Untzigintzaren historia IX: baporeen hedapena

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Robert Fulton-en Clermont baporea, 1807. urteko abuztuaren 17an New York-etik abiatu eta hurrengo egunean iritsi zen Clermont hiriko portura, 180 kilometroko bidea egin ondoren.

Robert Fulton-en Clermont baporea, 1807. urteko abuztuaren 17an New York-etik abiatu eta hurrengo egunean iritsi zen Clermont hiriko portura, 180 kilometroko bidea egin ondoren. Gero handik irten eta zortzi ordu barru Albany-ko portura heltzea lortu zuen. Hogeitamabi ordutan New York eta Albany lotu zituen bapore hark. Albany-tik New York-era itzultzen, beste hogeitamar ordu pasa zituzten.

Untzia, New York eta Albany arteko bidaiak behin eta berriz eginaz aritu zen. Baporezko nabigazioa, jaioa zen jadanik.

Clermont untzia, berritu eta luzatu egin zuten hurrengo urtean, jendearen eskeari hobeto erantzutearren. Beste bapore berri batzuk ere egin ziren ordea Iparrameriketan. Rariton, Car of Neptune eta batez ere Livingston izenekoak, fama handia lortu zuten. Bapore hauek beste linea batzuetan aritu ziren atzera-aurrera.

Europan bapore bidez garraio-zerbitzua lehen aldiz, Eskozia-ko Clyde badian ipini zuten. John Robertson-ek egindako baporeak hiru zaldiko motoreaz eragindako lau gurpil zituen, eta 1812.eko abuztuan hasi zen Glasgow eta Greenok-en artean jendea garraiatzen.

1818. urtean, David Napier-ek Rob Roy baporearen bitartez lotu zituen Holyhead eta Dublin. Untzi hark, 30 zaldipotentziako motorez eragindako bi gurpil zituen.

Frantzian baporeak geroxeago hedatu ziren. 1816. urtean eraiki zuen Jouffroy-ko markesak bat Sena ibaian ibiltzeko, baina 1828. urtean Frantzian jadanik 71 bapore zeuden, haietako 13 atoiuntzi zirelarik.

Britainia Haundian, ugariak ziren baporeak. 1824. urtean 150 untzi zeuden, eta 1835. urtean 500.

Mantxako Kanala, 1816. urtean zeharkatu zuen bapore batek lehen aldiz. Pierre Audriel eta Rajol jeneralak Margery izeneko untzia erosi zuten eta Elisa izena ezarri zioten. Hamahiru zaldiko motorea zuen 70 tonako bapore hura, Newhaven-etik Parisera abiatu zen martxoaren 17an. Bidean, ekaitzak harrapatu zituen, eta gorabehera handiak izan ondoren, Le Havre-ko portura iritsi ziren azkenean, 17 orduko bidaia burutuz. Martxoaren 29an Parisera heldu zirenean, jendetza handia bildu zen bidaiariak eta untzia txalotzera.

Gurpil eragile bakarreko baporeek, leku handiagoa zuten karga eta bidaiarientzat.

Urte berean, Majestic izeneko untzi britainiarrak 200 bidaiari garraiatu zituen kanala zeharkatuz, eta zerbait geroxeago beste bi bapore ingelesek ( Caledonia eta Lady of Lake izenekoek) Britainia Haundia eta Alemania lotu zituzten.

1821. urtean, Frantzia eta Britainia Haundiaren arteko lotura iraunkorra ezarri zuten. Irlandarako bidean ari zen Rob Roy baporea, Dover-Calais-eko linean hasi zen lanean. 24 ordu eta 45 minututan burutzen zuen bidaia eguraldi ona zegoenean.

Urte batzuk geroago, 1826. ean, Londres eta Amsterdam bitarteko linea estreinatu zen, eta 1836.ean, zerbitzu berezi bat ere bai Folkeston eta Boulogne bitartean. Bapore egoki batzuetara, Londres-etik zetozen trenak sartzen ziren, eta gero itsasoz Boulogne-ra iritsitakoan, burdinbidean ipintzen zituzten berriro. Horrela trenbidea Londres-etik Frantziaraino luzatu zuten.

Atlantiar Ozeanoa lehendabizikoz, 1819. urtean zeharkatu zuen Savannah baporeak. New York eta Liverpool hirien arteko bidaia maiatzaren 25a eta ekainaren 22a bitartean burutu zuten. Hiru masta eta baporezko motorea zuen untziak. Moses Rogers kapitaina izan zen Savannah en gidaria, eta bidaiaren erdia baino gehiago motorearen eraginez egin bazuten ere, gainontzekoa belaz burutu zen ezinbestean; erregaia bukatu bait zitzaien.

Liverpool-etik, untzia Kopenhave, Stockholm eta San Petesburgo aldera abiatu zen, Europan baporea norbaitek erosiko zuen esperantzatan. Erostunik ezean, Rogers kapitaina Ameriketara itzuli zen, berriro ere Ozeano Atlantiarra zeharkatuz.

India alderako bidaiak, geroago hasi ziren. Baporeek ikatz asko behar izaten zuten, eta bidaia luzea zenean, lehorreratu eta erregaia hartu beharra zegoen.

Dena den, Enterprise izeneko untzia, 500 tona merkantzia eta 400 tona ikatz zituela abiatu zen 1825.eko abuztuaren 16an Johnston kapitainaren agindupean. 60 zaldiko bi motore zituen baporea, abenduaren 9an heldu zen Kalkutara. Bitartean, Esperantza Oneko Muturra-n ikatza hartu zuen. Bidaia 103 egunetan burutu bazen ere, motoreek 64 egunez eragin zuten.

Espainian lehen baporea, Sevillan hasi zen lanean 1817.eko uztailaren 8an, Sevilla eta Sanlucar de Barrameda bitarteko linean.

Paletazko albo-gurpilen eraginari esker maniobrak erraz egiten zituzten baporeek.

1830. urte inguruan bestetik, untziaren propultsioa hobetzeko saio asko egin zen, baina urratsik nagusiena, paletazko gurpilaren ordez helizea ipintzea izan zen.

1836. urtean, Hendon-eko Francis Petit Smith britainiarrak helizea diseinatu eta egin zuen. Sei tonako untzi txiki bati ipini zion eta emaitza onak lortu zituen.

Almirantego britainiarrak, untzi handiagotan saioak egin zitzan eskatu zion. Horretarako, Arkimedes untzia (200 tonakoa) utzi zioten. Smith-ek, 80 zaldiko motorea eta helizea ipini zizkion. Bere saiotan, untziak 9 milia/ordu abiadura lortu zuen, eta Mantxako Kanalean nahiz Ipar-Itsasoan zehar ibili zen.

Urte berean, 1836.ean, Ericson suediarrak bere Herrian egindako helizea Ameriketan sartzea lortu zuen. Smith-ek asmatutakoaren oso antzekoa zen.

Harrez gero merkatal untzietara gero eta gehiago hedatu zen helizea. Paletadun gurpilezko baporeak, ibaietako lineatan iraun zuten eta bigarren mundu-gerran baino lehentxeago desagertu ziren erabat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila