Mendebaldeko herrialdeetako berrehun biztanletatik batek pairatzen du hemokromatosi heredagarria, gure gizarteko gaixotasun genetikorik arruntena. Gaitz horren ondorioz, gorputzean burdin metaketa progresiboa gertatzen da, hasieran odolean (hemokromatosi hitzak "odol koloretsua" esan nahi du, burdinak odola iluntzen duelako) eta ondoren ehunetan. Kalteak goiztiarragoak eta larriagoak izaten dira gizonezkoetan, emakumezkoek, hilekoaren odol-galerari esker, metaketa motelagoa eta berantiarragoa izaten baitute.
Hemokromatosi heredagarria burdinaren metabolismoaren erregulazio desegoki baten ondorio da. Erregulazio hori gibelak zuzentzen du, hepatozitoen mintz plasmatikoan kokaturiko proteina batzuei esker. Odoleko burdin mailak altuak direnean, proteina horiek konplexu erregulatzaile bat eratzen dute eta hepzidina hormonaren sintesia eta jariapena eragiten dute. Hormona hori arduratuko da hesteko burdin xurgapena eragozteaz eta, hala, odoleko burdin maila egokia berreskuratzeaz.
Konplexuko edozein osagairen gene mutatuak eragin dezake hemokromatosi heredagarria. Baina eragile nagusia HFE proteinaren mutazioa da. HFE proteinan bi mutazio nagusi jazo daitezke: H63D (ez du eragin nabarmenik) eta C282Y. Azken horren ondorioz, HFEren egitura zeharo aldatzen da, eta ezin da hepatozitoen mintz plasmatikoan txertatu (ez da konplexu erregulatzailerik eratzen). Mutazio horrek eragiten du hemokromatosi heredagarrien % 85.
Zergatik dago mutazioa hain zabalduta? Badirudi horren azalpena heterozigotoen abantaila dela: heterozigotoek ez dute gaitza garatzen, baina ohi baino burdin maila altuagoak izaten dituzte. Kalkuluen arabera, C282Y mutazioa duela 2.000-3.000 urte agertu zen Irlandan; garai hartako dieta oso urria zen burdinetan, eta burdin eskasia hark arazo larriak ekartzen zituen. Hala, burdin maila altuagoak bermatzen zituen "akatsa" opari bat zen; eta belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan zen. Orain, ordea, burdina askoko elikagai ugari ditugunez, gure arbasoek transmititu diguten ondare hori etsai bihurtu da.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak