Trantsizio energetikoak gaur egungo eredu energetikoaren aldaketa du helburu. Herritarren eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzen duen eredu energetiko berri eta jasangarri bat lortzea, hain zuzen ere. Klima-aldaketaren aurkako borroka da aldaketa hori bultzatzeko motibazio nagusietako bat, eta, beraz, funtsezkoa da erabakiak hartzea klima-aldaketa eta haren ondorioak mugatu eta garapen jasangarriago bat lortzeko [1-2].
Europar Batasunak, hainbat neurri ezarri ditu 2020 eta 2030erako, emisioak murriztu eta klima-aldaketara egokitzeko [3], besteak beste:
Euskal Herrian ere badago helburu horiek lortzeko konpromisoa (horren isla da, Euskal Autonomi Erkidegoko EAEko jasangarritasun energetikoari buruzko legea [4]).
Trantsizio energetikoaz hitz egiten jarraitu baino lehen beharrezkoa da Euskal Herriko gaur egungo eredu energetikoa nolakoa den aztertu eta zenbait puntu adierazgarri azaltzea.
Alde batetik, Euskal Herriko eskari energetikoa, neurri handi batean, inportazioen mende dago, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) energiaren % 94 eta Nafarroako % 80 kanpotik dator [5]. Eta erregai fosilek oso pisu garrantzitsua dute oraindik energiaren guztizko kontsumoan.
Elektrizitate-sorkuntza berriztagarriari dagokionez, azken hamarkadan energia hidroelektrikoa eta eolikoa sortzeko gaitasuna nahiko egonkorra izan den arren, Red Eléctrica de Españak (REE) argitaratu berri duen Sistema elektrikoari buruzko 2020ko txostenean adierazten den moduan [13], gaur egun EAEn instalatuta dagoen potentzia guztiaren % 16,5 bakarrik dagokie energia berriztagarriei: % 5,9 energia hidraulikoari dagokio, % 5,3 energia eolikoari eta % 1,7 energia fotovoltaikoari. Nafarroako datuei erreparatzen badiegu, instalatutako potentzia guztiaren % 53,2 litzateke berriztagarria: % 6,8 energia hidraulikoa, % 32,1 energia eolikoa eta % 4,7 energia fotovoltaikoa [13]. Iparraldeko egoera aztertzen badugu, Frantziako estatuak energia nuklearrarekin daukan menpekotasuna handia da; izan ere, % 75-80 energiari nuklearrari dagokio, % 10-15 energia hidraulikoari eta % 10 bakarrik energia berriztagarriei.
Beste alde batetik, Euskal Herriko sistema elektrikoaren egitura zentralizatua da [6]. Hau da, sorkuntza-puntu handiak lehenesten dira, eta horiek kontsumo-guneetatik urrun kokatzen dira (horrek dakar garraio- eta banaketa-galerak eta kostua handitzea). Gainera, oraingo sareak norabide bakarrean ematen du energia-trukea, eta eskariak jasaten duen eragina kontrolatu eta kudeatzeko zailtasun handiak daude.
Azkenik, sistema elektrikoak eredu hierarkiko baten funtzionamenduari jarraitzen dio; izan ere, liberalizazio-etaparen ostean, kontsumitzailea bere elektrizitatea ordaintzera bakarrik mugatzen da [7].
Beraz, bilakaera teknologikoa izan bada ere, oraindik jarraitzen dugu petrolioarekiko mendekotasun handia duen eredu energetiko bat izaten. Egoera horren aurrean, abiatu den trantsizio energetikoaren bidean, beharrezkoa da eredu energetiko berri bat finkatzea, iraunkorra, banatua (deszentralizatua), ingurumena errespetatuko duena (deskarbonizatua), digitalizatua eta kontsumitzailea inplikatzeko eta sistemaren funtsezko pieza sentiarazteko ere balio beharko duena. Autokontsumoak (batez ere biltegiratzearekin hibridatuta) eta komunitate energetikoek funtsezko eginkizuna izango dute paradigma-aldaketa lortzeko [8-9].
Autokontsumoa da norberak kontsumitzeko energia ekoiztea energia berriztagarrien bitartez. Gaur egun, bateria edo biltegiratze hibridatua duten eguzki-instalazio fotovoltaikoetan oinarritzen dira autokontsumoan nagusi diren sistemak. Autokontsumoa etxeetan, enpresetan, erakundeetan, ikastetxeetan, udaletxeetan, hau da, hornidura elektrikoa duen edozein punturi instalazio bat erantsiz egin daiteke [8-9].
244/2019 Errege Dekretuan bi autokontsumo-mota definitzen dira [10-11]:
Eta autokontsumoko modalitate hauetako bat erabil daiteke eguzki-instalazio fotovoltaikoan:
Kasu horretan, zenbait baldintza ere bete behar dira:
Autokontsumoari buruzko 244/2019 EDa funtsezko aurrerapausoa izan da Behe Tentsioko elektrizitate-sarean energia fotovoltaikoa eta autokontsumoa ezartzeko; izan ere, orain, kontsumitzaileak ekoizlearen rola ere har dezake (hemendik aurrera, “prosumitzaile” deituko diogu rol horri), eta energiaren autokontsumoaren aldeko apustua egin dezake bere beharrizan energetikoak asetzeko.
Aurreko atalean adierazi den bezala, trantsizio energetikoaren bidean, kontsumitzaileak gaitasun berriak eskura ditzake, autokontsumoari esker; izan ere, energia sortu, kontsumitu, metatu edo saldu ahal izango du. Energia-soberakinak (sortu baina kontsumitu ez dena) baterietan metatu, eta bere kabuz edota bitartekari baten bidez saldu ahal izango ditu. Horrek guztiak kontsumitzaileen ahalduntzea bultzatuko du, eta eredu garden eta demokratikoagoa ahalbidetu. Beraz, etorkizunean, litekeena da kontsumitzaile hutsa izan den gizartearen zati garrantzitsu bat prosumitzaile (ekoizle + kontsumitzaile) izatera pasatzea. Horregatik, Euskal Herrian aurreikusten da sarean bateria propioak dituzten milaka prosumitzaile izango direla.
Halaber, erabiltzaileen gehiengoak nahiko ezagutza teknikorik ez izateak eta sistemaren eta argindarraren merkatuaren funtzionamenduaren konplexutasunak atea irekitzen dio besteon instalazioak kudeatzeko ardura duen agente berri bati: eskariaren agregatzailea, hain zuzen ere. Agregatzailea prosumitzaile askoren instalazioak kudeatzeaz arduratuko litzateke. Horrez gain, etekin gehigarriak lor ditzake sareko doikuntza-zerbitzuak eskainiz [6]. Bestalde, biltegiratze-kudeaketa optimoak malgutasuna emango dio elektrizitate-sareari; izan ere, etxeetako produkzioa eta kontsumoa sarearen beharretara egokitzeko gaitasuna areagotuko du.
Esan beharra dago oraindik arautu gabeko figura izaten jarraitzen duela agregatzailearen figurak. Hala ere, Europatik datozen araudi berriak kontuan izanik, epe laburrean aldatuko da hori.
Legedi berria dela eta Europatik sustatzen ari diren beste eragile bat energia-komunitateak dira. Definizioz, “energia-komunitatea erakunde legal bat da, zeinaren inguruan ingurune hurbileko pertsonak eta erakundeak antolatzen baitira, publiko zein pribatuak, energia-sektorearekin zerikusia duen jarduera batean elkartuta lankidetzan aritzeko, bertako kideei edo tokiko komunitateari zerbitzuak edo bestelako onura sozioekonomiko eta ingurumenekoak emateko”.
Komunitate energetikoek zeresan garrantzitsua izango dute trantsizio energetikoan. Eremu lokal batean energia sortzeko eta banatzeko sistema tradizionala eraldatzen dute, eta klima-aldaketari aurre egiteko, tokiko baliabide energetiko berriztagarrien ustiapen adimentsuan oinarritzen dira. Komunitate energetikoaren helburua balio sozioekonomiko eta ingurumenekoak bultzatzea da, onura ekonomikoak bigarren maila batean utzita; batez ere, merkatu elektrikoan erabakiak hartzerakoan tokiko kontsumitzailearen partaidetza eta ahalduntzea handiagoa izatea ahalbidetu nahi du.
Bestalde, 244/2019 EDa autokontsumoaren eta energia-komunitateen garapenean aurrera egiteko urrats handia izan bada ere, gaur egun beharrezkoa da energia-komunitateen inguruan negozio-eredu berriak aztertu eta garatzea.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak