Untzigintzaren historia XV: izotzaustekoak

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Poloetako itsasoetara altzairuzko untziak lehen aldiz joan zirenean, zurezkoek baino portaera txarragoa erakutsi zuten. 1928-1930.ean, Byrd jaunaren espedizioa zurezko untzi batek salbatu zuen. Izan ere Eleanor Bolling izenekoa (altzairuzkoa), ez zen gauza izotz-plakatan zehar ibiltzeko.
Izotzaustekoen forma klasikoa. Alboko marruskadurak asko frenatzen du eta erregai asko kontsumi erazten.

Zurezko untziak 1839. urteaz gero sendotu egiten ziren izotzaren presioa jasan zezaten, baina 1899. urterarte ez zen benetako izotzausteko untzirik egin. Lehenengoa Yemark izenekoa izan zen; Makarov almirantearen diseinuz Britainia Haundian Errusiarentzat egina hain zuzen.

Geroztik, marka eta aldakuntza berriak etengabe izan dira izotzausteko untzietan. 1914. urtean adibidez, Vilkitski komandanteak Vladivostok-etik Arkangel-eraino bi izotzausteko eraman zituen, nahiz eta hamar hilabetean izotz artean geldirik egon behar izan. Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, lurrin makinaren ordez diesel motoreak ipini zituzten propultsiorako, eta 1957. urtean, energia nuklearrez eragindako Lenin izotzausteko untzia agertu zen.

Untzi hauek hautsi behar duten izotza ordea, ez da beti berdina izaten. Bi izotz-geruza desberdin egoten dira itsaso hotzetan. Bata urtaro batean bakarrik poloetako itsasoen bazterretan (polotik urrun samar) eta haizeak jotzen duen lekuetan sortutakoa da. Izotz-geruza hautsita egoten da flöe izeneko plataformak osatuz. Plataformei eta plataformen arteko kanalez osatutako multzoari pack izena ematen zaio.

Finlandia inguruan mota honetako izotz-geruza egoten da itsasoan eta nahikoa erraz hausten dira. Han dabiltzan izotzausteko untziek, hondoa ia erabat launa dute eta brankan helizeak dituzte. Untzi-bularra izotz-plakaren gainean ipintzen denean, motore independentez eragindako helizeak (brankakoak), gilatik izotza kendu egiten du. Horrela, azpian euskarririk ez duelako, izotza errazago hausten da.

Izotzausteko untzi hauetako batzuetan gainera, azpian aire konprimatua injektatzen da alboetara izotza eta untziaren arteko marruskadura txikiagoa izan dadin.

Lenin , izotzausteko untzi atomiko sovietarra.

Beste era bateko izotz-geruza egoten da ordea polotik hurbileko itsasoetan. Hango pack -a gogorragoa da eta untzi indartsuagoak behar dira. Normalean izotzaustekoek, indar hutsez lan egin izan dute; brankaz eta beren pisu guztiaz izotza kolpatuz. Izotza hautsi ezin bada ordea, untzi barruko ur-deposito batzuetatik ura beste ur-deposito batzuetara pasa behar da. Horela branka jaso egiten da eta gero kolpera jaitsi izotz-geruza hausteko. Batzuetan, lastran doan ur honetaz baliaturik albaka okertzen da untzia, izotzetan preso gera ez dadin. Azken aldian, izotzausteko batzuek beso biragarrizko helizeak daramatzate, izotz-geruzatan hobeto ibiltzearren.

1977. urtean, Arktika izeneko izotzausteko untzi sovietarra Ipar Polora iritsi zen, hango pack gogorra ebakita. Murmansk-etik abuztuaren 9an abiatu zen eta zortzi egunean 2700 milia nabigatu ondoren, helburura iritsi zen. Itsasuntzi hark, propultsio nuklearra zeukan eta bere autonomia mugagabekoa zen.

Alemania eta Finlandia-k, izotzausteko untzientzat ez dute energia nuklearrik aukeratu. Arazo teknikoa baino gehiago ekonomikoa da ordea horretarako arrazoi nagusia. Izan ere Arktika bezalako itsasuntziek, propultsio atomikoa alde batera utzita gainerantzean diseinuz erabat normalak dira.

Izotzausteko untzi berriek brankan itzotz-plaka zabal ebakitzen dute. Gero gilak hautsi eta alboetara bidaltzen du.

Alemanian dena dela, diseinu berriko izotzaustekoak egiten hasiak dira. Untzi-bularra goian egongo da, baina urpeko branka launa izango da; ia lehorreratzeko txalupa handiena bezain launa. Itsasuntziaren energia zinetikoa eta pisua aprobetxatuko dira izotz-geruza hausteko, baina ganibetak gazta ebakitzen duen antzera lan egiteko diseinua emango zaio. Brankan irekitako kanala ez du gero kaskoak alboetan zabaldu beharko. Izan ere gila zorrotzak izotz-pusketak alboetara bidaliko ditu. Diseinu berri honi esker, untziaren errendimendua hobea da eta propultsio atomikorik gabe ere lan egin daiteke.

Dena dela, gero eta izotzausteko gehiago egingo direla ez dago ukatzerik. Polo inguruetan hain zuzen aberastasun asko dago (petrolioa, gasa, mineralak, etab.) eta itsaso izoztuetan nabigatzeko premia gero eta handiagoa da. Segurtasunez nabigatzea ordea, beste gauza bat da. Maiz gertatu izan bait dira buruhausteak itsaso izoztu horietan.

1983.eko urrian adibidez, 26 sovietar untzi geldirik geratu ziren ez atzera eta ez aurrera Siberiako iparraldean eta beste hainbeste ere larri zebiltzan. Lenin izotzausteko nuklearrak berak ere ez zuen hara inguratzerik izan eta helikopteroz garraiatu zituzten preso zeuden marinelentzako janariak. Gero Arktika (orain Leonid Brezhnev izena du) eta Sibir untzi atomikoak hurbildu ziren, oztopo eta neke asko gainditu ondoren.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila