Goiko ondorio horretara zenbait daturi esker heldu dira ikerlariak.
Alde batetik, transplante-errefusa ez da kirurgikoa, teknika kirurgikoek izan dituzten hobekuntzak arrakasta-portzentaiarekin bat etorri ez direlako (nahikoa baxua da oraindik).
Bestalde, errefusa inmunologikoa da, Inmunitate Adaptatiboaren ezaugarriak betetzen dituelako: memoria eta espezifikotasuna.
Zer dira hauek?
Memoria inmunologiko, honi deritzogu: hartzaileak arinago eta biziago errefusatzen du emaile beretik harturiko bigarren txertoa lehenengoa baino (1. irudia).
Sistema Inmuneak txertoarekiko lehen kontaktua oroiterazten du, eta bigarrenean mekanismoak oro prest ditu errefusari bortitzago ekiteko.
Espezifizitatea, berriz, hauxe da: bigarren errefusa arinago eta biziago gertatzen da emaile beretik harturiko txertoen kontra, baina ez beste edozein emailetatik jasotakoen aurka (2. irudia).
Sistema Inmuneak txerto (antigeno) batekin kontaktu egiten duenean, txerto espezifiko horren kontra soil-soilik sentiberatzen da.
Badago, egon, errefusak burutzeko gaitasuna Sistema Inmuneari leporatzen dion beste daturik ere. Adibidez, zelula inmuneak gorputzaren organo edota ehun batzuetara (betzuringora, hezurrera, kartilagora) heltzen ez direnez gero, ehun horiek inolako arazorik gabe txerta daitezke, errefusa gutxitan gartatu ohi da eta.
Oro har, txerto-errefusa honetan datza: hartzailearen Sistema Inmuneak arrotz ikusten ditu txertoaren zelulak, eta jarraian erasoari ekiten dio. Ondoren, txertaturiko ehuna hil egiten da; errefusatua izaten da alegia.
Histokonpatibilitate-Antigenoak (HLA Ag)
Hartzaileak arrotz ikusten ditu txertoaren zelulak, hauek azalean duten zenbait molekula dela medio. Molekula hauei Histokonpatibilitate-Antigeno deritze.
Antigenoak dira, beste edozein antigeno bezala erantzun inmunea sortzeko gai direlako. Histokonpatibilitatekoak ere badira, txertoaren onarpen-(konpatibilitate) edo errefusa-(inkonpatibilitate) fenomenoetan parte hartzen dutelako.
Konposatu hauek bi motakoak dira (I klasekoak eta II klasekoak hain zuzen) eta ezberdinak, bai morfologiaz, bai funtzioz.
Biokimikoki, mintz zelularrean ainguraturik dauden glikoproteinak ditugu. I klaseko molekulak, pisu ezberdineko bi katea peptidikoz osatuak dira. II klaseko molekulak, aldiz, pisu berdintsuko bi katea peptidikoz osatuak dira. Hauek hiru karbohidrato dituzte erantsirik.
Nahiz eta transplante errefusan oso zeregin garrantzitsua bete, HLA antigenoen jatorrizko funtzioa ez da hau, jakina; Naturan ez bait da berez transplanterik gertatzen. Haien benetazko funtzioa Sistema Inmunearentzako itu izatea da.
Beraiei esker, gizabanakoaren zelula inmuneak propioa eta arrotza bereizteko gai dira. Hau da, norberaren zelula inmuneek propiotzat hartzen dituzte gorputzaren gainerako zelulak, azken hauek mintzean dauzkaten HLA antigenoak propiotzat hartzen dituztelako.
Eta batekoz bestera, arrotz ikusten dituzte txertoaren zelulak, haien HLA antigenoak arrotz ikusten dituztelako.
Beraz, nortasun-agiri bailiren jokatzen dute HLA antigenoek.
Antigenook garrantzi handiko zenbait funtziotan hartzen dute parte ditu gisa, hala nola (1) Sistema Inmunearen zelulen arteko elkarrekintzetan, (2) zelula arrotzen deuseztapenean eta (3) zelula propio zoldu edo alteratuen suntsipenean.
1.
Substantzia arrotz bat (Ag) gorputzera sartzen denean, Sistema Inmunearen zelulek ezagutu egiten dute HLA-II antigenoen bitartez, substantzia horren aurkako erantzun koordinatua burutuz. Fagozitoak (F) bere gain hartzen du antigeno arrotza, eta azalean duen HLA-II antigenoarekin batera T laguntzaile linfozitoari (T H ) aurkezten dio. T laguntzaileak, orduan, B linfozitoa (B) kinatu egiten du azken zelula honen mintzean dauden antigeno berberak (arrotza eta HLA-II) ezagutuz gero. B linfozitoak, azkenik, antigorputzak (Ab) ekoizten ditu, hauexek antigeno arrotzari heldu eta ezabatu egiten dutelarik. (4. irudia).
2.
Era berean, zelula inmuneek (T zitotoxiko linfozitoek, zehazki esan) HLA-I antigenoen laguntzaz, lorrin ikusten dituzte zelula propio zoldu (birus-zoldura) edo alteratuak (minbizia). Ondoren, deuseztatzeari ekiten diote (5. irudia).
3.
Orobat, T zitotoxiko linfozitoek txerto edo transplante arrotza suntsitu egiten dute (errefusatu egiten dute, alegia) haren mintzeko HLA-I antigenoak kanpotartzat hartu ondoren (6. irudia).
Lehenbiziko bi funtzioak naturalak diren bitartean, hots, gizakia sortu zenetik esistitzen diren bitartean, hirugarren hau artifiziala da zeharo; transplanteak azken mendean baino ez bait dira burutu. Geroxeago azaltzen da xehe-mehe azken puntu hau, hauxe da eta artikuluaren gakoetariko bat.
Histokonpatibilitate Konplexu Nagusia (MHC)
Proteina guztiak bezala, HLA antigenoak gene-sorta batek kodetuak dira (HLA geneak). Geneok gizakiaren 6. kromosomaren zati txiki batean daude kokaturik; Histokonpatibilitate Konplexu Nagusi deritzon gunean hain zuzen.
Gune hori bost azpigunek osatzen dute. Hauetatik hiruk -A, B eta Ck-HLA-I antigenoak kodetzen dituzte. Laugarrenak -D-HLA-II antigenoak kodetzen ditu. Bitarteko azpiguneak, berriz, HLA antigenoak ez diren baina erantzun inmunearekin zerikusirik duten faktore disolbagarri batzuk kodetzen ditu (7. irudia).
HLA geneak oso polimorfikoak dira, hots, bakoitzak alelo ezberdinak ditu. Alelo guzti hauen konbinazioak konposizio genetiko ezberdinen kopuru izugarria sortzen du.
Honexegatik, bakoitzak konposizio genetiko berezia dauka; beste gizakiekiko, senideak barne, ezberdina (biki homozigotiko izan ezik).
Horren ondorioz, HLA antigeno-konbinazio ezberdina eta berezia dauka gizaki bakoitzak. Eta ezaugarri hau dugu gizaki ezberdinen arteko txerto-errefusa ugariaren nahiz bikien arteko txerto-errefusa urriaren kausa. Bi ertz hauen artean oso tarte zabala dago. Tarte horretan, emaile eta hartzailearen artean zenbat eta parekotasun estuagoa izan, hainbat eta txerto-onarpenaren tasa handiagoa. Eta alderantziz.
Esandakotik erator daitekeenez, autotransplanteak (hau da, emailea eta hartzailea gizaki bera direnean) arrakastatsuak dira erabat; gizakiaren Sistema Inmuneak propiotzat hartzen eta onartzen bait du txertaturiko ehuna (8. irudia).
Autotxertaketak erabiltzen dira, esaterako, azal-erredura handiak jasan dituzten gaixoengan. Kasu hauetan, gorputzaren gune erreak, gune sanoetatik erauziriko azal-txertoez estaltzen dira.
Errefusaren mekanismoak
Sistema Inmuneak bi adar ditu: sortzetikoa eta inespezifikoa eta adaptatiboa edo espezifikoa. Adar biak, hainbat zelulaz eta faktore disolbagarriz osaturik daude.
Lehenbizikoa, izenak azaltzen duen bezala, jaiotzatik exisitzen da eta edozein Ag-motaren kontra jokatzen du.
Bigarrena berriz, Sistema Inmuneak gizakiaren bizitza osoan zehar molekula arrotzekin (Ag) kontaktu egiten duen heinean garatzen da eta molekula horien aurkakoa soilik da (koadroa).
Aipatu dugun legez, transplante-errefusaren eragilea hartzailearen Sistema Inmune Adaptatiboa da; adar humoral (B linfozitoak) eta zelularra (T linfozitoak) dauzkana.
B linfozitoak, antigorputzak (Ab) ekoizten dituzten zelulak dira. Antigorputzak, haien ekoizpena eragin zuten molekula arrotzekin (Ag) elkartzeko gai diren proteinak dira (9. irudia).
Horrela erantzun inmunezko mota ugari sor dezakete odol, sistema linfatiko eta gorputzaren mukosetan.
Hala ere, ez dute betebehar handirik burutzen lehen txerto-errefusan, bigarrenan (baldin eta egiten bada) garrantzitsuak diren arren. Honen zergatia hauxe da: txerto arrotzarekin lehen kontaktua burutu ondoren, hainbat egun behar dute B linfozitoek antigorputzak ekoitzi ahal izateko, eta ekoizten dituztenerako, txertoa T linfozitoez errefusatua izan da jadanik; azken hauek askoz arinago jokatzen bait dute.
Emaile beretik jasotako bigarren txertoan (jasotzekotan, noski) haatik, B linfozitoek antigorputzak ekoizteko mekanismoak prest dituzte, eta arinago erasotzen diote txertoari (gogoratu 1. irudia). Dena dela, oso gutxitan burutzen dira emaile beretiko txertoak, eta beraz, B linfozitoen zeregina transplanteetan txit murritza da.
T linfozitoek, aitzitik, txerto-errefusaren zelula eragile nagusiak dira. Zelula hauek bost populaziotan banatzen dira, bakoitzak funtzio berezia betetzen duelarik.
Transplante-errefusan bi dira populazio eragileak: T laguntzaile (TH) eta T zitotoxiko (TC) linfozitoak, hain zuzen. T laguntzaileek HLA-II klaseko antigenoak ezagutzeko hartzailea daukate mintzean (ikus 4.irudia). T zitotoxikoek berriz, HLA-I klaseko antigenoak ezagutzekoa (ikus 5. irudia).
Transplante-errefusaren mekanismoa honako hau da:
ezagupena: hartzaielaren T laguntzaileek arrotz ikusten dituzte txertoaren zelulak beren HLA-II antigenoen bitartez.
l
aguntza: T laguntzaileek T zitotoxikoak kinatzen dituzte faktore disolbagarri (linfokina) baten bidez.
zitolisia: T zitotoxikoek berriz, txertoaren zelulekin egiten dute kontaktu (oraingoan ordea, HLA-I antigenoen bitartez) eta zitotoxizitate edo zitolisi ekintza burutzen dute haien kontra (10. irudia).
Honen ondorioz, txertoaren zelulak hil egiten dira; errefusatuak izaten dira, alegia.
Beraz, transplantea errefusatzen denean, berez zelula propio zoldu edo alteratuak suntsitzeko sortua den mekanismo natural honek (HLA Ag eta T linfozitoek osatzen duten mekanismoak) ez du betetzen bere jatorrizko betebeharra (5. irudia); funtzio artifizial bat baino (transplanteak artifizialak bait dira) (6. irudia).
Emaile-hartzaile parekamendua
Aipatu bezala, HLA adostezintasun-kopuruaren eta errefusa-portzentaiaren artean erlazio zuzena dago, hau da, batek gora egiten duenean besteak ere bai, eta alderantziz.
Aleloak oso aldakorrak, eta ondorioz gizakien genotipoak, ezberdinak diren arren, errefusa-arriskuari ihes egiteko modu bat hartzailearekiko ahalik eta HLA genotiporik antzekoena duen emailea aurkitzean datza.
Hauetarako hainbat proba erabiltzen da, besteak beste aipagarrienetarikoa Ehun Tipaketa izanik.
Ehun-Tipaketaren bitartez zenbait emaileren HLA espezifizitateak zehazten dira, hartzailearekiko konpatibleena hautatuz.
Nahiz eta teknika hau hartzailearen senideengan aplikatzen denean txit baliagarria den, ez da berdin gertatzen beronekin erlazionaturik ez dauden emaileei aplikatutakoan, eragozpen batzuk direla eta.
Zoritxarrez, Ehun-Tipaketarik artatsuena erabilita ere, beti dago adostezintasunen bat edo beste. Beraz, medikuek Inmunosupresiora jo behar dute gehienetan.
Inmunosupresioa
Inmunosupresioa, hartzailearen Sistema Inmunearen supresioa alegia, zenbait metodoren bidez lor daiteke. Hauen artean irradiazioa, droga antimitotikoak eta gazur edo sero antilinfozitikoak aipa daitezke.
Hartzailearen ehun linfoidearen irradiazioak, ekintza zitolitikoa burutzen duten zelulak ezabatzen ditu, eta ondorioz, errefusaren indarra murriztu egiten du.
Droga antimitotikoek hartzailearen linfozitoen ugalketa galerazten dute, emailearen antigenoen aurkako erantzun inmune zelularra desagerteraziz. Gehien erabili ohi diren drogak, A ziklosporina, azatioprina eta ziklofosfamida ditugu.
Gaur antilinfozitikoak, hartzailearen LT-en kontrako antigorputzak dira. Horrela T zelulak blokeatu egiten dira, eta errefusatzeko gaitasunak behera egiten du.
Errefusa saihestu edota txikiagotzeko bitartekoak ugari badira ere, bat ere ez da erabatekoa, eta are okerrago, orok dute eragozpenik
Horregatik, transplante-errefusari aurre egiteko erabateko irtenbidea urrun omen dago oraindik. Etorkizunean arlo honetan atzemango diren lorpenak Inmunologiaren aurrerapausuekin estuki lorturik izanen bide dira.