1.970. urtean EEBBetako "Corning Glass Works" konpainiak datuak garraiatzeko lehen zuntz optikoa egin zuen. Orduz gero zuntz optikoek nazioarteko telekomunikazioak bultzatu dituzte. Britainia Haundian, Kanadan, Japonian eta EEBBetan bereziki, telefono-sareetako kobrezko kableak zuntz optikoez ordezkatu dira.
Zuntz batek hamar, ehun edo milaka telefono-kable ordezka ditzake, baina hori ez da daukan abantaila bakarra. Zenbait konpainia zerbitzu berriak eskaintzen hasia da, hala nola, bideotelefonoak, kabletiko telebista eta bideotekak. Hauez aparte, telefono eta ordenadoreen arteko konexioek beste zenbait zerbitzu eskain dezakete etorkizunean.
Gaur egun, zerbitzu hauengatiko erabiltzailearentzako kostua 250.000 pta. ingurukoa dela estimatzen da. Baina, kostu hau txikiagotuz joango da eta kobrezko egituretakoena handiagotuz.
Jakina da inbertsioak egiteko kostuak ahalik eta ondoen definitu behar direla, baina oraindik ere diferentzia nabariak daude tekniko desberdinek egindako kostuen estimazioan. Hala ere, zuntz optikoaren erakargarritasuna kostu txikiko zerbitzuen eskaintzatan datzala esanda denak ados daude.
Etxeetan zuntza ezartzeko lehen proposamena, Massachusetts-eko enpresa batean lan egiten zuen John Fulenwider-ek egin zuen, baina Japoniarrak izan ziren lehen eraikuntza praktikoa egin zutenak. Kyoto eta Osaka-ren artean dagoen Higashi-Ikoma herriko 156 etxetan zuntz optikoez osatutako sistema integratua eratu zuten. Bertako biztanleek zenbait zerbitzu zuten sistema honen bidez, baina ezin inplementatu izan zen telefono-zerbitzua. Arrazoiak bi motatakoak izan ziren: alde batetik ekonomikoak eta bestetik politikoak.
Kanadan ere, bi herri txikitan erabili zen zuntz optikoa. Musikak, bideoak, bideotestak eta telefonoak integratu ziren; kasu honetan kostuak Japonian baino dezentez txikiagoak izan ziren.
Eskala txikiagotan beste saiakuntza batzuk egin ziren Britainia Haundian eta Alemanian, baina Frantzia izan zen maila handiko saiakuntza egin zuen estatu bakarra. Kasu honetan erabilitako teknologia, aurrekoetan erabilitakoa baino garatuagoa zen. (Miarritzeko esperientziaren berri izateko Elhuyar aldizkariko 4. alea ikusi).
1.986. urtearen bukaeran 300.000 km zuntz instalatua zuen British Telecom konpainiak Britainia Haundian.
Hala ere, EEBBetan dago gaur egun zuntz optikoaren benetako merkatua. 1.986. urtean bakarrik, hango telekomunikazio-konpainiek milioi bat kilometro zuntz instalatu zuten. Egiten ari diren saiakuntzetan, ehundaka milioi dolar gastatzen ari dira, baina konpetentzi arazoak pil-pilean daude une honetan. Lehia gogorrena kabletiko telebistako konpainiekin dago. Hauen eritziz bereiztu egin behar dira telebistaren mundua eta telekomunikazioarena. Gainera, oraindik abantaila ekonomikotik at, abantaila tekniko batzuk baditu kableak zuntz optikoarekiko. Adituek diotenez, iraultza baino gehiago eboluzioa gertatuko omen da telekomunikaziotan, hau da, urte batzuetan kableak eta zuntz optikoak elkarrekin egongo dira instalatuko diren telekomunikazio-sistemetan eta datorren mendean zuntz optikoa inposatuko da.