Aurreko ataletan jadanik aztertu dugunez, gure gorputzak energi beharrak asetzeko janariaz hornitzeko eskatzen digu. Hainbat osagai behar du gorputzak eta horiek janarian aurkituko ditu neurri desberdinetan. Izan ere, elikagaien osaketa nahikoa aldakorra da eta elementu bakoitzak funtzio jakin bat izango du. Horrela, elikagai energetikoak —karbohidratoak, gantzak eta proteinak dituztenak— eta ez kalorikoak baina gorputzean gertatzen diren erreakzio kimikoak normaltasunez burutzea errazten duten bitaminak eta gantz mineralak dituztenak—.
Osagaien banaketa edozein delarik, elikagai guzti-guztietan ura dago nagusi. Zenbait ikertzaileren iritziz, ura ezin daiteke elikagaien osagaitzat hartu, baina gure bizitzan duen garrantzia ez du inork zalantzan jartzen. Giza gorputzaren % 50-60 ura da eta jaioberrien kasuan, proportzioa handiagoa da, % 70-75 ingurukoa. Urik gabe, hortaz, bizitzarik ez dago.
Ura funtzio askoren eragile nagusia da: zeluletako egituran ematen diren funtzioak laguntzen ditu; odolean, izerdian, linfan edota gernuan dauden elementuak garraiatzen ditu; gorputzeko tenperaturaren mantenimenduaz arduratzen da; funtzio lubrifikatzailea du pleurako mintzen artean eta hesteen mugikortasunean eta, azkenik, listuaren osaketan ere hartzen du parte.
Zenbat ur behar dugu guk funtzio horiek guztiak behar bezala betetzeko? Lege orokorrik ematerik ez dago, noski; gure ur-beharrak kalkulatzerakoan, kontutan hartu behar dugu kanporatzen dugun ur-kantitatea eta hori, noski, faktore askoren menpe dago (gogoratu, bada, gernuaren, izerdiaren edota arnasketaren bidez kanporatzen dela ura). Kalkulu hori eginda, kilokaloria bakoitzeko mililitro bana kontsumitu behar dugu gorputzak behar bezala funtziona dezan (beraz, 2.400 kcal. behar badituzu, 2.400 ml. ur edan beharko duzu).
Horrenbeste? Lasai, izan ere, ur-kontsumoa ez dagokio edaten dugun urari soilik; elikagaien ur-edukia ere hartu behar da kontutan kontsumoa orekatzeko. Esate baterako, barazkien ur-edukia oso handia da, % 95-90 ingurukoa, baina zerealetan % 5 10 ingurukoa baino ez da ura. Nolanahi ere, eta aldian aldiko gora-beherak ahaztu gabe, litro eta erdi ur edan beharko genuke egunero.