Zumaia inguruko naturguneak

Gure kostaldeko lurraldea potentzial ekologiko handikoa izan dela begibistan dago, gelditzen zaizkigun azkeneko naturguneak horrela adierazten digutelarik. Kostaldeko zonak oso erakargarri eta erosoak direnez, berehala kolonizatu dira, kasu gehienetan gizakiak erabat suntsituz. Hala ere, leku bitxi batzuk kontserbatzen dira oraindik eta honen lekukoa Zumaia ingurua da.

Ondoko mapa orientatiboan adierazten denez, Zumaia ingurua hiru zonatan banandurik agertzen da:

  1. Urola ibaia, Bedua, “S. Migel Artadi” eta Orrua.
  2. Santiago hondartza eta padura.
  3. San Telmo, Aitzgorri eta Aitzuriko hondartza eta itsaslabarrak.

Egindako banakeraren arabera, eta ordenari jarraituz, zona hauen bereiztasunik interesgarrienak aipatzen saiatuko gara.

Urola ibaiak, bukaerako ibilguan abiadura hartu nahian meandro politak eratzen ditu, eta itsasoaren eraginez bere fisionomia egunero aldatzen du. Antzinatik, era askotako txalupek zeharkatu dituzte beren ur gazi eta distiratsuak. Merkataritza eta untzigintza medio, orain dela urte dexente alderdi honetan jende asko ibiltzen zen. Ondoren gizakiak, ibaiaren ertzetako lohidi eta padurak mesprezatuz betelanari ekin zion, batzuetan zertarako ari zen jakin gabe (zenbait zonatan lotsagarri geratuz) desertu moduko lursailak osatuz. Hala ere, zona hau erasoa izan arren, bere kutsu ekologikoa mantentzen du, eta oraindik ere oso egokia da berreskurapen ekologikoa gerta dadin. Baina mamuak beti agertzen dira eta berreskura daitekeena baino gehiago suntsitzen da, berreskuraezin bihurtuz.

Gure politikari agintariek esaten dutena praktikan jartzeko bada garaia, gure lurraldeak premia handia du eta, Bedua ingurua adibide garbia izanik.

Naturgune interesgarri honetan, aberastasun ekologikoak oso desberdinak dira. Botanika aldetik bi multzo bereiz ditzakegu: 1. Ibai maldetan agertzen diren basoak, Kantauri aldeko artadia nagusi delarik. Urtetik urtera bere egoera txartzen ari da, alboko pinudiak kenduta artadi hauek jipoi handiak jasotzen dituztelarik. Neurriak hartu beharko lirateke kontserbaziorako. Halaber, espezie honekin ( Quercus ilex subspilex ) landaketa berriak egin beharko lirateke. Kontutan hartu behar dugu gainera, zenbait lekutan malda hutsak agertzen direnez, eta higadura handia izan daitekeenez, landaketak egitea oso mesedegarria litzatekeela. 2. Ibaiurgune eta irlatxoetan agertzen den landaretza ere, leku hauetan espezifikoa eta, garrantzitsua da. Badira oso espezie interesgarriak; Glaux maritima esaterako.

Baina dudarik gabe zona honetan aberastasun garrantzitsuena, hegaztiei dagokiena da. Hitz gutxitan definitzeko, 1967. urtean Munibe aldizkarian A. Noval-ek idatzitako “ Estudio de la avifauna de Guipúzcoa ” dosierrean, hitzez hitz honela zioen: “ San Miguel de Artadi (Zumaya), un verdadero paraiso de los pájaros, cruzado en Primavera y Otoño por las corrientes de migrantes ”. Egia da biotopoa degradatuz joan dela ere, bertako basoak suntsituz. Beraz, Artadi inguruan aipatzen ziren hegazti habiagileak desagertzea uler daiteke; gabiraia eta usapala adibidez.

Baina Novalek aipatzen zuenez hegazti-pasea Zumaiaren gainetik oso nabarmena izaten denez, bidaia luze hauetan atsedenak egiteko oso leku egokiak izaten dira Urola inguruko padura, lohidi, erribera, zuhaizti eta basoak, sasoi horretan ikus daitekeen hegazti-kopurua nabarmena delarik.

Aster tripolium subsp. tripolium eta Halimione portulacoides landareak (paduretako espezie tipikoak) Beduan agertzen dira.

Bestalde, Beduak badu beste bereiztasun garrantzitsu bat: negua igarotzeko oso leku aproposa izatea. Beraz, itsas hegaztien kopurua oso handia izaten da; batez ere antxeta mokogorriarena (89-XII-7, 400 ale), baina beste espezie desberdinak ere ikusten dira, hauetariko batzuk bisitari arruntak izanik: kaio iluna, kaio hauskara, ubarroiak, kaio mokohoria, ... Halaber beste ur-hegaztien talde desberdinetakoak ere ugari izaten dira; limikolak esaterako. Horrela bada, kuliskak, txirriak, kurlintak eta txirritxoak bisitari arruntak dira hegazti-pasea denean, talde txiki batzuk negua igarotzen dutelarik.

Anatidoak gutxi samar izaten dira, noizean behin bakar batzuk agertzen direlarik (antzara hankagorrizta, ahate txistularia, basahatea, zertzeta arrunta, ahate mokozabala...). Lertxun-talde desberdinak ere ikusten dira: lertxun hauskara (89-XII-9, 12 ale). Badirudi negua igarotzeko nahikoa ondo kokatu dela Beduan, bere silueta inguruko arteetan nabarmentzen delarik. Lertxuntxo txikiek ere zona honetan igarotzen dute negua (90-I-3, bikote bat). Espezie hau, gure kostaldean zabaltze-prozesuan egon daiteke eta Bedua oso leku aproposa izan daiteke negua igarotzeko.

Badira zona honetan beste aipamen asko, baina bere interesagatik hurrengoak azpimarkatuko genituzke: 1.- 1989ko uztailaren 12an egindakoa. Beduako bihotzean amiltxori arrunta ikusi genuen, berehala (ohizkoa duenez) txaradian ezkutatu zelarik. Agian Atturri aldean dauden kolonietatik etorria izango zen. 2.- Bestea, garai batean nahikoa arrunta izandako martin arrantzalea da. Oraindik ere Beduan bere kantu eta hegada berezia ikusteko aukera daukagu. 1989ko uztailaren 4ean ikusi izan arren, ez dugu baieztatu habiagilea den ala ez.

Lertxun hauskara. Lertxuntxo txikia. Lertxun desberdinek Bedua ingurua ere erabiltzen dute negua igarotzeko.

Bati baino gehiagori horrelako leku zoragarria kontserbatzea eta hobetzea gauzarik normalena irudituko balitzaio ere, ez da horrelakorik gertatzen. Harridura handiz, 1981. urtean egindako ikerketa baten arabera (J. Elosegi eta A. Bea) Artadiko San Migel, ingurune babestu izatea proposatzen bazen, gaur egun Gipuzkoako Foru-Aldundiak Balio Handiko Guneen txostena aurkeztuta zona honen aipamenik ez du egiten. Bere “arrazoiak” izango ditu beharbada, baina susmagarria da lerro hauek idazten ari ginen bitartean Bedua aldean aldaketa nabarmenak izatea. Beraz, lehen aipaturiko basamortu-betelana zertxobait disimulatzen hasia zegoenean, egun batetik bestera berriro ere basamortu bihurtu da, landaretza guztia suntsitu delako. Ez zaio axola kaioek, lertxunek eta abarrek negar egitea. Makinak aurrera segituko du.

Ez genuen Beduari azkeneko begirada eman gabe bukatu nahi. Bertatik datozkigun oihartzun historikoak eta dituen balio ekologikoak galtzeak, pena izugarria emango liguke. Bere ingurua babestu eta berreskuratu egin beharko litzateke. Aldaketa txiki batzuk eginez, oso leku didaktikoa izan daiteke. Halaber, atseden eta ibilaldiak egiteko ere aproposa da. Aurreko mapa orientatiboan berdez, margoturik agertzen denak ez du adierazi nahi zona guztia espezifikoki babestu beharko litzatekeenik; baizik eta zona konkretu batzuk integralki babestuz eta bere inguruari kalifikazio desberdinak emanez (landa-eremu, ekologi eta paisai eremu), askotan gaur egun duena mantenduz, naturgune interesgarri honen barruan kokatzea. Ehizarentzat babesleku izendatzea esaterako egin daiteke. Ez dugu uste kriterio minimalistak erabili beharko direnik. Beduako irlak bakarrik babestea, lardaskeria litzateke; besterik ez. Proposamena hor gelditzen da.

Agian bat baino gehiago konformatu egingo da Zumaia inguruan mapan jarritako 3 zonatatik bi babesteko proposamenak egin direlako. Gu behintzat ez (kaioak, lertxunak, Martin arrantzaleak, artadia, naturalista hau, ... behintzat ez). Dena den, zona hauen berezitasunak aipatuko dira hurrengo aleetan, uzten badigute bederen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila