Zientziak eta teknologiak eragin handia dute gaurko gizartean eta bizimoduan. Azken urteetako hainbat berrikuntzak eta aurrerakuntzak aldaketa handiak eragin dituzte, eta nahiko bizkor, gainera. Baina, paradoxa badirudi ere, gizartearen parte handi batentzat urruneko eta ia ulergaitz dira zientzia eta teknologia, ez badira aspergarri.
Ez da erraza hori zehazki zergatik gertatzen den jakitea; benetan jendeak zientziaren fruituak atsegin ez dituelako, edo zientzia- eta teknologia-komunitateak bere lanak gizarteratzeko behar adina ahalegin egiten ez duelako.
Egoera hori aldatzeko antolatu zen 2000. urtean lehenengo Zientziaren Astea, Europako Batasunaren ekimenez. Helburua da zientzia eta teknologia jendearengana hurbiltzea, azken aurrerakuntzak eta ikerketa-lanak kalera ateratzea eta jendearengan zientziarekiko jakin-mina piztea. EAEn, Innobasque erakundeak antolatzen du Zientzia eta Teknologiaren Astea. Innobasque --orain dela gutxi arte Saretek-- Zientzia Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea da, eta zientziaren eta teknologiaren arloan EAEn diharduten eragile guztiak biltzen ditu.
Zientzia gizartearekin zerbaitek lotzen badu, hori teknologia da; giza jarduerak errazteko ezagutza zientifikoak aplikatzea baita, funtsean, teknologia. Eta teknologiaren aldetik jo du, hain zuzen ere, aurtengo Zientzia eta Teknologiaren Asteak. Izan ere, aurtengo gaia "Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak" da, edo labur esanda, IKTak.
Litekeena da izenez oso ezagunak ez izatea, baina IKTek berebiziko protagonismoa dute egungo bizimoduan, eta gehienok egunero erabiltzen ditugu. Gauza asko biltzen dituzte hiru hizki horiek. Azken finean, informazioa jasotzeko eta emateko --komunikatzeko-- eta informazio hori hainbat modutan erabili ahal izateko teknologia guztiak dira IKTak: irrati-telebistak, telefono mugikorrak, ordenagailuak, Internet...
Informazioa ezinbestekoa da gizakiontzat. Zentzumenen bidez etengabe jasotzen dugun informazioak baldintzatzen ditu gure jarduera guztiak. Daukagun informazioaren arabera hartzen ditugu erabakiak. Baina, egun, inoiz baino garrantzi handiagoa hartu du informazioak; hura trukatzeko --hau da, komunikatzeko-- dauden erraztasunak direla eta. Askotan entzuten dugu informazioaren gizartean bizi garela, eta, hori hala bada, hein handi batean IKTei esker da. IKTak eta, bereziki, Internet gizartea erabat aldatzen ari dira, eta gizarte horren urre preziatua informazioa da.
IKTei esker eskura dugun informazio kantitatea izugarria da. Irrati-telebistak eta Internet dira iturri garrantzitsuenak, baina hor daude, besteak beste, CDak eta DVDak ere. Bestalde, ordenagailuen eta softwareen bidez informazio hori hainbat modutan erabiltzeko eta prozesatzeko aukera dugu. Eta informazio ugari gorde dezakegu oso euskarri txikietan. Pentsa, mp3 irakurgailuei esker, 20.000 kantu --2.000 bat disko-- poltsiko batean; edo hainbat eta hainbat mega eta giga gailu gero eta txikiagoetan. Poltsikoan eramaten ditugu telefonoak ere. Sakelakoak, posta elektronikoarekin batera, ia ezinbesteko bihurtu dira komunikazio pertsonaletarako.
Ordenagailuak dira IKTen burmuina eta bihotza; baina, dudarik gabe, IKTen artean elementurik garrantzitsuena eta iraultza handiena ekarri duena Internet da, haren azken belaunaldiak batez ere: jendearen parte-hartzean eta informazio-trukean oinarrituak dauden sareko zerbitzuek osatzen dute Web 2.0; eta, hain arrakastatsuak izan diren wikiak, eta blogak dira, besteak beste, 2.0 izarrak.
Eta blog bat da, hain zuzen ere, aurtengo 'Teknoskopioa 2007' ideia-lehiaketako partaideek egin behar izan dutena. Zientzia eta Teknologiaren Astearen baitan Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Zientziaren kutxaGuneak antolatzen duten ideia-lehiaketa da Teknoskopioa. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek interesgarria den edo eztabaida sortzen duen gai bat aukeratu behar zuten, zientziarekin edo teknologiarekin zerikusia duen edozein gai. Baina gaiak interesgarria izan behar zuen zinez, eztabaida sortu eta jendeak blogean iritzia ematea lortu behar zuten eta.
Teknoskopioaz gain, beste hamaika ekitaldi ere izango dira, hainbat egunez, IKTak ardatz hartuta. Aurtengoan, behintzat, ezin da esan gaia hurbilekoa ez denik; Eustat-en datuen arabera, EAEko 15 urtetik gorako biztanleen % 65ek du ordenagailua, % 92k sakelako telefonoa eta 15-24 urteko gazteen % 88 Interneteko erabiltzaileak dira. Ehuneko esanguratsuak dira; ea Zientzia eta Teknologiaren Astean islatzen diren.