Ez da zaila txanponek zertarako balio duten azaltzea. Ondo baino hobeto dakigu. Txanponei esker erosten dugu eta baita saldu ere. Gizakia historian zehar beti aritu da nolabaiteko salerosketan, baina ez du beti txanpona erabili, ezta gutxiagorik ere. Askoz geroago otu zitzaion gizakiari txanponez baliatzea.
Txanpona trukean oinarritzen da; txanponaren truke, izan ere, balio bereko beste zerbait jasotzen dugu, dela janaria, arropa, lan-tresnak eta abar. Gizakiok adostasunera iritsi gara salerosketa txanponen bidez egiteko. Horregatik izan du arrakasta truke-sistema horrek.
Esan dugu, ordea, sistema bera ez dela beti erabili. Antzina trukean ez zen txanponik erabiltzen. Euskal Herrian bertan, duela gutxira arte baserri-giroan oiloak, barazkiak, arrautzak eta olioa erabili dira trukean. Baserrian behinik behin, dirua eskutan oso gutxi erabiltzen zen eta baserrian sortzen ez zutena etxeko produktuen truke eskuratzen zuten.
Europan eta Ekialde Ertainean duela ia 4.000 urte txanponaren egiteko bera zuen zerbait erabiltzen zuten: kobrezko lingoteak. Gure arbasoek kobrearen truke beharrezkoa zutena erosten zuten. Kristo aurreko 700. urtean ausartu zen gizakia lehen txanponak egitera. Kondairaren arabera, Asia Txikiko mendebaldean, Lydia izeneko herrian egin zen lehen txanpona.
Txanpona egiteko erabilitako teknika esanguratsua da guretzat; gaur egun ere oso antzeko moduan egiten baitira txanponak. Lydiako asmatzaileek urrea aukeratu zuten txanponak egiteko. Lehenengo, urre-pieza hartu eta puska txikitan egiten zuten, puska bakoitza pisatuz. Hurrengo urratsa sakonera txikiko buztinezko molde biribilak egitea zen.
Urre-puskak sakonera horretan sartzen zituzten eta urrea berotu egiten zuten. Urtutako urreak buztinezko moldearen hutsune osoa betetzen zuen. Urre-puska hozten zenean atera egiten zuten eta pieza bakoitza ingudearen gainean jartzen zuten. Trokelaren bidez, urrezko txanponari zigilua jartzen zioten. Batzuek erregearen edo erreginaren irudia izango zuten eta beste batzuek lurraldea adieraziko zuten. Zigiluaren helburua oso garrantzitsua zen: urrearen pisua eta purutasuna bermatzen zuen zigiluak. Urrezko txanponak erabiltzen hasi baziren ere, txanpon bidezko merkataritzarik ez zen sortu. Urrezko txanpon horiek dira lehenak, baina erabiltzaileak aurkikuntzaren garrantziaz ez ziren ohartu.
Txanpon bidezko merkataritza Kristo aurreko bigarren mendean hasi zen. Erromatar Inperioaren botereari esker, berehala hedatu zen txanpona Europan zehar. Urrezko txanponak egiteaz gain, balio gutxiagokoak ere egiten hasi ziren; zilarrezkoak eta brontzezkoak, esaterako.
Txanponak egitearen lanbidea gero eta hobeto ikasten zuten bitartean, txanpon faltsuak egiten ere trebatu zen asko. Faltsifikatzaile batzuek trokel faltsuak egiten zituzten eta molde horiekin egiten zituzten txanpon guztiak. Beste batzuek benetako txanpona hartu eta moldea prestatzen zuten; gero molde horretan egiten zituzten txanponak. Bi eratara ere, nahiz eta faltsifikatzailea oso trebea izan, txanpona ondo aztertuz gero laster igar zitekeen faltsua zela.
Txanponak egiteko prozesua sinplea da funtsean, baina txanponaren arabera, urrats batzuk aldatu egiten dira; batzuetan gehituz eta beste batzuetan gutxituz. Txanponak egiterakoan ezinbesteko urratsak ondokoak dira:
Une honetan mundu osoan zehar, makina-txanponak txanponak sortu eta sortu ariko dira. Hala ere, ezin ziurta daiteke makina horiek txanponak egiten luzaro segituko dutenik. Gero eta gehiago erabiltzen dira mota anitzetako txartelak eta txartel horiek zein bileteak, agian, tokia kenduko diote txanponari. Beharbada, hemendik laster ezin abestuko dugu “Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...”.