Txingudiri buruz gutxi idatzi bada ere, gaur egun Gipuzkoako ingurune heze garrantzitsuentzat jotzen da, Euskal Herri mailan, Urdaibairen atzetik bigarrena delarik. Hala ere, mantentze aldetik Urdaibairen egoera Txingudirena baino hobea izan arren, bi lekuetako hegazti-espezieen kopurua aztertuta, Txingudikoa handiagoa dela egiaztatu da.
Azkeneko datu hau kontutan hartuz, beharrezkoa da Txingudiri buruzko informazio sakonagoa aurkeztea, orain arte jasan duen axolagabekeria ekidin eta bere hondamenari aurre egiteko. Ezin dugu ahaztu, gainera, Txingudi garrantzi internazionaleko ingurunetzat onartu dutela erakunde askok. Hauen artean aipamen berezia merezi dutenak hiru dira: Slinbridgeko (Ingalaterrako) International Waterfowl Research Bureau, Frantziako B.I.R.O.E. eta Madrileko "Federacion de Amigos de la Tierra" dela koa.
Xehetasunak eman baino lehen, agian komenigarria litzateke estuarioen garrantzia zertan datzan aipatzea, ingurune hauek defendatzeko sortu diren mugimenduak ulertu ahal izateko. Estuarioen garrantzia bi faktore nagusiotan oinarrituta dago:
Ezaugarri hauek ezezik, beste zenbait faktore ere kontutan hartu behar dira Txingudin, bere garrantzia ulertu ahal izateko:
Txingudin aurki ditzakegun ekosistemarik erakargarrienak, padura eta hondartza lirateke. Azkeneko hau beste baterako utziko dugu, eta orain Txingudiko padura aztertzen saiatuko gara.
Gipuzkoako padurarik garrantzitsuena den hau, hiru zatitan bana daiteke. Ez naturalki horrela delako; gizakiaren eraginez banatuta gelditu delako baizik. Hiru zati hauek Bidasoako irlak, Plaiaundi eta Jaizubia, eta Beltzenia ingurua dira.
Bidasoako irlak
Lehenengo zatia, Bidasoa ibaiak Jaizubia errekarekin bat egin aurretik azaltzen dituen Hiru Kanale, Galera eta Santiago Aurrera irlez osatuta legoke. Irla hauek ibaiak ekarritako materialez osatuta daudenez, ez dira estatikoak; etengabe lur-galera eta emari berriak jasotzen ari bait dira. Gainera mareen eraginez egunero bi aldiz lurzati handiak urperatuta gelditzen direnez, irla hauetako landaredi eta fauna gazitasun- eta ureztapen-baldintza aldakorretara moldatu dira, paduretako espezie tipikoak agertzen direlarik.
Landaredi hau neurri handi batean belar-espezieez osatuta dago. Ugarienak Juncaceae (ihiak), Gra mineae (lastodunak) eta Cyperaceae (papiroak) familietako espezieak dira.
Hala ere, itsas mareek eta ibaian aldika gertatzen diren uholdeek irla hauen zati desberdinetan duten eraginaren arabera, padura bi zatitan bana daiteke: lehenengoa, beherago kokatuta dago eta horregatik, sarritan urperatuta gelditzen da. Bigarrena, aldiz, gorago dagoenez, lehorragoa da eta ez da hain maiz urperatuta geratzen.
Desberdintasun honen ondorioz, bi zati hauetan aurki ditzakegun landaredi halofiloaren espezieak (gazitasun handiko baldintzetara moldaturiko espezieak) ere, desberdinak dira. Hots, sarritan urperatuta gelditzen den lautadan behatutako espezie garrantzitsuenak honako hauexek dira: Salicornia g. europaea, Aster tripolium, Spergularia media eta Spartina jeneroko zenbait espezie, denak egunean zehar ordu ugariz urpean bizitzeko moldatuta daudenak.
Gorago, itsas mareen eragina txikiagoa denez, aldaketak ez dira hain bortitzak eta honek espezie gehiago ager dadin laguntzen du. Hala nola Juncus maritimus, Scirpus maritimus, Halimione portulacoides, etab.
Landaredi-azterketa honetan ezin utz liteke aipatu gabe garrantzi ekologiko handia duten lezkadien (Phragmites comunis) ugaritasuna; bai Bidasoako irletan, bai Plaiaundi eta Jaizubian. Lezkadi hauek beharrezkoak dira hegazti-espezie ugari elikatuko eta ugalduko bada.
Aipamen berezia merezi du irla hauetako zuhaiska-geruzak; kanpotik ekarritako Baccharis halimifolia espezieaz osatuta bait dago. Espezie honek, irletara ekarri zutenez geroztik, hedapen handia lortu du, gaur egun bere hazkuntza kezkagarria delarik padurari eutrofizazio-arazoak sor bait diezazkioke.
Landaredi halofilo honek duen berezko garrantzia ezezik, estuario honetan deskribatutako landare-espezie ugari Gipuzkoa osoan beste inon ez dela agertu kontutan hartuz, padura hau mantentze eta berreskuratzearen garrantzia ulertuko da. Ornitologi ikuspegitik Txingudik duen erakarpena ahaztu gabe, noski.
Irla hauen landaredia aztertu ondoren, ezinbestekoa da animaliak aztertzea, Txingudiko hegaztien deskribapenean sakonduz; alderdi honek erabaki bait du Txingudi garrantzi internazionaleko ingurunetzat onartzea.
Lehen aipatu dugunez, estuarioen ezaugarri bereziek ekosistema hauen produktibitatea altua izaten laguntzen dute, katea trofiko aberatsak sortuz. Horregatik, katea hauen lekukorik ikusgarrienak hegaztiak badira ere, ezin da ahaztu katea hauen oinarria limo eta uretan bizi diren poliketo, molusku, krustazeo eta beste zenbait ornogabe dela; hauek bait dira hegazti eta arrainen dieta osatzen duten elikagaiak.
Hala ere, elikadurarako ingurune bezala, irlek ez dute badiako beste zenbait tokik (Plaiaundik, Beltzeniak, eta abarrek) duten garrantzia, baina irla hauek duten isolamenduari esker, hegaztiek behar duten atseden-tokirik egokien bihurtu dira.
Oro har, Txingudiko hegaztiak bi taldetan bana daitezke: habiagile eta migratzaile taldetan, portzentaiarik handiena migratzaileek osatzen dutelarik (% 90). Hala ere, Bidasoako irlen isolamendu-baldintzak direla eta, gizakiaren presioa txikiagoa da eta horrixe esker da habiagileen portzentaia handiagoa.
Habiagileen artean honakoak aipa ditzakegu: lezkariak (Acrocephalus sp.), benarrizak (Locustella sp.), errekatxindorra (Cettia cetti), etab. Hala ere, lehen aipatu bezala dibertsitaterik handiena migratzaileengan aurkitzen da, gehienak negukoak direlarik. Hauen artean aipatzekoak dira: zingira-berdantza (Emberiza schoeniclus), txantxan gorria (Erithacus rubecula), martin arrantzalea (Alcedo atthis), usapal arrunta (Streptopelia turtur), galeperrak (Coturnix sp.), hegabera (Vanellus vanellus), etab.
Bestalde, limikoloen (limoetan elikatzen diren hegaztien) presentzia ere nabaria da, baina es tuarioaren beste zenbait tokitan handiagoa denez, hegazti hauek geroago aztertuko ditugu.
Urri, baina agian garrantzi handiagoz, sarritan agertu izan dira irla hauetan kurrilo arrunta (Gros grus), lertxun hauskara (Ardea cinerea), mokozabala (Platalea leucorodia), basahatea (Anas platyrhynchos), zertzeta arrunta (Anas crecca), kopetazuri arrunta (Fulica atra), uroiloa (Gallinula chloropus), uroilanda handia (Rallus aquaticus), uroilandak (Porzana sp.). Azkenik, ezin ditugu aipatu gabe utzi urte osoan zehar Txingudin agertzen den zenbait kaio-espezie: kaio hauskara (Larus cachinnans), kaio iluna (Larus fuscus), eta antxeta mokogorria (Larus ridibundus).
Jaizubia eta Mendelu errekak Bidasoa ibaiarekin elkartzen diren puntua, Plaiaundi izenaz ezagutzen da. Gaur egun hondamen-egoera larrian badago ere, ornitologi ikuspegitik tokirik garrantzitsuenetarikoa da. Azken urte hauetan Irungo udalaren axolagabekeriaren eraginez, eraso gogorrak jasan ditu; hala nola padura-zati handiak kontrolik gabeko betelanen bidez sistematikoki lehortzea, edo bertan kokatutako bi enpresen dragatu ilegalak. Azken puntu honen barruan, honakoa aipatu behar da: orain dela 20 urte inguru enpresa hauek Plaiaundi aurrean zegoen 4 hektareako limo-irla bat desagerterazi egin zutela, limikoloen elikadurarako alderdirik inportanteena zelarik.
Gaur egun dragatzen segitzen dute, irla hori berreskuratzea ezinezkoa da, harik eta ekintza hori bertan behera usten ez den bitartean.
Hala eta guztiz ere, Plaiaundik gorde duen lezkariko zenbait ingurunetan, landare hauen artean bi zitzera moldaturiko zenbait hegazti-espezie ikustea ez da zaila izaten. Gauza bera gertatzen da Jaizubia errekako ertzetan kontserbatu diren lezkadietan, hauen garrantzia, bailara honetan giza-presioa txikiagoa dela handiagoa delarik kontutan hartzen badugu.
Bi eskualde hauetako lezkadietan habia egiten duten zenbait hegazti-espezie E.A.E.an Txingudin izan ezik beste inon ez daude. Habiagileen artean ondokoak aipatuko ditugu: lezkariak (Acrocephalus sp.), uroiloak (Galiinula chloropus), uroilanda handia (Rallus aquaticus), benarrizak (sylviidae familiako espezie batzuk), etab. Baina lezkadi hauen garrantzia ez da habiagileengan amaitzen; zenbait migratzailerentzat ere, atseden- eta elikadur-leku bihurtzen bait dira migrazio-garaietan. Horregatik sarritan ikus ditzakegu papaurdinak (Luscinia svecica), istingor txiki eta arruntak (Lymnocriptes minimus eta Gallinago gallinago), martin arrantzaleak (Alcedo atthis), uroilandak (Porzana sp.), etab.
Lezkadi hauen garrantzia nabaria bada ere, ezin esan daiteke ingurune honen erakarpen bakarra denik; bertan sortzen diren limo-hondartzak beharrezkoak bait dira zenbait arrain eta hegaztiren elikadurarako. Lehen aipatu dugunez, limo hauek elikagai eta materia organikoaren kontzentrazio handia dute, bertako produktibitate biologikoa altua izanik. Honen ondorioz inguru hauetan aurkitzen ahal ditugun ornogabe eta ornodunen populazioak inportanteak dira. Arrainei dagokienez, limo-hondartza hauek estaltzen dituzten uretan estuario gazietako arrain tipikoak agertzen dira: itsas amuarraina (Salmo trutta trutta), lupina arrunta (Dicentrarchus labrax), platuxa (Platichthys flecus flesus), korrokoia (Chelun labrosus), haitzetako barbarina (Mullus sormuletus), ibai-aingira (Anguilla anguilla), etab.
Hegaztien barruan, hiru motako hegaztiak aurkituko ditugu: limikoloak, anatidoak (beltxargak, ahateak eta antzarak) eta arrantzaleak (elikaduratzat bertako arrainak dituztenak).
Lehenengoen artean ugarienak honakoak dira: txirriak (Calidris sp. eta Pluvialis sp.), bernagorriak eta kulixkak (Txinga sp. eta Limosa sp.), kurlintak (Numenius sp.), txirritxoak (Charadrius sp.), etab. Hauen artean normala izaten da antxeta mokogorri (Larus ridibundus) taldeak aurkitzea.
Anatidoen artean, aldiz, aipagarriak dira Anser (antzarak), Tadorna (paitak), Anas (ahateak eta zertzetak), Aythya (murgilariak) jeneroetako espezieak. Arrantzaleen barruan aurki ditzakegun hegaztiak ardeidae (lertxun eta lertxuntxoak) familiako espezieak dira.
Hendaiako arrantza-portua eraikitzeko dragatu zuten materialekin, Beltzenia inguruan Txori-irla izeneko hondar-irla eratu zuten. Honen ondorioz, inguruko korronteen dinamika aldatu egin zen, irlaren inguruan Txingudiko hegaztientzat garrantzi ikaragarria duen Beltzeniako padura sortu zelarik. Horregatik, irla honek hegaztientzat atseden-leku gisa ezinbesteko zeregina badu ere, ezin da ondoko paduraren garrantziarekin konparatu; bertan elikatzen bait da Txinguditik pasatzen den hegazti-proportziorik handiena.
Botanikaren ikuspegitik, irla eta paduraren arteko desberdintasunak ere nabariak dira: irlako landaredia dunetako zenbait espezie ezik belar eta zuhaiska errudelarez osatuta dagoen bitartean, padura Bidasoako irletarako aipatu ditugun belar-espezie halofiloez osatuta dago, hauen artean ugarienak, Spartina jeneroko espezie batzuk direlarik. Espezie hauen hazkuntza azkarra dela eta, urte gutxitan belar hauek estaltzen duten azalera nabarmen handitu da, padura finkatzea lortuz. Aipatzekoa da, bestalde, padura honen itsasoarekiko hurbiltasuna dela eta, denbora luzez urperatuta bizitzeko moldatuta dagoen Zostera noltii belar-espeziea, Txingudi osoan hemen bakarrik aurki daitekeelarik.
Baina Beltzeniako erakargarriena, bertan ikus daitezkeen hegaztiak dira; inguru honetan aurkitzen bait dute beharrezko elikadura eta, batez ere, beste tokietan aurkitzen zaila den lasaitasuna. Horregatik azken urte hauetan, Beltzenia bihurtu da hegaztiak ikusteko alderdirik egokiena.
Txinguditik pasatzen diren hegazti guztiek irla honetan aurki dezakete beren migrazioetan beharrezkoa den atsedena; normalean inguru honetan giza presioa padurako beste tokietan baino txikiagoa bait da.
Irlaren hondar-ertzetan mota askotako limikoloak ezezik, laridae (kaioak eta antxetak) familiako zenbait espezie, mokozabalak (Platalea leukorodia), ubarroiak (Phalacrocorax Garbo), txenadak (Sterna sp.) eta anatidoen espezie ugari ere azaltzen da. Irla erdiko belar-alderdian, aldiz, ez da zaila izaten ardeidae (lertxun eta lertxuntxoak) familiako zenbait espezie, istingorrak (Gallinago sp.), zingira-hontza (Asio flammeus) eta zenbait passeriforme lurtar-txirtak (Anthus sp.) hegatxabalak (alaudidae), etab. ikustea. Gainera, kurlinta handia (Numenius arquata) eta bernagorri arrunta (Tringa totanus) espezieetako aleek azken urte hauetan neguan irla lo-toki gisa erabili dutela frogatu da.
Beltzeniako limoek betetzen duten funtzioa, aldiz, Bidasoako irletan eta ondoko irlan atsedena aurkitzen duten hegaztien elikadura-beharrak asetzea litzateke, hegazti hauen artean limikoloak eta anatidoak ugarienak direlarik. Txingudi osoko hegaztien espezie-dibertsitaterik handiena limo hauetan azaltzen dela esan daiteke; Europako limikolo-espezie guztiak deskribatu bait dira. Dibertsitaterik altueneko garaiak arakatu ondoko migrazioarekin batera izaten dira; neguan, berriz, dibertsitatea jeisten bada ere, espezie bakoitzeko ale-kopurua handiagotu egiten da.
Bukatzeko, aipatzea merezi duten eta Beltzenian ikusitako zenbait hegazti-espezie azalduko dugu; gutxitan ikusten bait dira gure paduretan. Honako hauek lirateke nagusiak: amiamoko beltza (Ciconia nigra), mokozabala (Plataiea leucorodia), branta musubeltza (Branta bernicla), lertxuntxo txikia (Egretta garcetta) eta arrano arrantzalea (Pandion haliaetus).
Txingudiko paduraren garrantzi biologikoa aztertu ondoren bururatzen zaigun lehenengo gauza ingurune pribilegiatu honen kontserbazio eta berreskurapena bultzatu behar dela bada ere, aipatzekoa da padura honen etorkizuna benetan latza dela; instituzioen asmo on guztiak burutu ez dituzten proiektuetan alferrik galdu bait dira. 1983. urtean, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Aranzadi zientzi elkarteak Txingudi sakon aztertu zuen. Bertan, Bidasoa ibaiako padura berreskuratzea eta kontserbaziorako neurriak proposatzen ziren.
Proiektu horrek, ordea, ez zuen aurrera egin eta Txingudiko hondamenak aurrera segitu zuen instituzioen axolagabekeriaren eraginez. 1989. urtean, zenbait mugimendu ekologistaren presioa zela eta, Irungo udalak Eusko Jaurlaritzari honakoa proposatu zion: alegia, beste berreskurapen-proiektu bat egin zezala, Aranzadikoa zaharkitua gelditu bait zen, zazpi urtetan estuarioak eraso gogorrak jasan zituen eta.
Oraingoan, Ingemisa enpresa arduratu da proiektua lantzeaz. Hasiera batean Irun herrirako soilik zen. Baina Irungo padura berreskuratzeko proiektu horrek proposatu zituen neurrien harrera ona kontutan hartuz, Hondarribia herrira zabaldu zen, estuarioaren eremu zabalagoa harturik.
Hala ere, proiektu honen lehenengo pausoak emateko garaia iritsi arren, berriro oztopo burokratikoekin topo egin du; Irungo udalak proiektuari bere baietza oraindik ez bait dio eman, atzerapen horrekin Europako Komunitateak Txingudi berreskuratzeko emandako diru-laguntza galtzeko arriskuan egonik.
Bien bitartean, Plaiaundi aldeko dragatuak aurrera segitzen dute. Hain zuzen, padurako lurzati handiak lehortzen ari dira betelan inkontrolatuen bidez. Irun eta Hondarribia herrien ur-saneamendu ezak, kutsadura nabarmena eragiten die padurako limo eta urei. Hondarribian eztabaidan dago Jaizubia aldean industri poligono bat eraiki ala ez. Irunen Gipuzkoako Bidasoa ibaiaren zatiari kalte ikaragarriak ekarriko dizkion ZAISAko garraio terminala zabaltzea onartu da. Badia osoari aldaketa bortitzak ekarriko dizkioten Hondarribia eta Hendaian kirol-portuak eraikitzeko proiektuak aurrera atera bide dira ...
Tristea da benetan Gipuzkoako azken paduraren etorkizuna.