Jaiotzaren unetik lehenengo hortzak agertzen diren arte, haurtxoak zupatu edo hozka egiteko premia garatzen du. Premia fisiko nahiz psikikoa da hori umea lasaitu eta behar bezala garatzeko tresna egokiak behar dituena.
Esnea da umeak bere bizitzako lehenengo hilabeteetan hartuko duen elikagai bakarra. Eta arrazoi bategatik edo besteagatik, egunero sarriago gertatzen da amak bere umeari bularrik ezin eman ahal izatea. Edoskitze artifiziala errealitatea da gaur egun, eta horrek asko indartu du amaren bularraren funtzioa betetzeko bereziki egokitutako biberoi eta txupeteen ikerketa eta garapena.
Umeak sarritan sentituko du zupatzeko premia, eta horrek edozer gauza ahora eramatera bultzatzen du. Zupatzeko, eta sen hori lasaitzeko erabiltzen dira txupeteak. Aspaldiko gauza izan arren, tresna honek eduki behar dituen ezaugarriak, funtzionalitate, diseinu eta materialari dagokionez, eztabaidarako gai dira gaur egun.
Oro har gaur egun merkatuan bi eratako txupeteak daudela esan daiteke: txupete bigunak batetik (gomazkoak guztiak, umeari min eman diezaioketen zati gogorrik gabekoak) eta txupete gogorrak bestetik (disko deformaezin bat dutenak, ume ez hain txikiek irentsi ez ditzaten).
Aurrenekoak leuntasunean oinarritzen diren bitartean, bigarrenetan segurtasuna da azpimarratzeko ezaugarria. Bi kontzeptu horiek, leuntasuna eta segurtasuna alegia, bazterrezinak dira maila teorikoan, baina praktikara etorriz gero hortxe dago koxka: bi faktoreak elkarrekin nola ezkondu? Soluziorik onena disko zurrun bat erabiltzea da, baina beti ere forma egokia duena, umearen ahora egokitu eta minik eman ez dezan.
Bi material-mota erabiltzen dira batipat txupeteak fabrikatzen: kautxua edo goma eta silikona. Kautxua produktu naturala da, oso erresistentea, baina bere gainazala poroz beteta dagoelako bakterioak bertan kokatu eta ugaltzea errazten du. Silikona, berriz, produktu sintetikoa da, gardena eta guztiz atoxikoa, irakin ondorengo esterilizazioarekin batera aldatzen ez dena. Ez du urik zurgatzen eta erabat higienikoa da. Gaur egun, arrazoi estetikoak direla medio eta iraupenez ere oso egokiak direlako, silikonazko txupeteak arrakasta handia du.
Objektu horien forman ere ikerketak pauso asko eman ditu, beti ere aurrera begira. Amak beti nahi du bere umeak hortzagin politak, behar bezala kokatuak eta aho-sabaia ere inolako malformaziorik gabe edukitzea. Baina, esan al daiteke txupeteak aipatu baldintza horiek betetzen dituela?
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da txupetearen tetina material bigun eta malguz egina egotea, nahiz eta hausten zaila izan. Tetina gogorra baldin bada, edota barruan zati sendoak baldin badauzka, hotz-arkua eta aho-sabaia deformatu egingo ditu seguruenik.
Egindako ikerketen arabera, gaur egun tetina anatomikoa duen txupetea jotzen da gomendigarrientzat. Halaber, umea forma horretara ohitzen dela azkarren ikusi da: bera baita amaren bularraren antz handiena duena.
Alemaniako Witten/Herdecke-ko Unibertsitateko hortz-klinikak egindako ikerketa batek emaitza bitxiak eskaini zituen: haurtzaindegira joaten ziren 2.500 ume aztertu zituzten, eta txupetea erabiltzen zutenak % 5 ziren bitartean (120 ume inguru), 8 aldiz gehiago ziren behatza zupatzen zuten haurrak (% 40, hau da 1.000 umetik gora). Sei urteko neska-mutilak aztertuz, berriz, txupetezaleak % 0,3 besterik ez ziren bitartean, behatz lodia zupatzen segitzen zutenak portzentaia oso altuan zeuden % 38, hain zuzen ere.
Eta desberdintasun edo alde horien arrazoiak asko dira. Baina lehen-lehenik, ohitura “txar” hori uzteko duten zailtasunari begiratu behar genioke. Eta argi asko uler daiteke; txupetea edozein unetan “desagertzen” baita, baina behatza ez. Gainera umeak berehala asmatzen du behatza ahoan sartzeko modu diskretu bat, disimulatzeko ia-ia ezkutuan, adibidez, eskua aurretik jarriz. Eta ohitura horrek ez du eskolako lagunen burla eta barre-algararik eragiten, txupetea erabiltzeak eragingo lukeen arren.
Gauza guztiak bere puntuan jartzea komeni izaten da, eta hemen ere edozer gauza entzun ohi da hortik zehar.
Txupetea erabiltzea gomendatzeko moduko ohitura da, beti ere ondorengo puntuak gordetzen badira: