Zientziaren Historia: Unibertsitateak eta ekolastika

. mendean gaude. Zientziaren esparruan musulmanen antzindaritza ez dago ukatzerik. Hala ere kristau-munduan berpizkunde baten hasiera ikus daiteke. Erigenek, Beda Agurgarriek eta beraiek bezalako zenbaitek nola edo hala bildutako eta transmititutako ezagupen klasikoak zeuden berpizkunde haren oinarrian.

Unibertsitateak

Boloniako unibertsitateko ikasgela. XIV. mendeko miniatura.

X. mendean gaude. Zientziaren esparruan musulmanen antzindaritza ez dago ukatzerik. Hala ere kristau-munduan berpizkunde baten hasiera ikus daiteke. Erigenek, Beda Agurgarriek eta beraiek bezalako zenbaitek nola edo hala bildutako eta transmititutako ezagupen klasikoak zeuden berpizkunde haren oinarrian. Horrekin batera beste arrazoi pragmatikoagoak ere egon bazeuden. Apaizgaiek hartzen zituzten ohizko ikasketak adibidez, ez ziren aski apaizteriak gizarte hartan jokatu behar zuten papererako, edo merkatalgoaren hedakuntza zela eta, jende gertatuagoa behar zen idatzitako harremanak nahiz kalkuluak burutu ahal izateko. Hitz batez, Gizarteak beste jakinduri maila bat behar zuen.

Aldi honetan katedral bakoitzak eta monastegi askok apaizgorako gertatzen ziren ikasleentzat eskolak izaten zituzten. Haietara joaten hasi zen ikasi nahi zuen guztia, hots, apaizgaiak eta gero apaiz izango ez zirenak. Berehala eliz eskola haiek urriegi izan ziren zegoen beharrari erantzuna eman ahal izateko eta eskola sekular berriak sortu ziren. Eskola berri hauek batzuetan Elizaren ardurapean zeuden eta Eliza iristen ez zen zenbait lekutan hiriak berak sortu behar izan zituen. Eliz eskola haietako bakoitzak irakasle arduradun bat zuen zuzendari bezala aritzeko. Magister scholarum edo scholasticus esaten zitzaion. Gizarte hartan irakaskuntza ospea hartzen ari zen eta scholasticusak oso eragin handia izatera iritsi ziren. Hau dela eta, Elizak nahiz Elizatik at sortutako eskoletako irakasle izateko, erakusteko baimena (hots, venia docendia) eskuratzea beharrezkoa zen eta hau, hasieran, behintzat. Scholasticusak berak ematen zuen.

Salerno-n medikuntz eskola sekular bat aspalditik zegoen. IX. mendean Salernoko sendagileak oso ezagunak ziren. Baina, gaur egun unibertsitate bezala ezagutzen dugunarenaren jaiotza Bolonia-n gertatu zela aitortu behar da. 1000. urtearen inguruan Boloniako eskolan lege-ikasketen berpizkuntza handia egon zen, kanpotar asko bereganatuz. Bertan, kanpotar ikasleek eta bertakoen gehiegikerietatik defendatzeko, korporazio bat osatu zuten, baina denbora aurrera joan ahala korporazioan kanpotarrek nahiz bertakoek hartu zuten parte eta Universitas izena eman zioten. Bolonia-n korporazioa bere irakaslegoa kontratatzera heldu zen eta, beraz, unibertsitatearen ardura eta gidaritza nolabait ikasleen eskuetan zegoen. Unibertsitate hartan XII. mendean, filosofi eta medikuntz fakultateak itsatsi zitzaizkion zuzenbidekoari.

Denbora beretsuan (hots, XII. mendearen hasieran) baina Bolonian baino pixka bat geroago, Pariseko dialektika-eskolako irakasleek komunitate edo universitas bat osatu zuten. Komunitate honek bere funtzionamendurako arautegi bat gertatu zuen. Arautegi hau Europako unibertsitate gehienek hartuko zuten patroitzat. Horregatik Oxforden edo Cam-bridgen, esaterako, boterea beti ikasleen eskuetan egon da eta ez irakasleenetan (parte bat, behintzat) Bolonian edo Eskozian bezala.

Pariseko Notre-Dame Katedrala.

Eta, Boloniako eta Pariseko unibertsitateen ildotik etorriko dira gero besteak: 1167.ean Oxfordekoa, 1209.ean Cambridgekoa. 1222.ean Paduakoa, 1224.ean Napolikoa, 1227.ean Salamancakoa, 1300.ean Lleidakoa, 1347.ean Prahakoa, 1364.ean Krakoviakoa, 1367.ean Vienakoa, 1.410.ean Saint Andrews-ekoa... Europan unibertsitate-fenomenoa ereinda zegoen.

Universitas

hitzaren esanahia komunitate baino ez zen. Zenbait lekutan, Bolonian bezala, hasieran komunitate hori ikasleena zen. Beste zenbaitetan, aldiz, Parisen adibidez, irakasleena (eta beste zenbait lekutan, Gipuzkoan esaterako, udal batzuk adierazteko erabiltzen zen. Lekuko gisa Lezo, Errexil, etab. hor daude). Hala ere, leku guztietan lehentxeago edo geroxeago komunitate edo universitas horietan irakasleek nahiz ikasleek hartu zuten parte. 1208an adibidez, Pariseko irakasleen korporazioan ikasleak onartuak izan ziren eta orduan Universitas magistrorum et scholarium izena eman zitzaion; laburtuz, Universitas edo Unibertsitatea.

Karolingiar aroaz gero hezkuntzako gaiak bi ataletan banatzen ziren: hasierako triviuma (gramatika, erretorika eta dialektika), eta goragoko quadriviuma (musika, aritmetika, geometria eta astronomia). Lehenengoa hitzen estudiotaz arduratzen zen bitartean, bigarrena gauzetaz arduratzen zen. Musika, zenbakien doktrina erdimistiko bezala adierazten zen; geometria, demostraziorik gabeko proposizio euklidear batzuen andana baino ez zen; aritmetika, kalkuluetarako erabiltzen zelako eta astronomia, besteak beste, Bazko eguna finkatzeko lagungarri zelako, oso beharrezkotzat jotzen ziren. Baina, denak teologia ikasteko sarrera bezala tratatzen ziren. Erdi Aroan zehar, hasierako hazkuntzan ikusitako gaien banaketa honek iraun zuen. Hauei septem artes liberales esaten zitzaien. Hemen liberales horrek dirua egiteko helbururik ez zutela eta gizaki libre batentzat zirela esan nahi du.

Zientziaren garapenari dagokionez hasiera batean unibertsitateak itxaropena piztu bazuen, ere, gero (eta garai hartan nagusitu zen eskolastika zela medio) oso fosilizatua gelditu zen eta beraz, garai hartako unibertsitatea zientziarekiko oztopo bezala ikusi behar da. Horregatik, eta egoera hura hobeto ulertzeko, eskolastikaren munduari begirada (arina baino ez bada ere) eman behar diogu.

Eskolastika

Monastegiek lan handia egin zuten Erdi Aroan kultur arloan.

Erdi Aroak eman duen pentsalaririk sakonenetako bat, Koloniako Alberto Handia (1206-1280) da. Elementu aristoteliko, judutar eta musulmanak hartuz eta erlazionatuz, armiarma langileak bezala amaraun sendoa eho zuen. Bertan, garai bateko astronomia, geografia, botanika, zoologia eta medikuntzari buruzko ezagumendu guztiak gehi berak sortuak aurkitzen ziren.

Albertoren lana, bere garaikide ziren eta beste artikuluan ikusi ditugun Grosseteste eta Bacon-en lanekin erlazionatzen da alde batetik, eta bestetik bere ikasle izango zen Aquino-ko Tomas-en filosofia sistematikoagoari bidea ireki zion. Aquinotarraren mentalitateak, nahiz eta bere irakaslearena baino zientifikotasun txikiagoa izan, filosofiaren historia eta zientziaren garapenean eragin handiagoa izan zuen. Tomasek Albertok hasitako garai hartako ezagupenaren razionalizazioari segida eman zion eta Unibertso ulergarriaren ideia zabaldu zuen.

Bi pentsalari hauek (hots, Alberto Handiak eta Aquino-ko Tomas-ek) pentsakera, erlijiotsuan batez ere iraultza gogorra egin zuten. Platonengandik hasi eta San Agustinenganaino, zera onartzen zen: gizakia arima pentsakor eta gorputz bizikorraren arteko nolabaiteko uztarketa zela. Elementu hauetako bakoitza, berez zerbait osoa zen. Arima bakoitzean Jainkoak jaio aurretik ideia batzuk ereiten zituela pentsatzen zuten. Eskema hau Elizaren irakaspen batzuekin oso ondo lotzen zen, hala nola, arimaren betiko bizitzarekin edo Jainkoarekiko gizakiak duen berezko ideiarekin.

Aristotelesek erakutsi zuen gizakiaren eta ezagumenduaren teoria erabat bestelakoa zen. Ez gorputza, ez arima, ez bata eta ez bestea, ez dira berez osoak; beste osotasun baten (hots, gizakiaren) atal baizik. Bestalde, jaio aurretikako ideiak ez dira existitzen. Hauek, zentzuen bidez lortutako datuen eta berez nabari diren printzipioen (kausalitatearena, adibidez) bidez eratzen dira. Jainkoaren ideia ere ez da gurekin jaiotzen; prozesu razional gogor baten bitartez eskuratzen baizik. Nahiz erlijioaren aldetik eredu honek zailtasun batzuk ekarri, ikusten dugun munduaren adierazpen hobeagoa ematen zuenez gero Albertok nahiz Tomasek onartu egin zuten. Azkeneko honek kristau-ideiak Aristotelesen ereduarekin bat etor zitezen lan ikaragarria hartu zuen bere gain.

Guy de Chanliac-en Chirurgia Magna liburuko orrialdea.

Baina, Aristotelesen filosofia, nahiz Platonena baino zientifikoagoa izan, zientziaren arloan lortzen zen zenbait ezagumenduren aurka zegoen. Ondorioa, kaltegarria baino kaltegarriagoa izan zen Zientziarentzat, noski, zeren filosofia hark lortu zuen arrakasta eta onargarritasuna zirela medio pentsakera zientifikoa pentsakera teologiko-filosofikoaren hankapetik atera gabe egon zen. Zientzia berriaren garapenak izan zuen etsairik amorratuenetakoa, Elizak eta Unibertsitateek erakusten zuten Santo Tomasen aristotelismoa, hots, eskolastika, izan zen.

Santo Tomas, 1225. urte inguruan jaio zen Italiako Hegoaldean Aquinoko kontearen sendian. Hamazortzi urte bete zituenean dominiko sartu zen. Kolonian Alberto Handiaren gidaritzapean ikasi eta Parisen eta Erroman irakatsi ondoren, berrogeitabederatzi urterekin 1274.ean hil zen.

Bere lanetan Santo Tomasek ezagumenduaren bi iturri aitortzen ditu: fedea eta arrazoia, hau da, kristau fedearen misterioak (Bibliak, Elizako Gurasoak eta usadioak erakusten dizkiguten bezalakoak) eta giza-arrazoiaren egiak. Baina ez bakoitzak sinesten dituen egiak; benetakoak baizik eta hauek lortzeko biderik egokienak Aristotelesek jarritakoak zirela uste zuen. Ezagumenduaren bi iturri hauek ezin kontrakoak izan; biak puntu bakar batetik, hots, Jainkoagandik bait zetozen. Beraz, filosofiak eta teologiak konpatigarriak izan behar zuten eta honela, Jainkoaren existentzia bera ere arrazoiaren bitartez lor zitekeela pentsatzen zuen. Aldiz, misterioak ez ziren arrazoiaren bitartez demostragarriak izango, nahiz eta kontrakoak ez izan. Hauek filosofiatik kanpo eta teologia dogmatikoan izango zuten beren tokia.

Eskolastikarentzat giza arrazoiaren helburua Jainkoa eta natura estudiatzea eta aditzea zen, hau da, existentzia osoaren eskema arrazoiaren bitartez adierazten saiatzen ziren. Nahiz eta abiapuntuak diskutigarriak izan, eskolastikak arrazoia goi-goian ipintzen zuen. Santo Tomasek Aristotelesen logika eta zientzia hartu zuen ildo bezala. Logika hau silogismoetan zegoen oinarrituta, hots, premisa zuzen batzuk onartu ondoren arrazoia ondo erabiliz gero ondorio zuzenetara iristen zela eta, beraz, ondorio hauek demostratutzat gelditzen zirela sinesten zuten. Hau dela eta, premisek ukaezinak izan behar zuten eta horretarako elizaren agintzaritzan edo Naturaren mailan intuitiboki eskuragarriak ziren axiometan oinarritu behar zen arrazoia. Beraz, ardura guztia maila intelektualean ipintzen zen, hau da, Naturaren esperientzien bitartezko ikerketaren kanpoan. Honekin batera, Aristotelesek erakutsi zuen bezala, gizakia Unibertsoaren zentru eta helburu zela eta mundua giza-sentsazio eta psikologiaren bidez ulertu behar zela onartzen zuten aquinotarrak eta bere jarraitzaileek.

Guzti hau Aristotelesen fisikari, hots, bere doktrinaren parterik ahulenari ezker egin ahal izan zuen: gorputza ez zen Demokritok erakutsita bezala atomo-pilo baten elkartea; gai bat baizik. Gai bakoitzak esentzia bat du eta gero kualitate batzuk: pisua, beroa, kolorea, ..., adibidez. Azkenik maila apalagoan bere kokagunea eta unea izango genituzke. Azkeneko guzti hauek akzidente diren bitartean, garrantzi handiena esentzian (hau da, substantzian) datza, nahiz eta batak eta besteak aldiune bakoitzena gaiaren berezko eta beharrezko osagaiak izan. Horregatik, astuntasuna arintasunaren aurkako kualitatea bada, oso erraz uler daiteke Aristotelesen gorputz bakoitzaren kokaleku naturalaren teoria: gorputz astunen beheranzako joera duten bitartean, arinek goranzakoa izango dute eta, honen arabera, pisu handikoak pisu txikikoak baino lasterrago eroriko dira. Puntu honi buruz eskolastikoek eztabaida gogorrak izan zituzten Galileorekin.

Santo Tomasek Ptolomeoren astronomia onartu zuen lan-hipotesi gisa (non est demonstratio sed suppositio quaedam), baina bere jarraitzaileek hori ahaztuz sistema tomastarrean sartu zuten. Gizakia gauza guztien zentru zen bezalaxe, Lurra Unibertsitatearen zentrua izango litzateke eta bere inguruan Eguzkia, izarrak eta planetak eramaten dituzten airezko, eterrezko eta suzko esferek biratzen zuten.

Puntu bat edo beste kenduz, hala nola, munduaren betierekotasuna (hau Kreazio-doktrinaren aurka bait dago), Aristotelesen zientzia osoa onartu zen eskolastikan. Higidura guztiek etengabeko indar eragilearen beharra zutenaren ideian oinarrituz, Santo Tomasek bere garaiko teologiaren araberako ondorio batzuk atera zituen. Ondorioak egiaztatutako zerbait bezala onartuz, premisak irmoagoak egiten ziren eta honela ezagupen naturalak teologiarekin bat egiten zuten, egitura zurruna osatuz. Hau zela eta, eskolastikaren filosofia edo zientziari egindako edozein eraso kristau-fedeari egindakotzat hartzen zen.

Eskolastikak guztiz eragin handia eta luzea izan du. Nahiz eta hurrengo gizaldietako eskolastikoak Errenazimentuan jaioko zen zientzia berriaren aurka izan, Eskolastikak berak ipinitako ukaezinezko razionaltasunak zientzia berria sortzeko behar zen giroa eskaini zuela esan daiteke. Nolabait esan, zientzia esandako razionalismoaren aurkako iraultza zen, hau da, arrazoia eta aldez aurretik egindako eskemak alde batera utzirik naturan agertzen ziren fenomenoetara jotzea. Hala ere, eskolastikoen razionalismoak pentsakera orokor eta egituratuaren ustea plazaratu zuen. Bestalde, zientziari zera eman zion: kausak berdinak direnean efektua berdina denaren sinesmena. Sinesmen hau gabe zientziak ez luke inongo zentzurik izango. Beraz, eta besteak beste, Zientziak eskolastikari ere berea zor dio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila