1901ean estatubatuar batek Ingalaterrara egindako bidaian alfonbren hautsa kentzeko makina probatu zuen. Makinaren eginkizuna honako hau zen: lurreko hautsari putz egin eta hauts hori kaxa batean sartu. Arazo bakarra zegoen; kaxan sartzen zen hautsa adina geratzen zen kanpoan.
Herbert Cecil Booth asmatzaile ingelesak ikusi zuen makina hauts-jale hori eta ez zen batere harritu makinaren eraginkortasunik ezaz. Berak froga asko eginak zituen hautsa garbitzeko tramankuluekin eta ziur zegoen hautsari putz egitea ez zela irtenbidea. Amerikarraren saiakera ikusi eta egun batzuetara, ideia bat izan zuen Booth asmatzaileak. Jatetxe batean zegoela, felpazko aulki batekin proba harrigarria egin zuen. Ezpainak aulkiaren atzealdearen kontra jarri zituen eta arnasa sakon hartu zuen. Ia-ia ito zen eztarrian behera irentsi zuen hautsa zela eta. Hautsak une garratza pasarazi bazion ere, pozik zegoen asmatzaile ingelesa: Bazekien hautsa nola jaso. Zurgagailua asmatu egin zuen.
Berehala egin zuen diseinu propioko zurgagailua, berak patentatu eta garbiketa-zerbitzua jarri zuen. Ez zuen ez, tramankulu hark gaurkoen antz handirik, ezta gutxiagorik ere. Izugarri handia zen makina hori eta zaldi-gurdian eraman behar izaten zuten. Gasaren bidez funtzionatzen zuen makina erraldoia etxeko atarian jartzen zuten. Makinari lotuta 244 metroko tutu malgua zuen eta horixe sartzen zen leihotik etxe barrura. Asmakuntza zoragarria erakusteko asmoz, goi-klaseko emakumeek tea hartzera gonbidatzen zituzten lagunak. Tea hartu bitartean zurgagailua abian jartzen zuten gonbidatuek tramankulu ikusgarriak alfonbra gaineko hautsa nola jasotzen zuen ikus zezaten.
Batzuek hautsaren beldurrik gabe tea patxadaz hartzen zuten bitartean, Ohio-n James Murray Spangler estula gainetik kendu ezinik zebilen. 59 urteko atezain honek egun osoa hautsa irensten ematen zuen, etengabe garbitzen baitzituzten alfonbrak eraikin hartan. Atezain izan aurretik asmatzailea izan zen eta bere osasun-egoera negargarria ikusita, lehengo lanbideari heltzea erabaki zuen. Zurgagailua asmatu nahi zuen hautsa ezkutatu eta estula egiteari uzteko. Lehen zurgagailua egiteko erabili zituen osagaiak oso arruntak ziren: xaboi-kaxa eta ahuntzaren zurdarekin egindako eskuila erratz-kirtenari grapatuta.
Haizagailua ere jarri zion zurgagailu berriari eta hautsak jasotzeko burukoaren zorroa erabili zuen. Atezaina berak egindako tramankulu eramangarriarekin oso gustura geratu zen eta lanbidea uztea erabaki zuen. Hala ere, eraikineko pasiloetan gora eta behera ibili zen, hautsez betetako alfonbra luzeak zurgagailua probatzeko apartekoak baitziren. Lanbide berriari serio heldu zion gizon asmatikoak eta lehen zurgagailua bere lehengusuari saldu zion. Ez zen edonor ordea, lehengusu hori: Frank G. Hoover-en amari saldu zion tramankulua.
Hoover familia arnesen salmentatik bizi zen eta automobilaren etorrerarekin, negozioak behea jo zuen. Egoera larri hori ikusita 1908an Hoover-ek Spangler asmatzaileari zurgagailuaren eskubideak erosi zizkion. 1948an Frank Hoover, Hoover Vacuum Cleaner Companyko zuzendaria zen eta negozioa goraka zihoakion.
Arrakasta itzela izan zuen gizon horren negozioak eta horren lekuko da “hoover” hitza bera: Ingalaterran oraindik ere zurgagailuari “vacuum” deitu beharrean, askotan “hoover” esaten zaio.
Zurgagailuekin egindako lehen saiakerak alde batera utzi eta gatozen gaur egungoen ezaugarriak aipatzera. Zurgagailuek zeregin garrantzitsua betetzen dute gure etxeetan, zoruak alfonbraz eta moketez beteta baitaude. Gaur egun mota askotako zurgagailuak daude merkatuan, beti ere behar desberdinetara egokituak. Osagaiak nahikoa arruntak dira: makina metalezkoa eta plastikozkoa izaten da edo soilik plastikozkoa. Tramankulu horien potentzia ere oso desberdina izaten da. 150 watteko potentzia dutenak badaude eta baita 1.000 watteko tramankulu industrialak ere. Zurgatzeko potentzia hori ere, noski, kontrola daiteke gaur egun; balbula baten bitartez edo abiadura aldatzeko sistema elektronikoaren bidez.
Zurgagailu gehienek zenbait osagai kendu eta ipini egitekoak izaten dituzte. Batik bat, tutu malguak dira makinari atera diezazkiokegunak. Kendu eta ipiniko tutua denez, zurgagailuek era guztietako gainazalak garbi ditzakete. Alfonbra eta moketatik hasi eta tapizeriei eta gortinei ere hautsa kentzen diete. Tutu malguak erosotasun handia ematen du, baina erosotasun gehiago lortzearren ekoizleek ahalegin guztia egiten dute makinaren tamaina txikitzeko. Zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta errazago mugi daiteke zurgagailua eta edozein txokoko hautsak instant batean ateratzen ditu.
Zurgagailuak hautsa jasotzen du eta, noski, denbora baten ondoren zorroa bete egiten da eta hustu egin behar da lehenbailehen. Argiaren bidez, soinuren baten bidez edo mekanikoki adierazi egiten zaio erabiltzaileari zorroa hautsez beteta dagoela. Erraztasun horiek guztiak dituzte zurgagailu modernoek, baina gero eta sedentarioagoa den bizimodua oraindik eta erosoagoa egin nahi dute ekoizleek. Zorroa betetzen ari dela jakinarazteaz gain, kablea automatikoki biltzen du makinak eta agintea oinarekin erabili daitekeenez, ez dago zertan makurtu beharrik. Teknologia aurreratua darabilten beste zurgagailu batzuek zorroan jasotako hautsa konprimatu egiten dute eta horri esker, urtean hiru edo lau aldiz soilik hustu behar da zorroa. Ba ote dago gehiago eskatzerik?