Hanka sartzeko beldur handiegirik gabe esan genezake emakumezkoek urteroko txekeo edo osasun-ikuskapena nahikoa begi onez ikusten dutela; arazo asko azaleratzen dituela konbentziturik bait daude. Ezin genezake gauza bera esan, ordea, gizonezkoei buruz, nahiz eta aurrez egindako baieztapen horietan salbuespenak bi aldetatik egon.
Urteetan pentsatu izan da, inolako zalantzarik gabe, urteroko ikuskapena osasuna zaintzeko gomendagarria dela, hortzak garbitzea edo elgorriaren aurkako txertoa hartzea bezalaxe. Baina gutako gehienontzat, zineman amerikarrek egiten zuten zerbait besterik ez zen izaten. Gutako bat medikuarengana txekeo baten eske joaten zenean, medikuak ez zuen begi onez ikusten. Bere kontsultatik kanpora botatzen ez bazuen, gaitzerdi.
Estatu Batuetan, bigarren mundu-gerraren ondotik, zientzia edozer konpontzeko gai zela pentsatzen zuten. Eta giro honetan erne eta gorpuztu zen urteroko azterketaren ideia. 60ko hamarkada iritsi zenean, odol-analisiak ordenadore bidez egin ahal izateak zera suposatu zuen: lehen analisi bakar bat kostatzen zenarekin 20 egitea. Gehientsuenak alferrikakoak ziren, baina egin zitezkeenez, egin egiten ziren.
Bestalde, ez da kointzidentzia agian kotxeen aldizkako ikuskapenak ere garai horrentantxe indartzea. Automobil batek aldian behin ikuskatu edo aztertzeagatik gehiago irauten badu, ez ote litzateke gizakiekin gauza bera gertatuko?
Geroztik gauzak ez dira hain argi ikusten, eta hots asko entzun izan da aldizkako txekeo horien desabantailak eta kalteak mesede eta onura guztien gainetik azpimarratzea. Gaur egun, azterketa fisikoak erabat baztertzen dituzten medikuak gutxi izanik ere, askoren ustez nahitaezko probak gutxi batzuk besterik ez dira, eta ez urtero egin beharrekoak gainera. Puntu batean biltzen da gaur eguneko ezadostasunik garrantzitsuena: zein maiztasunez joan behar du pertsona batek medikuarengana errutinaz (h.d. inolako eritasun argirik gabe) horietako txekeo bat egin diezaion?
Eritziak gusto guztietakoak dira, baina eredu batzuk nagusitzen hasi dira, eta gehien gomendatzen den plana hauxe litzateke: adina 18-35, 4 urtetik behin; 36-45, 3 urtetik behin; 46-55, 2 urtetik behin; 55 urtetik gora, urtero edo medikuaren aginduz.
Osasun-azterketen maiztasuna txikiagotzeaz gain, medikuek gero eta gehiago hautesten dituzte egin beharreko probak. Lehen, bidezko bezala ikusten zen medikuntza prebentibo egokia burutu ahal izateko tresna eta zientzia aurreratuak erabili beharra. Eta hori ez da egia, edo ez nahitaezko egia behintzat. Azterketarik onenak sinpleenak dira. Elektrokardiogramak, esfortzuko proba konplexuak, scanner-ak eta bestelako tresneria sofistikatua eskatzen duten probak, ez dira beharrezkoak errutinazko txekeotan.
Azken erizpideen arabera, lau dira oinarrizko azterketan atzeman daitezkeen eritasunak. Plan hau, ordea, pertsona osasuntsuentzat proposatzen da; inolako arrisku-faktore berezirik ez dutenentzat. Batezbestekoa gainditzen duen faktorerik badago (adibidez tentsioa oso altua bada) daitekeena da medikuak proba jakinen bat maizago egin nahi izatea.
Medikuntza prebentiboari dagokionez, urteroko azterketa fisikoa, h.d. betiko erantzi zaitez eta ondoren datozen analisi-saila, ez da prozedurarik egokiena. Baina mediku asko daude beren pazienteak, urtean behin besterik ez bada ere, ikusi nahi dituztenak eta aukera horietaz baliatzen dira mediku/gaixo harremana mantendu eta bizkortzeko. Gauza jakina da, bestalde, medikuek interes handiagoa hartzen dutela ezagutzen duten pazientearekin, nahiz eta teorian guztienganako ardura berbera izan.