Zer egin anfibioak salbatzeko?

Gosá Oteiza, Alberto

ARANZADI Zientzi Elkarteko biologoa

Rubio Pilarte, Xabier

ARANZADI Zientzi Elkarteko biologoa

Anfibioen mundua ezagutaraztea eta haien kontserbazioaren garrantzia gizarteratzea ezinbestekoa da, are gehiago egungo egoera kezkagarriaren aurrean. Faunaren babesa bermatu behar duten administrazio publikoetan eragin behar da, gizartearen haiekiko presioa indartuz. Orain arte ezagueraren hedapena hankamotz geratu da. Ez dugu dibulgatzen jakin, ez unibertsitateetatik, ez elkarte zientifikoetatik, ezta talde ekologistetatik ere. Sentsibilizazio-kanpainak elkarren arteko loturarik gabe eta noizean behin bakarrik egin dira. Baina horrela jardunez, gizartean ez da aldaketarik izango, eta egoerak bere horretan jarraituko du.
Zer egin anfibioak salbatzeko?
2006/05/01 | Gosá Oteiza, Alberto; Rubio Pilarte, Xabier | ARANZADI Zientzi Elkarteko biologoak
Baso-igel gorria.
A. Gosá

Dibulgazioan asmatu ez dugun arren, teknikari dagokionez, metodologia gero eta zabalagoa da. XX. mendearen bukaera aldera, ikusirik habitatak suntsitzen eta populazioak desagertzen ari zirela, Anfibioen kontserbazioa izeneko adar praktikoa sortu zen. Ordutik hona esperientziak biderkatu egin dira.

Ekintza-planen protokoloak kudeaketarako diseinatutako neurrien oinarriak dira. Horiek tokiko ingurunearen eta bertako anfibio-komunitatearen ezaugarrien arabera egokitu behar dira. Ezinbestekoak diren populazioen jarraipen-programak denbora-serie luzeetarako (15-20 urte eta gehiago) egin behar dira, bilakaerari buruzko datu fidagarriak lortuko baditugu behinik behin. Mehatxaturiko populazio bakoitza egoera jakin batean dagoela azpimarratu behar da. Hortaz, berariazko ikerketetan oinarrituriko proiektuak diseinatu beharra dago.

Esaterako, kontuan hartu behar da Euskal Herriko hezeguneen urtarokotasuna ohikoa dela, urtegi artifizial handien kasuan salbu. Eta anfibioak, bertako 'zaharrak', denboraldiko ur-sistemetara moldatu dira. Baina anfibioei ez zaie bururatu ere egin planeta berotzeak hezegune horien iraupena murritz dezakeela. Putzuak lehenago lehortzen badira, baina, larba-zikloa amaitu ezinik geratuko lirateke, eta horrek populazioen hondamena ekarriko luke.

Horrelako gertaeren aurrean, kudeatzaileek erne egon behar dute, hezeguneak sortzeko proiektuei dagozkien zuzenketak egiteko. Edukiera handiagoko putzuak sortzea izan daiteke bat; hau da, ur-metaketa handiagoa egitea denbora gehiago iraun dezan. Eta kontua ez da putzu iraunkorrak eraikitzea edonon, horrelako hezeguneak ezohikoak izaten baitira ingurune naturalean.

Gainera, ohikoez gain anfibioentzako mehatxu berriak ager daitezke putzu iraunkorretan, kanpoko espezieak sartzea kasu. Europan ondo asko dakiten bezala, putzu horietan arrainak, dortokak eta ibai-karramarroak askatzen dituzte gehiegitan, eta horrek anfibio-populazioak urritu edo desagerrarazi egiten du.

Beste aukera bat izan daiteke dauden hezeguneen aldamenean beste batzuk eratzea, ugalketarako osagarri gisa. Era berean, berreskuratze-proiektuetarako oso egokia litzateke, isurialde atlantikoan batik bat, bertoko basoak kontserbatzea ahalik eta hezegune-mota gehiena barne dutela.

Anfibioak kontserbatzeko aukera bat da dauden hezeguneen aldamenean beste batzuk eratzea. Argazkian, hegoaldeko zuhaitz-igelarentzat Mendizorrotzen prestatutako putzu bat.
A. Gosá

Emandako urratsak

Ez gara zerotik abiatzen, baina anfibioak berreskuratzeko saiakerak benetan urriak izan dira. Kontserbazioa ez dago errotuta gure ohituretan. Horregatik, mehatxaturiko espezieak kudeatzeko ardura administrazioarena dela agerian uztea ez da samurra izan, are gutxiago hegazti edo ugaztun enblematikoez haratago.

Aitzindariak izan ziren joan mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan gure lurraldeko espezieak eta haien banaketa ezagutzeko egindako ahaleginak. Ahalegin horien ondorio zuzena izan ziren atlasak eta argitaratutako zenbait ikerketa; haiei esker jabetu ginen hainbat anfibio-populazioren egoeraz. Baina informazioa zaharkituta geratzen da, eta askoz azkarrago gaur egun, ingurune naturala etengabe eta era ezin kontrolatuan eraldatzen ari dela kontuan izanda. Horri kudeaketa-planen bitartez aurre egiteko, ezinbestekoa da kontserbazioan espezializatutako ikerketa-taldeak izatea.

Ondorioa

Gailurretako uhandreak politak dira, eta jendeak hartu egiten ditu. Kontserbazioari begira, horrelako portaerak saihestea eragin behar da.
A. Gosá

Egungo lurralde-antolaketak ez dio mesederik egiten anfibio-populazioen etorkizunari. Hirigintzak agintzen du, eta azpiegitura berriak nonahi egiten dituzte. Landa-ingurunea, lursailen kontzentrazioa tarteko, homogeneizaziorantz doa, eta aprobetxatu ezin diren eremuak, putzuak eta ibai-ertzak, esaterako, deuseztatu egiten dira. Arestian aipatu dugun legez, gizartearen sentsibilizazioak bakarrik lerratuko du administrazioaren politika naturaguneak eta espezie enblematikoak berreskuratzera. Hor daude, adibidez, gailurretako uhandrea, apo pintatuak edota baso-igel piriniotarra. Espezie bereziak dira, mehatxupean dauden populazioak dituzte, baina oraindik ez da haien gaineko kudeaketarik egiten, egitasmoak egon badauden arren.

Aldi berean, ikerketa-taldeak berriak dira, eratzen eta prestatzen ari dira oraindik, eta, ondorioz, ezin da populazioen jarraipenik egin. Litekeena da zenbait tokitan populazio batzuk galtzen aritzea, baina galera hori aztertu gabe dago. Gurean ez da espero epe motzera espezierik iraungitzea, baina mehatxatuta dauden populazioen kopurua emendatzen ari da, eta ez dago jakiterik arazoa zenbaterainokoa den.

Hankaren luzeera neurtuta jakin daiteke igel hau Rana dalmatina (baso-igel jauzkaria) espezieko ale bat dela.
(Argazkia: A. Gosá)

Euskal Herriko panorama bitan bereiz daiteke, isurialdeekin bat. Isurialde atlantikoan, itxura batean, zailagoa da populazioen kudeaketari heltzea. Giza dentsitate altuko eremua izaki, kontserbazio-ereduak tokian tokiko anfibio-komunitatez osaturiko uharteetara jotzen du. Eredu hori arriskutsua da oso, populazioen arteko lotura ikaragarri mugatzen duelako, baina dagoen lurralde-antolaketa ikusirik, ba al dago beste aukerarik? Isurialde mediterraneoak dituen berezitasunek --mendilerroz zeharkaturiko lautada zabala da-- kudeaketa-arazoak arindu ditzakete. Ekosistemen eta haien dibertsitatearen suntsipena eta nekazaritzak sorturiko poluzioa lirateke gainditu beharreko mugak.

Bi isurialdeetan bideragarria den eredu bakarra da anfibioak ugaltzeko hezeguneak egokiro diseinatzea. Mendeetan hezeguneak lehortzen eta betetzen aritu eta gero, erabateko lehentasuna izan behar du habitat urtarrek egun dituzten arazoak konpontzeak. Uren kalitatea bigarren fase baterako utzi beharko genuke. Bidea luzea bezain zaila izango da; beraz, has gaitezen lehenbailehen.

Zenbait web gune interesgarri:

http://amphibiaweb.org

http://www.sosanfibios.org

http://www.open.ac.uk/daptf/index.htm

http://www.herpetologica.org

Kontserbazio-proiektuak: bi adibide
Baso-igel jauzkaria.
(Argazkia: A. Gosá)
Orgiko basoan (Ultzama, Nafarroa), putzuz beteriko haranaren hondoko hariztian, baso-igel jauzkaria berreskuratzeko plana abian dago. Espezie hori galtzeko arrisku bizian dago Iberiar penintsulan. Antzeko beste kasu batzuetan hartutako neurri berdinak hartu dira: igelak ugalketarako erabiltzen dituen eta erabil ditzakeen hezeguneen inbentarioa egin, putzuak sortu, arrautzak tokiz aldatu eta putzu berrietan sartu, eta zapaburuak kontrolpean hazi. Zeregin horietan biologia-ikasleek eta ingurumen-boluntarioek lagundu dute. Orain arteko emaitzak: Orgin 200-400 helduz osaturiko populazio txikia finkatu da eta populazioa bere kabuz ugaltzeko gai da.
Hegoaldeko zuhaitz-igela.
(Argazkia: X. Rubio)
Mendizorrotzen (Gipuzkoa) Euskal Autonomia Erkidegoan 'galtzeko arriskuan' dagoen hegoaldeko zuhaitz-igelaren kudeaketa plana egiten ari da. Populazioaren egoera aztertu zutenean, 1998an, desagertzeko zorian zegoen urtegi zahar batean baino ez zen ugaltzen (Igara, Donostia). 1999an Kudeaketa Plana onartu zen, eta ordutik mendilerro osoan dozena bat putzutik gora eratu dira. Indibiduo helduak eta zapaburuak sartu dituzte haietan, eta gehienetan espeziea ugaltzen dela baieztatu dute.
Nazioarteko Herpetologia Kongresua
Aranzadi Zientzi Elkartea arduratuko da Euskal Herrian egingo den lehendabiziko herpetologia-kongresua antolatzeaz. Zeregin horretan lankide izango ditu Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Espainiako Herpetologia Elkartea (AHE), Portugalgo Herpetologia Elkartea (SPH) eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea. Ekimen honek Iberiar penintsulako herpetologoen arteko lankidetza eta komunikazioa sustatzea du helburu.
Kongresua 2006ko urrian izango da, baina dagoeneko lanean ari dira. Biltzarra urriaren 4tik 7ra izango da, eta bezperan, hilaren 3an, anfibioak eta narrastiak ikertzeko zein kontserbatzeko teknikei buruzko ikastaroa egingo da.
Informazio gehiago:
www.aranzadi-herpetologia.org
Gosá Oteiza, Alberto; Rubio Pilarte, Xabier
3
220
2006
5
038
Ekologia; Zoologia; Ingurumena
Artikulua
34
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila