Arlanpe: Bizkaiko historiaurrea ulertzeko lau leiho

Rios Garaizar, Joseba

Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroa - CENIEH

Garate Maidagan, Diego

Bilboko Arkeologi Museoa

Gómez Olivencia, Asier

Parisko Historia Naturalaren Museoa

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu berri du BAI (Bizkaiko Arkeologi Indusketak) seriean Arlanpeko aztarnategiari buruzko liburua, non aurkezten baitira 2006-2012 bitartean gauzatutako indusketen eta ikerketen emaitza garrantzitsuenak. Arlanpeko kobazuloa Lemoan dago, Arratia ibaiaren bukaerako eskuin-ertzean, Arlanpeko Atxaren mendebaldean. Egun, haitzuloaren ahoa ipar-ekialdera irekitzen da. Hara heltzea erraza ez izan arren, bertan topaturiko "altxor" arkeopaleontologikoek merezi izan dute. Indusketetan 20 arkeologo boluntario inguru aritu ziren, eta ikerketa-lanak ikerkuntza-zentro desberdinetako beste 20 bat ikerlarik gauzatu dituzte. Kide hauen esku egon da lanen koordinazioa: Joseba Rios Garaizar Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentrokoa (CENIEH), Diego Garate Bilboko Arkeologi Museokoa, eta Asier Gómez Olivencia Parisko Historia Naturalaren Museokoa.
arlanpe-bizkaiko-historiaurrea-ulertzeko-lau-leiho
Arlanperen kokapena inguruko beste aztarnategiekiko, eta haitzuloaren kokapena Arlanpeko Atxan. Arg. Joseba Rios

Arlanpeko aztarnategia Arratiako haranean kokatua dago, Lemoako udalerrian. Aztarnategia 1961. urtean aurkitu bazen ere, haren benetako potentzial arkeologikoa 2006an gauzatutako lehen zundaketekin jarri zen agerian. Oro har esan dezakegu Arlanpeko kobazuloa bai gizakiek bai beste animalia batzuek erabili izan dutela gutxienez azken 150.000 urteetan. Bi giza espeziek erabili zuten babesleku gisa: neandertalek, antzinako Erdi Paleolitoan zehar, eta gure espezieak, Goi Paleolitoan eta Brontze Aroan, batik bat. Paleolitoko geruzetan, ehizatutako animalien arrastoak aurkitzen dira, arruntenak basahuntza ( Capra pyrenaica ) eta sarrioa ( Rupicapra pyrenaica ), inguruko eremu menditsuarekin bat etorriz. Hala ere, beste karniboro- (ikus goiko taula) eta ungulatu-espezie batzuk ere topatzen dira, eta azken horien artean aipa ditzakegu oreina, orkatza, elur-oreina, zaldia edota uroa, inguruko beste ekosistemen adierazle.

Sedimentuak garbitzean, mikroornodunen hezurrak ere aurkitu dira. Hala, Arlanpen 34 taxoi identifikatu dira, 23 ugaztun, sei narrasti eta bost anfibio. Espezie horien eta ingurunearen arteko lotura oso estua denez, taxoien eta indibiduo-kopuruaren aldaketek inguruaren aldaketak islatzen dituzte. Gauza bera gertatzen da sedimentuan aurkitu dugun zuhaitzen eta beste landareen polenarekin. Azkenean, aztarnategien indusketa suntsipen-prozesu kontrolatu gisa deskriba dezakegu, jasotzen ez den informazioa betiko galtzen baita. Ikusi dugunez, aztarnategiek era askotako informazioa eskaintzen digute, eta, beraz, nahitaezko da alor desberdinetako ikerlarien lan koordinatua, ahalik eta datu gehiena lortzeko.

Iragana liburutegi baten gisara irudikatuko bagenu, aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoak haren paragrafo, orrialde edo liburuxkak izango lirateke. Arlanpeko aztarnategian, elkarren segidan ez doazen lau orrialde bereizi ditugu. Lehena, eta garrantzitsuena, Antzinako Erdi Paleolitoari dagozkion mailak dira, zeinak Erdi Pleistozenoaren amaieran kokatzen baitira, hau da, duela 200-115 mila urte. Kronologia horretako aztarnategi gutxi egoteaz gain, Arlanpekoak kantauriar isurialdeko zaharrenetarikoak izan litezke. Maila horietan, neandertalen harri-tresnak topatu dira, eta inguruneari buruzko informazioa lortu dugu. Neandertal-talde horiek harri-tresna desberdinak ekoitzi eta erabili zituzten, batik bat lutitaz egindako aurpegibikoak edo suharriz egindako puntak eta karraskagailuak (ikus 48. orriko taula). Talde horiek eremu zabalak kontrolatzen zituzten, Urbasa eta Trebiñutik Bizkaiko kostalderaino. Ingurumenari dagokionez, badirudi garai horren amaierako klima nahiko ona izan zela, eta basoak asko garatu zirela, glaziazioarteko garai baten seinale.

Arlanpen topatutako Brontze Aroko gizaki baten maxilarra. Arg. Joseba Rios

Kobazuloaren erabileraren beste une garrantzitsu bat duela 17.000 urte izan zen. Garai hartan, Solutrealdiko ehiztari-biltzaileek ehizarako prestatzeko erabili zuten kobazuloa. Egonaldi motz haiek eta haien interpretazioa harri-tresneriaren kopuruak eta morfologiak zehazten digu, eta ehizarako tresnak bereziki garrantzitsuak dira. Beste tresna batzuk, berriz, hezurrezkoak dira, eta apaingarriak --animalia-hagin zulatuak batik bat-- ere topatu dira. Maila arkeologiko horiek bereziki garrantzitsuak dira Solutrealdiaren barruan kokatuta egon arren Madeleinealdiaren hasiera sumatzen delako.

Madeleinealdian, orain dela 14.000 urte inguru, kobazuloa modu sinbolikoan erabili zen. Garai hartako ehiztari-biltzaileek emakumeen figura eskematikoak grabatu zituzten kobazuloaren erdian antzeman den kareharri handi batean. Grabatu horiek Frantzian eta Alemanian topatutakoen antza dute, eta oso urriak dira Iberiar penintsulan. Gainera, Arlanpekoak Europan aurkitutako zaharrenetarikoak izango litezke. Errepresentazio horien zabalkuntza, ziurrenik, azken glaziazioa bukatzen ari zen unean gertatu zen giza taldeen iparralderako mugimenduekin erlazionatua egongo da, hain zuzen ere, Europako erdialdea berriro ere bizitzeko moduko lekua zen une batean.

Arlanpek eskaintzen digun iraganerako azken leihoan (orain dela 3.500 urte inguru, Brontze Aroan), haitzuloa hilobi gisa erabili zen. Kobazuloko alde desberdinetan aurkitu dira kronologia horretako giza hezurrak. Horrez gain, erdian dagoen muintxo bat testuinguru horretan gauzatutako errituekin erlazionatua egon daiteke.

Bosgarren leiho bat, oraingo honetan historiaurretik kanpokoa, erromatarren garaian kokatu behar dugu, garai horretako IV. mendean. Kobazuloa, berriz ere, modu sinbolikoan erabili zen, hobiak egin ziren, eta eskaintzak utzi ziren, animalia-hezurrekin batera.

Argi dago Arlanpe dela Bizkaiko lehenengo biztanleen bizimodua ezagutzeko leku garrantzitsuenetariko bat, eta, gainera, Paleolitoko beste une batzuei buruzko informazio baliagarria ere ematen digula. Euskal Herriko Kuaternarioko ekosistemen eta historiaurrearen liburutegia osatzen jarraitzeko beste aztarnategi batzuetan egiten ari diren (Santa Katalina, Lezetxiki, Bolinkoba, Balzola, eta abar) eta ari garen (Aranbaltza, Punta Lucero, Atxurra) ikerketekin batera, hondar-ale baliagarria izango da.

Arlanpeko beste biztanleak
Arlanpeko animalia batzuk: goian, Solutrealdiko mailetan topatutako basahuntz-hezurrak; behean, hartz-espezie ezezagunen esne-hortzeria eta haitzuloetako hartz baten aurreko hagina. Arg. Joseba Rios
1871. urtean ehizatu zen Bizkaiko azken hartza; ordura arte hiru hartz-espezieen presentzia egiaztatu da.
Aztarnarik zaharrenak Ursus deningeri ren 300.000 urte baino gehiagoko arrastoak dira, Santa Isabel de Raneron aurkituak. Espezie hori Ursus spelaeus edo haitzuloetako hartzaren aitzindaria da. Azken horrek -- spelaeus ak-- hartz arreak ( Ursus arctos ) baino haragi gutxiago jaten zuen. Hartz arrea Erdi Pleistozenoaren amaieran iritsi zen Iberiar penintsulara, eta badirudi haitzuloetako hartza orain dela 28 mila urte inguru iraungi zela.
Arlanpen, bai haitzuloetako hartzaren bai hartz arrearen arrastoak topatu dira: haginak eta esku eta hanketako hezurrak. Aztarnategi horretan hartza da animalia karnibororik arruntena, eta, horren fosilen artean, esne-hortzeria da aurkitutako aztarna ugariena. Kobazuloa hibernatzeko edo gordelekua gisa erabiliko zuten, eta kumeek, behin betiko haginak irtendakoan, berez galduko zituzten esne-hortzak.
Arlanpeko kobazuloan beste karniboro handi, ertain eta txikien presentzia egiaztatu da, batez ere antzinako Erdi Paleolitoko mailetan. Goi Paleolitoko mailetan, berriz, kopurua eta espezieen dibertsitatea askoz txikiagoa da. Lehoinabarra, azeria, otsoa, kuona (gaur egun bakarrik Asian bizi den kanidoa), azkonarra eta hiena identifikatu dira. Are gehiago, indusketetan zehar azeri baten bisita izan genuen, eta horrek egiaztatzen du gaur egun ere gordeleku gisa daukan potentziala.
Harriek hitz egiten dutenean
Antzinako Erdi Paleolitoko harri-industria: 1-6 suharria, 7-8 lutita. 1-6: puntak, karraskailuak eta ukitutako xaflak. 7: printzaz egindako aurpegibikoa. 8: xafla. Arg. Joseba Rios
Harrizko tresnen ikerketek informazio baliagarria eman dezakete. Harrizko tresnen lehengaia aztertzen da zer jatorri duen jakiteko. Arlanpen, bi lehengai dira nagusi: lutita eta suharria. Lehena, inguruan bertan, Arratia ibaian, topa daiteke, kobazulotik kilometro batera. Suharria, berriz, Arlanpe inguruan Bizkaiko kostaldean (flysch motakoa), Trebiñun, Lozan eta Urbasan topa daiteke adibidez, eta leku bakoitzeko suharriak ezaugarri bereizgarriak ditu. Beraz, kasu askotan, lehengaiak zer jatorri duen jakin dezakegu, eta, hala, giza taldearen "eragin"-eremua ezagutu: bai eremu horretan zuzenean lehengaia hartzen zutelako, bai beste talde batzuekin trukatzen zutelako.
Harrizko tresnen erabileraren adibideak izan daitezke haragia moztea, eta larrua edo egurra lantzea. Material desberdinen erabilerak zantzu desberdinak sorrarazten ditu, eta, gaur egungo saiakuntzen bidez, gai gara ikusteko iraganean zertarako erabiltzen ziren tresna desberdinak.
Lehengaiak eta lortu nahi den tresna-motak berak ere baldintzatzen zuten tresnen ekoizpena, eta, horrenbestez, teknika desberdinak erabili izan harrizko tresnak egiterakoan.Teknika horiek denboran zehar aldatuz joan direnez, Paleolitoa azpisailkatzeko erabili izan dira.
Adibidez, antzeko tresnak seriean ekoizteari dagokionez, taylorismoaren aitzindari gisa jar dezakegu Levallois teknika, Iberiar penintsulan orain dela 300 mila urte agertu zena.
Azkenik, giza taldeen jarduera ekonomikoari eta taldeen plangintzari buruzko informazioa ematen digu harrien ikerkuntza holistikoak, hau da, zer nolako lehengaiak erabili zituzten eta aztarnategitik zer distantziara bizi ziren, lehengai bakoitzaren portzentajea, harriak egiteko prozesu teknikoa eta zertan erabili ziren. Denboran zehar gertatutako aldaketak eta garai bakoitzean leku desberdinetan aurkitu ditzakegun desberdintasunak baliagarriak dira ehiztari-biltzaileen gizarteak ulertzeko.

Informazio gehiago izateko

www.bizkaia.net/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/7/Kobie_BAI_3_web.pdf.
http://antiquity.ac.uk/projgall/rios-garaizar329/
Rios-Garaizar, J.; Garate, D.; Gómez-Olivencia, A.; Arceredillo, D.; Iriarte, E.; García, A.; San Pedro, Z.: "El final del Solutrense en el oriente cantábrico a través de las ocupaciones de la cueva de Arlanpe" (Lemoa, Bizkaia). Zephyrus LXXII, 15-38.
Gómez-Olivencia, A.; Arceredillo, D.; Rios-Garaizar, J.; Garate, D.; Iriarte, E.; Pedro, Z.S.: "Dental Anomalies in the Mandible of Capra pyrenaica: Presence of Two Permanent Fourth Premolars in a Pleistocene Wild Goat from Arlanpe Cave" (Bizkaia, Northern Spain). Int. J. Osteoarchaeol., 23 (2013), 737-745.

Esker ona

Arlanpen gauzatutako lanetarako, ezinbestekoa izan da indusketetan parte hartu duten pertsonen laguntza. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako liburua ikerkuntza-proiektuan parte hartu duten jakintza-alor anitzeko talde baten lanaren ondorioa da. Mila esker, Lemoako herriari eta udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Barandiaran Fundazioari, Eusko Ikaskuntzari eta Harpea Kultur Elkarteari bai indusketan bai ikerkuntzan eman diguten laguntzagatik.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila