Web 2.0: zu ere sortzaile

Asurmendi Sainz, Jabier

Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea

Orain dela ez denbora gehiegi, Internet eduki estatikoek osatzen zuten, baina, denbora pasatu ahala, elkarreragina eta eduki dinamikoak ari dira amarauna ehuntzen. Horri eta Internet eta banda zabala enpresetan zein etxebizitzetan hedatzeari esker, Internet, hasiera batean zen informazio-biltegi erraldoia ez ezik, aplikazio-meta itzela ere bada egun.
Web 2.0: zu ere sortzaile
2007/11/01 | Asurmendi Sainz, Jabier | Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea

(Argazkia: Artxibokoa)
Informatikan, eboluzioa adierazteko, bertsioak erabili ohi dira, eta horixe adierazten du, hain zuzen ere, Web 2.0 deritzonak, web-aren eboluzioa, alegia. Bilakaera hori bi aldetatik gertatu da: alde batetik, eboluzio teknikoa gertatu da; hau da, elkarri eragiteko aukera ematen duten web aplikazio eta guneak garatu dira, eta webak eskaintzen dituen baliabideei esker, aplikazioak web ingurunean garatzeko joera nagusitu da; bestaldetik, gizartearen bilakaeraren eta internauten jarrera-aldaketaren eraginez, irakurtze hutsetik parte hartzera eta iritziak ematera edota edukiak osatzera igaro dira. Horrenbestez, esan liteke internauta pasibotik internauta aktibora pasatu garela, edo, behintzat, aktiboa izateko aukera edukitzera.

Web 2.0 hitza O'Reilly Mediari zor zaio, zehatzago esanda, Tim O'Reillyrekin batera enpresa hori sortu zuen Dale Doughertyri. Dale Doughertyk erabili zuen terminoa lehen aldiz, 2004an. Erabiltzaile-erkidegoetan oinarritutako web-aren bigarren belaunaldia adierazteko erabili zuen: blogak, foroak eta wikiak, esate baterako. Horiek jartzen dute eskura eta bultzatzen dute erabiltzaileen arteko elkarlana eta informazio-trukea.

Laburbilduz, esan daiteke hasiera batean Internet HTML orrialde estatikoz josita zegoela eta orrialde horiek ez zirela maiz eguneratzen mantentze-ataza neketsua zelako. Ondoren, apurka-apurka, datu-baseetatik elikatzen ziren web guneak agertzen joan ziren --Web 1.5 izenarekin ezagutzen dira--, egungo web gune eta web zerbitzu interaktiboetara eta aplikazio-aniztasunera iritsi arte. Era horretan, lehen mahaigainekoak ziren aplikazio ugari web ingurune batean egikaritzen ari dira orain enpresa nahiz norbanako asko: kudeaketa-aplikazioak, argazki-galeriak, atlasak, entziklopediak, multimedia-aplikazioak... Horiei, gainera, Internetek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzen diren aplikazioak gehitu behar zaizkie, mahaigaineko ingurune batean erabili ezin izango liratekeenak.

Izan ere, aplikazioak web ingurune batean egikaritzeak hainbat abantaila ditu: plataforma anitzekoak direnez, nabigatzaile bat besterik ez da behar aplikazioa erabiltzeko, eta, beraz, sistema eragile gehienetan erabil daiteke, beste aplikaziorik instalatu beharrik gabe. Internet izanda, edozein ordenagailutatik eta edozein lekutatik balia gaitezke gure aplikazioez, eta gure datuak saio batetik bestera gorde ditzakegu, erabiltzaile-izena eta pasahitza sartuta. Azkenik, Web 2.0 bereizten duen ezaugarri berezi gisa, norberaren datu horiek, argazkiak edota dokumentuak gainerakoekin partekatu daitezke.

(Argazkia: Artxibokoa)

Web interaktiboak zabaldu eta gero, hamaika motatako aplikazioak agertzen joan dira Internet zabalean; horietako zenbait eragiketa zoragarriak burutzeko gauza dira. Baina aplikazio-mota batzuk bereziki hedatu dira, eta ospe handia hartu dute. Horien artean daude, zalantzarik, gabe, blogak eta wikiak.

Blogak

Blog hitza ingelesetik dator, web eta log (egunkaria ingelesez) hitzak uztartzetik, hain zuzen ere. Maiz eguneratzen diren web guneak dira, eta, haietan, parte-hartzaile batek edo gehiagok berriak, artikuluak, erreportajeak edo iritziak idazten dituzte. Idazki horiek berrienetik zaharrenera ordenatuta agertu ohi dira, eta, halaber, definitutako etiketa edo arlo zehatz batzuen arabera sailka daitezke. Blogetan argitaratu daitezkeen sarrerek ez dute zertan testu hutsa izan; argazkiak, estekak eta bideoak ere txerta daitezke erreportaje edo artikuluetan.

Horrez gainera, irakurleek iradokizunak egin ditzakete, eta idazleak erantzun egin dezake. Horrela, elkarrizketa edo eztabaidak sor daitezke. Hala ere, ezaugarri hori ez dago beti gaituta blog guztietan. Blogak sortzeko aplikazio gehienek iradokizunetan baimenak zehazteko zenbait aukera eskaintzen dituzte; iradokizunak desgaitu egin daitezke, edo izena eman duten erabiltzaileei soilik eman idazteko aukera, edo erabiltzaile guztientzako libre utzi.

"Funtziona dezakeen on line datu-baserik sinpleena". Horrela definitu zuen wikia haren sortzaileak.
Dachris
Bai idazkien bai iradokizunen eguneratzeak feed irakurgailuen bidez ikus daitezke. Izan ere, ia-ia blog guztiak eta blogak garatzeko baliabide guztiak web sindikazioaz baliatzen dira aldaketak hedatzeko.

Wikiak

Blogak, taldean egin daitezkeen arren, pertsona baten obra izaten dira, oro har. Wikien kasuan, berriz, elkarlana da zerizana. Hain juxtu, wikia oso baliabide aproposa da web guneak elkarlanean eraikitzeko. Izan ere, nabigatzailearen bitartez, hainbat erabiltzailek modu errazean edita ditzakete testua --formatuarekin-- eta estekak. Horrela, erabiltzaileek web gune edo intranet baten edukiak sortu, aldatu eta ezaba ditzakete erraz eta arin. Gainera, wikietan erraz berreskura daitezke edukiaren lehengo bertsioak. Dokumentu edo orrialde bakoitzean egin diren aldaketen historia gorde egiten da, eta hori abantaila garrantzitsua da.

Wikipedia da wikien emaitza nabarmenetako bat. Wikipedia entziklopedia eleaniztuna da, Interneten kontsulta daiteke eta auzolanean osatzen da, beste web entziklopediak ez bezala; hau da, edonork sor dezake artikulu bat, edo jada dagoen bat osatu, nahi duen hizkuntzan. Wiki aplikazio erraldoia dela esan liteke, hori delako artikuluak idazteko eta osatzeko era, eta hitz horretatik hartu du izena. Gaur egun, ospe handiko entziklopedia bilakatu da Interneten, eta oso erabilia da (Euskal wikipediaren helbidea http://eu.wikipedia.org/ da).

Wiki hitzak azkar esan nahi du hawaiieraz.
A. Laing

Wikipedia wiki proiektu erraldoia da, eta maila guztietan da erabilgarria. Oso aukera interesgarria izan liteke, esaterako, enpresentzat zein elkarteentzat, lantalde batek dokumentu bakarra eta adostua garatzeko edo enpresaren ezagutza kudeatzeko.

Kuriositate gisa, jakin wiki hitza hawaiieratik datorrela, wiki wiki esamoldetik; azkar-azkar esan nahi du euskaraz. Ward Cunninghamek sortu zuen lehenengo wiki weba.

Web sindikazioa eta RSS

Aplikazioez gain, web gune baten eduki berriak hedatzeko aukera da Web 2.0rekin etorri den ezaugarri interesgarrienetariko bat. Web sindikazioari esker egiten da. Batez ere, blogetan erabiltzen da aukera hau, baina, printzipioz, edozein web gunetan erabil daitekeen baliabidea da. Era horretan, web gune multzo baten edukiei jarraitu nahi dien erabiltzaile orok ez du zertan web gune horietan guztietan egunero sartu. Mahaigaineko edo web inguruneko aplikazio baten bidez, web gune guztietako eduki berriak ikus ditzake, web gune bakoitzak aukera hori eskaintzen badu.

Argazkiak igotzeko eta sailkatzeko nahiz norberaren zein beste erabiltzaileen argazkietan bilatzeko erabiltzen da Flikcr web zerbitzua. Argazki-albumak sor daitezke, eta erabiltzaileek iradokizunak egin ditzakete argazkietan. Helbidea: http://www.flickr.com/
Artxibokoa

Hala bada, web sindikazioa web gune baten edukiak hedatzeko jario bat besterik ez da. Sindikazioaren bidez, web gune batek edukiak bidal ditzake, eta, horrela, bere edukiak konpartitu ditzake web inguruneko edo mahaigaineko jario-irakurle batekin edo haren edukiez baliatu nahi duen beste web gune batekin.

Sindikazioa XML formatuan kodetzen da, eta RSS eta Atom formatuak erabiltzen dira gehien. Hala ere, egun, RSS (Really Simple Syndication) erabiltzen da bi formatuak izendatzeko.

RSS jarioak irakurtzeko, esan bezala, jario-irakurleak erabiltzen dira. Mahaigainekoak edo Internet ingurukoak izan daitezke, eta erabiltzaileak interesatzen zaizkion web guneetan harpidetu besterik ez du egin behar. Hortik aurrera, RSS jarioaren irakurleak jasotzen ditu RSS iturriak, eguneratuta, eta web gune bakoitzean irakurri ez ditugun eduki berriez ohartarazten gaitu.

RSS jarioen irakurleen artean, Bloglines (http://www.bloglines.com) da ezagunenetariko bat --frantsesez eta gaztelaniaz dago, baina ez euskaraz oraingoz--. Web inguruneko irakurlea da, eta horrek baditu zenbait abantaila. Interneteko sarbidea eta nabigatzaile bat izanda, edozein ordenagailutatik irakur daitezke nahi diren albisteak edo gustuko web guneen edukiak, posta elektronikoa eta pasahitza sartuta.

Bloglines RSS jarioaren irakurlea.

Zerbitzuaz baliatzen hasteko izena ematea doakoa da, eta aski da posta elektronikoa, pasahitza, nahi den hizkuntza eta ordu-zona zehaztea. Behin saioa hasita, ezkerreko menuan agertzen dira harpideturiko RSS iturriak, eta parentesien artean, eduki berrien kopurua. Gainera, karpetaka sailka daitezke, hobeto antolatzeko. Eskuinaldean, berriz, aukeratu dugun RSS iturriaren eduki berriak azaltzen dira.

Google Interneteko erraldoiak ere bere RSS jarioaren irakurlea garatu du, nola ez. Google Reader du izena, eta helbide honetan topa daiteke: http://www.google.com/reader/. Bloglinesen bezala, karpetaka antola daitezke RSS iturriak. Horretaz aparte, Google Readerrek harpidetzen inguruko estatistikak eskaintzen ditu: RSS iturri bakoitzaren batez besteko sarrera-kopurua eguneko, eta gure irakurketen ingurukoak, esate baterako. Eta, espero izatekoa zen bezala, Googleren RSS jarioaren irakurlea izanik, nahiko bilatzaile osatua dauka; sarrera guztietan, karpeta batean edo RSS jario guztietan egin daitezke bilaketak. Alabaina, Google Reader ere ez dago oraindik euskaraz.

Tagzanian, toki etiketak jar daitezke tokietan, haien inguruan komentarioak egiteko.

Alesti RSS jarioen irakurlea, aldiz, euskaraz dago, eta, aurreko biak bezala, web ingurunekoa da. RSS jarioak antolatzeko sistema ez da karpetakakoa, etiketen bidezkoa baizik. Hau da, RSS jario bakoitzari etiketa bat baino gehiago lot dakizkioke komaz banatuta, eta, horrela, etiketa bakoitzean klik eginez ikus daitezke etiketa horri dagozkion RSS iturriak. Alesti erabili nahi izanez gero, helbide honetara joan: http://www.alesti.org. Alestin ere, doan da izena ematea, eta sartu behar diren datu bakarrak erabiltzailearen izena, pasahitza eta helbide elektronikoa dira.

Web 2.0 euskalduna

Zorionez, Interneten dena ez dago ingelesez, eta euskarazko zenbait proiektu eratzen joan dira denbora pasa ahala. Haien artean, arestian aipatukoez aparte, bestea hauek ere badaude: www.zabaldu.com --Interneten agertzen diren berriak hedatzen ditu--; www.galdetu.com, galderak egiteko zerbitzua; www.tagzania.com, mundu zabaleko mapetan, etiketak sortzeko; edo www.blogari.net, nahi duen orok bere bloga sortzeko baliabidea. Ez duzu aitzakiarik Web 2.0ra batzeko.

Foroak
Eztabaidak edota iritzi-trukeak linean egiteko aukera ematen dute Interneteko foroek. Maiz, web guneak ez dira garatzen foro soil bat edukitzeko; bestelako edukiak dituzte, eta foroa erabiltzen da komunitate bat eratzeko eta partaideen arteko elkarrizketak sustatzeko gai baten inguruan. Blogekin ez da hori gertatzen; izan ere, baliteke web gune osoa bloga besterik ez izatea.
Artxibokoa
Foroen bidez, beraz, arlo zehatz baten inguruko komunitate bat sor daiteke, solasaldi libre eta informalak gauzatu ahal izateko. Askotan, foroa kontrolatzen edota dinamizatzen duen moderatzaile bat edo gehiago izaten dira, publizitatea zein mezu iraingarriak sartzea eragozteko.
Foroetan, blogetan ez bezala, elkarrizketak hierarkikoki sailkatuta daude, elkarrizketaren haria errazago ulertu eta jarraitu ahal izateko. Horrez gainera, oro har, foroetan blogetan baino parte-hartzaile gehiago izaten dira.
Google, 2.0n ere nagusi
Interneteko erraldoi honen produkturik ezagunena bilatzailea bada ere, beste hainbat web-zerbitzu atera ditu eta ateratzen ari da. Bilatzailea alde batera utzita, ez da erraza esatea haien artean zein den erabiliena edo ospetsuena. Edonola ere, guztiak har daitezke Web 2.0 gisakotzat; gehienetan, AJAX izeneko teknologia erabiltzen dute nabigatzailean datuak azkarrago erakusteko, eta zerbitzariari hainbeste eskaera egitea saihesten dute.
Google Maps
Interneten mundu zabala satelite-irudien bidez, mapa-irudien bidez edo modu hibridoan --biak bateratuta, alegia-- ikusteko aukera eskaintzen du web zerbitzu honek. Amerikako Estatu Batuetako hiri batzuetan, gainera, zirkulazioa ikusteko aukera dago, eta kaleak hiru dimentsiotan bistaratu daitezke (baliabide horrek polemika piztu du). Erabiltzaileak hiriko kaleak oinez zeharkatuko balitu bezala ikusten ditu; hau da, ez satelite-argazkien bidez goitik behera, baizik eta hiriaren barnean bertan egongo balitz bezala. Hala bada, asperraldietan etxetik mugitu gabe bidaiatzeko, http://maps.google.es helbidera jo besterik ez da egin behar.
GMail
GMail (http://mail.google.com) ospetsu bihurtu zen abiatu zen garaian, 2004. urtean, eskaintzen zuen lekuagatik; izan ere, gigabyte bateko lekua eskaintzen zuen bakarra zen. Haatik, gaur egunean, jada, 2,9 gigabyteko lekua dute GMailen erabiltzaileek.
Hasiera batean GMailen izena eman ahal izateko gonbidapena beharrezkoa bazen ere, dagoeneko ireki dute zerbitzua, eta edonork eman dezake izena. Gaur egun, berrogeita bat hizkuntzatan dago, frantsesa eta gaztelania barne; ez euskaraz, ordea.
Goian, New York hiria satelitetik eta lurretik, Google Maps-en. Behean, Iruñeko mapa hibridoa, satelite-ikuspegia eta kale-izenak batuta.
Google Docs
Googleren baliabide hau erabiliz, testu-formatudun orriak zein kalkulu-orriak Internet bidez sor, ezaba, alda eta kudea daitezke. Dokumentuak karpetaka antola daitezke Interneten, eta edozein ordenagailutatik eta edozein lekutan erabili, izena eta pasahitza emanda. Gainera, dokumentuak partekatu daitezke, beste erabiltzaile batzuek ere irakurri ahal izan ditzaten, edo, dokumentuaren jabeak nahi izanez gero, aldatzeko eta elkarlanean idazteko aukera ere ematen du. Hauxe da Google Docs-era jotzeko helbidea: http://docs.google.com/.
Google Calendar
Google Calendar agenda eta egutegi bat da. Jaiegun edo gertaera errepikakorrak zein puntualak zehatz daitezke, eta konfiguratu egin daiteke aurretik (minutu, ordu edo egun batzuk lehenago) ohartarazteko. Ohartarazpena posta elektronikoz jaso daiteke, edo mezu-leiho baten bidez ikusi nabigatzailean bertan. Baina Google Calendarrek daukan berezitasuna da norberaren agendako gertaerak edo jaiegunak publikoak edo pribatuak izan daitezkeela, eta, publikoak badira, beste edonork ere erabil ditzakeela. Halaber, erabil daitezke beste egutegi publiko batzuk ere, esaterako, bakoitzaren herriko jaiegunak, santu-izendegia, ilargi-aldiak edo erakunde baten ekitaldi-egutegia. Hau da Google Calendar-en URLa: http://www.google.com/calendar/
Youtube, Google Video eta Euskaltube
Bideoak web-aren bitartez ikusteko eta partekatzeko bi web zerbitzu dira Youtube eta Google Video. Ezberdinak dira, baina, gaur egun, Googlek dauka bien jabetza. 2006ko urriaren 10ean erosi zuen Youtube, 1.650 milioi dolarretan. Alabaina, bi web guneak mantendu egin ditu, oraingoz. Gainera, Google Videon bilaketa egiten bada, bi web guneetako emaitzak agertzen dira. Zerbitzu hauek probatzeko, jo http://www.youtube.com eta http://video.google.com/-era helbideetara. Bietan sailka daitezke bideoak, eta erabiltzaileek iradokizunak idatz ditzakete.
Ez bata eta ez bestea ez daude euskaraz, baina berdin dio jada, Euskal Herrian lehiakidea sortu baitzaie; Euskaltube du izena, eta http://www.euskaltube.com/ helbidean dago. Web gunea euskara hutsean dago, eta, beste web guneetan bezala, bideoak partekatu eta sailkatu daitezke. Horrez gainera, RSS jarioak ditu, bideo berriez ohartarazteko, eta Twiter-ekiko lotura ere bai.
Esteka gogokoenak 2.0: Del.icio.us eta Bildu.net
Interneten murgiltzean, web gune interesgarrien helbideak nabigatzailearen laster-marketan gordetzen dira. Baina, beste ordenagailu batean egonez gero, ezin da nabigatzaile horren laster-marketara iritsi eta nahi den laster-marka hori eskuratu. Muga hori gainditzeko, erabilgarriak dira Del.icio.us nazioarteko proiektua eta Bildu.net euskal proiektua. Zerbitzu horiei esker, esteka gogokoenak sarean gorde daitezke, eta edozein ordenagailutatik eskuratu. Beste Web 2.0 askotan bezala, zerbitzu horietan, estekak etiketen bidez sailka daitezke, eta, gordetako estekak pribatuak ala publikoak izan daitezen zehazteko aukera ematen dute. Web gune horietara sartzen den jende orok ikus ditzake gure estekak, nahi baldin badugu. Hori interesgarria da antzeko interesak dituzten pertsonen artean web gune interesgarrien informazioa partekatzeko. Esaterako, elkarteek edo enpresek ere erabil ditzakete, entitatearentzat interesgarriak izan daitezkeen estekak kudeatzeko. Hona hemen proiektu horien helbideak: http://del.icio.us/ eta http://www.bildu.net.
Asurmendi Sainz, Jabier
3
236
2007
11
035
Internet
Artikulua
36
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila