Udaberriko drama: gehiegizko kiloak pilaturik

L aburrak

Urte sasoi honetan ez dira salbuespen izaten; aitzitik, pertsona asko dira, bikiniaren sindromeak jota edo, neguan berokiek ezkutatzen dituzten kilo horiei aurre egin nahian, argaltzeko nahia, kezka eta irrika sentitzen dutenak.

Aukera ez da, gainera, makala. Gure gizarte honetan gaur egun sistema desberdin asko balia daitezke kilo horiek uxatzeko: mirarizko dietak, liposukzioak, masajea, hainbat osagaietako pilulak, eta abar.

Nolanahi ere, argaltze-prozesu horretan zailena ez da beti izaten pilatutako kiloak desagertaraztea; gehienetan, nekezagoa izaten da lortutako pisuari eustea. Hori horrela izanik, aipatu ditugun metodo horiek —eta aipatzeke utzi ditugunek!— huts egin dezaketela bistakoa da. Beraz, ezinbestekoa deritzogu argaldu nahi duen pertsonaren behar eta ezaugarriak kontuan hartuko dituen dieta orekatua eta osasungarria erabiltzeari; modu horretan, izan ere, kilo horiek galtzeaz gain, elikatzen ikasteko eta horrekin lotutako ohitura egokiak sustatzeko lehen oinarria finkatuko dugu, ondoren jarraipena izango duen ohitura-sortari hasiera emanez.

Zuzen jokatu nahi izanez gero, beraz, norberaren elika-ohiturak eta ezaugarri psikiko, fisiko eta fisiologikoak zehatz-mehatz aztertuko dituen dietistarengana jotzea gomendatzen dizugu, horrexek egingo baitizu, behar izanez gero, dieta pertsonalizatua.

Argaltze-prozesuak geldoa izan behar du; hilean gehienez 3 edo 4 kilo gal ditzakegu, gorputzak ohitu behar baitu eta, noski, bat-batean 10 kilo galtzeak kalte handia egin diezaiokeelako. Normalean azkar galtzen diren kiloak likidoei dagozkie; beraz, argaltzeko erabili dugun metodoa bertan behera utzi orduko erraz errekuperatzen diren kiloak dira. Gainera, modu horretan argaltzeak ez digu jarraipena bermatzen eta, hortaz, berehala nozituko dugu arazo bera.

Argaltzean galdu behar ditugun kiloak ehun adiposoan pilatzen diren koipeak dira; gorputzak lan gehiago egin behar du horiek desegiteko eta, beraz, behar duen denbora eman behar zaio prozesu horri.

Argaltzera zuzendutako dieta orekatu guztiek helburu bera dute: jateko ohitura okerrak aldaraztea eta elika-ohitura egokiak sustatzea. Jakina denez, oso zaila izaten da urteetan zeharo erroturik izan ditugun ohiturak egun batetik bestera aldatzea; ez da hori, gainera, helburua. Une jakin batzuetan ezingo ditugu ohitura egoki horiek bete (eguberrietan, jai berezi batzuetan, etab.), baina beti izan behar ditugu ikusmiran dietistak emandako aholkuak; sekula ez utzi bertan behera eta horrela lortuko duzu, pazientziaz, kilo horiek galtzea eta bizimodu osasuntsuagoa izatea.

Obesitateari aurre egin birikek hobeto funtziona dezaten

Jakina denez, obesitatea ez da arazo estetiko soila. Pisua neurriz kanpokoa izateak gaitasun asko jasateko arriskua dakar berarekin. Horretaz oharturik, Helsinkin 11 pertsona obesoen biriken funtzionamendua zehatz-mehatz aztertu dute. Pisua galdu baino lehen eta argaldu ondoren neurtu dute biriken funtzionamendua.

Argaltzearekin batera, biriken aireztatze-mekanismoak eta bolumen-gaitasuna nabarmen hobeagotu zirela ikusi dute ikerlan honetan parte hartu duten zientzilariek. Gure pisuari eusteak, beraz, abantaila asko ekarriko dizkio gure osasunari. Saia gaitezen, beraz, gure gorputza behar bezala zaintzen, ikuspuntu estetikoa baino garrantzitsuagoa baita osasuna.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila