COVID-19aren gerizpean: biodibertsitate-galera

Arrizabalaga Escudero, Aitor

Biologian doktorea

Hainbat izan dira saguzarren kontra entzundako iritziak, azkenaldian. Saguzarrekiko ikara garatu dute askok, hauek hiltzea proposatzeraino ere. Horren isla da Txinako ikertzaile batzuek, saguzarren kontserbazio-egoeraz kezkaturik, mundu osoko ikertzaileei aholku eske idatzi izana. Bai, basapiztia asko bezala, birus-espezie askoren gordailu dira. Baina haiek al dute COVID-19arekin gertatutakoaren errua?

covid-19aren-gerizpean-biodibertsitate-galera
Miniopterus schreibersii, Euskal Herriko leize-zuloetan gorde ohi den koba-saguzarra. Arg. Aitor Arrizabalaga

Munduan, 1.300 saguzar-espezie baino gehiago daude. Landareen polinizazioan eta hazien sakabanaketan ezinbesteko funtzio ekologikoa betetzen dute tropikoetan. Gainera, intsektujale amorratuak dira, eta gure labore askoren izurriak daude beren menuan. Bai, 200 birus baino gehiago identifikatu dira saguzarretan, horietatik batzuk arriskutsuak izan daitezkeenak gizakiarentzat. Birusak ugariak dira ugaztunetan, oro har (1. taula), baita hegazti eta bestelako ornodun askotan ere. Baina haien ingurune naturalean utziz gero, oso aukera gutxi dago gizakioi gaixotasunak transmititzeko, eta eskaintzen dizkiguten onura ekologikoak ez dira arbuiatzekoak. Hori, ordea, ez da errealitatea. Giza jardueren ondorioz, espezie askoren kontserbazio-egoera ez da ona: hegaztien % 12, ugaztunen % 23 eta anfibioen % 32 daude galtzeko arriskuan, besteak beste. Artikulu honetan ikusiko dugun bezala, biodibertsitate-galerak baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu gaixotasunen transmisioa errazteko.

Ezohiko gertaera batetik urrun, COVID-19a gaixotasun zoonotikoen zerrenda luze baten azkenengoa da, baina, tamalez, ez da azkena izango. 1960 eta 2004 bitartean, ikertzaileek 335 gaixotasun infekzioso berri identifikatu zituzten gizakiotan; haietatik % 60k gutxienez du jatorria animalietan, hau da, gaixotasun zoonotikoak dira. Hiesa, SARS-CoVa eta ebola dira horien adibide batzuk. Ikertzaileen modeloen arabera, ordea, etorkizunak ez dirudi hobea. Izan ere, zientzialariek ondorioztatu dute gaixotasun infekzioso berriak agertzeko aukera guztiz erlazionatuta dagoela biodibertsitate-galerarekin eta giza jarduerekin. Definizioz, gaixotasun infekziosoek espezieen arteko elkarrekintza dute oinarrian. Elkarrekintza horiek aldatuz gero, patogenoentzako aukera berriak sortu daitezke, bai hedapena handitzeko bai ostalari berriak infektatzeko. Itxurazko osasun-arazo bakan batetik ekosistema mailako arazo ekologiko batera egin dugu jauzi. Eta, ekosistemak sinple izatetik urruti daude.

1.Taula. Gizakiekin birus zoonotikoak partekatzen dituzten ugaztun-talde batzuk. Johnson et al (2020) artikuluan oinarritua. Irudia, BioRender.com programan egina. Arg. Aitor Arrizabalaga

Biodibertsitatearen eraldaketak patogenoen dinamikan duen eragina

Espezieen dibertsitateak espezie-kopuruari eta haien ugaritasun erlatiboari egiten dio erreferentzia. Gainera, espezieek elkarrekintzak izaten dituzte ekosistemetan. Zenbat eta ekosistema konplexuagoa izan (oihan tropikala, esaterako), orduan eta aberatsagoa da espezie-kopurua eta haien arteko elkarrekintza-kopurua. Testuinguru horretan, biodibertsitate altuko lekuek bi modu kontrajarritan joka dezakete. Alde batetik, patogeno potentzial berrien gordailu izan daitezke biodibertsitate aberatsak. Bestetik, ordea, aniztasun handiko biodibertsitate batek patogeno berrien edota ezagunen transmisioa murritz dezake; edo, kontrara, espezie-galerekin batera patogenoen transmisioa emendatu daiteke. Ikusiko dugun bezala, desagertzen edota gailentzen diren espezieen identitateak garrantzi handia dauka gaixotasunen transmisioan, denak ezbaitira ekologikoki berdinak.

Biodibertsitatea murriztean, guztiz aldatzen da komunitate bateko espezie-konposizioa: espezie asko desagertzen dira eta gutxi batzuen populazioak izugarri hazten dira. Horrek hainbat efektu kateatu izan ditzake. Desagertutako espezieak patogenoaren ostalari potentzialak badira, patogenoaren hedapena espezie gutxiagotara murriztu, eta kontzentratu egiten da (1. irudia). Gainera, desagertutako espezieekiko lehia murriztean, biziraun duten horien ugaritasuna asko emendatu ohi da. Ingurune eraldatuetan ugaritu ohi diren espezieak erresilientzia ekologiko altukoak izan ohi dira, aldaketa ekologikoekiko erresistenteak, alegia. Ugaltze-tasa altukoak eta moldagarritasun edo inbertsio immune urrikoak dira; patogenoen ostalari eta bektore izateko ezaugarri egokiak dituzte. Horrek guztiak birusaren anplifikazio-efektua eragiten du. Hori da, hain zuzen ere, hainbat ikerketatan behatu dutena: ingurune antropizatuetan ugaritu eta hedatu diren espezieak dira gaixotasun zoonotikoen transmisio-arrisku altuena dutenak. Horri guztiari, gainera, gehitu behar zaizkio ostalarien portaerak (taldekoiak edo bakartiak diren, enfrentamendutarako joera duten…) eta bektoreen mugikortasunak (eltxoak, esaterako) gaixoaren hedapenean izan dezakeen efektua.

1.Irudia. Goiko koadroan, Panamako oihanean ugaztun txikiekin eginiko esperimentu baten irudikapen moldatua. Ugaztunen tamainak espeziearen ugaritasun erlatiboa adierazten du. Ugaztunen dibertsitatea artifizialki gutxitzean (eskuina), ostalarietako baten populazioa emendatu, eta hantabirusaren hedapena zabaldu zen inguruan. Beheko koadroan, zenbait espeziek Borrelia patogenoarekiko eta haren bektorearekiko duten erantzuna ageri da; oposumek patogenoaren hedapena indargetzen dute, eta hanka zuriko saguek, berriz, zabaldu. Irudia, BioRender.com programan egina. Arg. Aitor Arrizabalaga

Bestetik, desagertutako espezie batzuk ostalari kaskarrak izan ohi dira, hau da, patogenoek infekta ditzakete, baina transmisioak ez du jarraikortasunik izaten eta haren hedapena mozten da. Gaixotasunen hedapena indargetzen dute espezie horiek. Hortaz, ostalari kaskarren dibertsitatea murriztean, egokiagoak diren ostalarietan kontzentratu eta anplifikatzen da patogenoaren presentzia, eta gizakietara transmititzeko arriskua emendatzen. Hori da, esaterako, Nilo mendebaldeko birusaren eta hantabirus baten kasuan hegazti eta ugaztunetan behatutakoa, hurrenez hurren.

Azkenik, ekuazio konplexu horri ostalari barneko dibertsitateagehitu behar zaio. Izan ere, geroz eta ikerketa gehiagok erakusten dute ostalariokin sinbiosian bizi diren bakterio-komunitateen (mikrobioma) dibertsitateak zer garrantzi duen patogenoekiko sentikortasun eta hedapenean. Dibertsitate-galerak ekosistema mailan behatutako patroiak gogorarazten ditu. Antibiotikoak neurriz kanpo erabiltzeak erabateko kaltea egiten dio dibertsitate mikrobiarrari, abeltzaintzan zein gizakiotan, eta, aurreko guztiarekin batera, patogenoekiko ostalarion zaurgarritasuna emendatzen du.

Patogeno berrien agerpena

Patogeno batek espezie berri bat infektatzeko gaitasuna izan dezan hiru pausu eman behar ditu: 1) ostalari berria inbaditzea; 2) ostalari berriaren barnean egonik, transmisio-gaitasuna duten patogenoak sortzea; eta, 3) ostalari berrian, patogeno gisa finkatzea. Ikertzaileek 1960. urtetik identifikatutako gaixotasun zoonotiko berrien ia erdiak lurzoruaren erabileraren aldaketekin, nekazaritzarako edota abeltzaintzarako ingurunearen eraldaketekin eta animalia basatien ehizarekin erlazionatu dira. Giza jarduera horiek guztiak aldagai komun bat dute: gizakiaren eta animalien arteko kontaktua emendatzen dute, eta horixe da patogenoek ostalari berriak inbaditzeko beharrezko baldintza. Behin ostalari berria inbadituta, azken horren indibiduo-dentsitateak guztiz baldintza dezake patogeno berriaren transmisioa eta finkapena.

Horren adibide da Nipah birusaren kasua (Malaysian). Oihanari kendutako nekazaritzako lurren hedapenak eta abeltzaintzaren hazkundeak emendatu egin zituen animalia basati eta gizakien arteko elkarrekintzak. Orduan, Pteropus generoko saguzarretatik (saguzar frutajaleak) etxeko txerrietara egin zuen jauzi birusak lehendabizi. Ondoren, uste da txerri-dentsitate altuko etxaldeetan txerritik txerrirako transmisioa erraztu zela (ekoizpen intentsiboa). Azkenik, patogenoak txerrietatik gizakira egin zuen jauzi. Batzuek diote saguzarrekin kontaktuan egondako fruituak jatearen ondorioz gizakietara zuzenean transmititutako kasuak ere badaudela. Patogeno horrek eta bestelakoek antzeko oinarria dute: egoera sozioekonomiko kaskarreko herrialdeek (ez beti), halabeharrez, ingurune naturala eraldatu eta basabizitzaren, abereen eta gizakien arteko elkarrekintza estua emendatzen dute.

Elkarrekintza horiek Wuhangoa bezalako merkatu freskoak gogorarazten dizkigute, zeinak hozkailuak urriak diren tokietan haragi freskoa lortzeko toki bakarrak baitira Asia eta Afrikan. Horrelako tokietan, abereak zein animalia basatiak kontaktu estuan egon ohi dira. Are gehiago, animalia basatien legez kanpoko merkataritzak (haragia, bolia, larrua, etxe-animaliak, medikamentuak…) munduan mugitzen duen dirutza kontuan edukita (arma zein drogen salerosketen parekoa!), ez da harritzekoa herrialde horietako asko negozio horretan sartu behar izatea. Animalia-espezie horietako asko mehatxatuta daude, pangolin famatua, kasurako. Ikertzaileen arabera, mehatxatutako ugaztun espezieen artean, komertzializatuak diren horiek partekatzen dituzte birus gehien gizakiokin, eta horrek agerraldi berrien arriskua emendatzen du.

Bestalde, erakargarria gerta liteke horrelako herrialdeak COVID-19arekin eta halako gaixotasunekin gertatutakoaz kriminalizatzea. Epai horiek, ordea, guztiz bidegabeak dira. Izan ere, oihanei kendutako nekazaritza-eremuak edota legez kanpoko ehiza-jarduera populazio horien janari-iturri bakarra dira. Eta ezin zaigu ahaztu egoera horren atzean dagoela herrialde aberatsek mineralak, elikagaiak, opor-lekuak edota bestelako baliabide batzuk eskuratzeko egiten dugun presio izugarria.

Laburbilduz, COVID-19a bezalako birus zoonotikoen agerraldia eta transmisioa ugaritu egin da azken hamarkadetan. Ezjakintasuna medio, animalia basatiak eta, bereziki, saguzarrak jo ditugu errudun nagusitzat, eta horrek indartu egin du haiekiko izua gizartean. Emendio hori, ordea, giza jarduerek eragindako ingurune-aldaketekin erlazionatu dago, besteak beste, produkzio primario intentsibotarako basoei eremuak kentzearekin, urbanizazioarekin eta ehizarekin. Izan ere, ingurune-aldaketak espezie-dibertsitatea eta espezieen arteko elkarrekintzak aldatzen ditu. Gainera, espezie guztiak ez dira berdinak. Hortaz, beharrezkoa da haien ekologia eta epidemiologia ondo ezagutzea izurri berrien agerraldiak, jatorriak, sendagaiak eta abar ikertzeko. Horren guztiaren atzean herrialde aberatsen zein pobreen erantzukizuna dago. Bada garaia, beraz, giza osasunaren eta ongizatearen barnean ingurumenaren osasunak duen garrantziaz ohartzea. Beharbada, COVID-19ak eragindako egoera honek gizarte-ereduaren inguruan hausnartzeko balioko digu. Beharbada, ez.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila