiagoa oraindik mendebalderantz eta iparralderantz egin ahala. Egitura horrek erromaniek kontinentean zabaltzean egindako ibilbidearen berri ematen digu. Talde gehienak Balkan inguruan finkatu ziren arren, gutxi batzuek iparralderantz jo zuten, eta handik Erdialdeko Europan barreiatu ziren. Azkenik, Erdialdeko Europako talde bakan batzuk mendebalderantz (Iberiar penintsularaino ailegatuta) eta beranduago beste batzuk iparralderantz (Baltikoko herrialdeetara) jo zutela ondoriozta daiteke dibertsitate genetikoetatik. Migrazio hori dela eta, gaur egun kokapen geografikoan urrun dauden erromani portugaldar eta lituaniarrak elkarren antzekoagoak dira genetikoki (Erdialdeko Europako ibilbide beretik sortuak baitira) talde horietako kide bakoitza bulgariar erromani batekin baino. Datazioen arabera, sakabanatzea duela 900 urte inguru hasi zen, eta sorburutik (gaur egungo Bulgariatik, ziurrenik) helmugetara, hasierako dibertsitatearen % 30eko galera atzematen da genometan. Erromani-talde batzuek erakusten duten dibertsitate urria, ordea, ezin zaio barreiatzeari soilik leporatu. Naziek eta beren aliatuek milioi bat erromani hil zituzten Porrajmos izenez ezagutzen den holokaustoan. Kroaziaren kasua izan zen gogorrenetarikoa, bertako erromani populazio ia osoa (~% 95) suntsitu baitzuten 1940ko hamarkadan. Gertaera horrekin bat dator laginduriko Kroaziako erromaniek erakusten duten aniztasun genetiko eskasa, eta horrek iradokitzen du beste herrialdeetako erromaniak baino populazio parental txikiago batetik datozela.
Erromanien iraganeko gertaera nagusiak genetikaren bidez argitu ahal izan diren arren, badira beste hainbat galdera zirraragarri airean. Erromaniak Punjab inguruko zein talde zehatzetatik eratorriak diren ez da gauza jakina (indoeuropar familia linguistikoaren zein adarretatik eta zein gizarte-kastatatik, besteak beste). Bestalde, Europako erromaniek indiar eta europar payoengandik jasotako ondare genetikoa zehaztu bada ere, erromaniek beste europarrei egindako ekarpen genetikoa ikertzeke dago oraindik. DNAren sekuentzia ebazteko teknologiak merkatzen ari diren heinean, gero eta gizabanako gehiagoren genomak izango dira eskuragarri. Galdera hauen eta beste hainbesteren erantzuna genetikaren bidez ematea denbora kontua baino ez da, ziur aski.
Nire eskerrak Maria Jose Ezeizabarrenari eta Urko M. Marigortari lan hau burutzeko emandako aholkuengatik, eta baita jatorrizko ikerketan parte hartu duten erromaniei eta kolaboratzaileei ere, bereziki David Comasi (Universitat Pompeu Fabra, Bartzelona), Óscar Laori eta Manfred Kayserri (Erasmus Medical Center Rotterdam, Herbehereak). Tesia Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ikertzaileak prestatzeko programaren bidez finantzatu da.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak