Elhuyar Fundazioa
Zorionez, nire lagunak hozkailua sukaldean zeukan. Bestela nire erantzuna ez zen hain biribil geldituko. Dena dela, lehen aipatu ditudan tresna horien guztien eginkizuna erraz bete dezake gure etxeko ordenadoreak. Nola egin jakitea da gakoa. Lehenengo puntutik hasiko naiz: komunikazioak. Nola erabil dezakegu gure ordenadorea kanpora komunikatzeko? Nire lagunak modem bat zeukan bere ordenadoreari konektatuta. Modem horrekin eta programa berezi baten bidez, bere egunkariko erredakzioarekin komunikatzen da informazioa bidali eta jasotzeko. Internetera konektatzeko ere ez zuen erabiltzen. Nire proposamena ausartagoa zen: modema erabiliz Internetera konektatu eta posta elektronikoaren aukeraz balia zedila proposatu nion, baina bide batez fax-ak bidali eta jasotzeko aukera ere izan zezakeela azaldu nion. Hirugarren aukera ere eskaini nion gainera: bere ordenadorearen soinu-txartela erabiliz, ordenadorea telefono gisa erabiltzea. Ez ordenadoretik ordenadorerako deiak bakarrik egiteko, ordenadoretik telefono arrunterako deiak egiteko eta telefono-dei arruntak ordenadorean jasotzeko ere bai baizik. Lehen helburua betetzeko bidea martxan zegoen: fax-makina eta telefonoa zakarrontzira botatzea.
Zoritxarrez, tresna berdinak erabiltzen ditu jende gehienak bere ordenadorean: Microsoft-en Office paketeaz ari naiz. Honek eskaintzen dituen aukeren artean fax-ak bidaltzekoa ere badago. Adibidez, Word-en idatzitako dokumentu bat edozeini bidaltzeko, nahikoa da Word bertatik ‘Archivo’ menuko ‘Enviar a’ hautatu eta bertan ikusiko dugu aukera hau: ‘Destinatario de fax…’. Bertan klik eginez gero, ‘Fax-erako laguntzailea’ zabalduko zaigu, fax-a bidaltzeko eman beharreko pauso guztietan lagunduko diguna.
Fax-ak bidaltzeaz gain jaso ere egin nahi baditugu, Microsoft Fax ere badaukagu, horretarako aukera eskaintzen diguna. Hala ere, fax-arekin serio lan egiteko Symantec-en WinFax proposatzen dizuet. Office 2000rekin aplikazio hau Outlook-en integratuta egongo da gainera. Beraz laster izango da ordenadore guztietan.
Baina Internet-ez ere balia gaitezke gure fax bidalketak merkatzeko. Nazioarteko fax-ak bidaltzen baditugu nabarituko dugu hori batez ere. Bi era daude horretarako: lehenengoak inprimagailuaren moduan funtzionatuko duen kontroladorea instalatzen du gure ordenadorean. Horrela dokumentu bat bidaltzeko nahikoa da inprimatzera bidaltzea. Hori egindakoan zein telefono-zenbakitara bidali nahi dugun galdetuko digu (zenbakia nazioartekoa nahiz eta estatu barrurakoa izan) eta listo. Bi helbide daude horretarako: www.faxsav.com eta www.faxaway.com. Bigarren sistema ez da hain erosoa. Inprimakia bete behar da Internet-en bertan datu guztiekin (testua ere bai) eta bertatik bidali (www.tpc.int).
Nire lagunari betaurrekoak sudur gainetik erori egin zitzaizkion, Irlandan zeukan neska-lagunarekin ordenadorea erabiliz hitz egin ahal izango zuela azaldu nionean (horrelako adibideak beti dira eraginkorrak); nazioarteko deirik ordaindu gabe eta Internet-ez baliatuz hitz egin ere. Une hartako liluraz baliatuz Internet bidez egin daitezkeen bideokonferentziei buruzko hitzaldi bat ematen ere hasi nintzaion, baina jarri zidan aspertu-aurpegiak hemen horretaz idazteko gogoa kendu zidan. Hurrengo artikuluren batean agian…
Ordenadore bidezko telefoniaren hasieran, Internet erabiliz hitz egingo zuten bi pertsonak ordenadorea erabili behar zuten, eta batek besteari dei egitean bigarrenak ordenadorea piztuta izan eta Internet-era konektatuta egon behar zuen gainera. Horretarako, berriro ere Microsoft-en NetMeeting eta antzeko programak erabiltzea nahikoa da. BuddyPhone (www.buddyphone.com), Microsoft-en monopolioarekiko alternatiba polita izan daiteke. Kontuan izan kasu guztietan gure ordenadoreak soinu-txartela behar duela, eta, noski, bozgorailuak konektatuta ahotsa entzun ahal izateko, eta mikrofonoa ere konektatuta, bertatik hitz egiteko.
Egin nahi duguna gure ordenadoretik telefono arrunt baterako deia baldin bada, badaude programa bereziak horretarako. Net2phone (www.net2phone.com) programa egoki eta merke samarra da lan hauetarako. Esate baterako, sistema honen bidez Estatu Batuekin ordu betez hitz egitea 1.380 pezeta kostatzen da, eta telefono bidez 4.500 pezeta inguru. Ez dago gaizki!
Dena dela, arrazoi hauetan oinarrituta nire lagunaren telefonoa zakarrontzira botatzen saiatu nintzenean, maldizioka hasi zitzaidan. ‘Eta nola jasoko ditut deiak?’ egiten zidan oihu telefonoa platano-azalen artetik ateratzen zuen bitartean. DeltaThree (www.deltathree.com) konpainiak garatutako azken programaren berri eman nion orduan. Sistema honen bidez, PCtik edozein telefonotara deitzeko aukera izateaz gain, telefono arruntetik PCra deitzeko aukera ere badago, nahiz eta ordenadorea Internet-era konektatuta egon ez. MediaRing Talk izeneko programa honi buruz gehiago jakiteko www.mediaring.com helbidean begiratu eta listo.
Ez da ahaztu behar azken belaunaldiko telefono mugikorrek posta elektronikoa jaso eta bidaltzeko aukera ere eskaintzen dutela. Baina egin nahi duguna telefono hauetako batean mezua uztea baldin bada, doan egiteko aukera daukagu Internet erabiliz. Doan egiten duten gune hauetan erabiliena www.mtnsms.com da. Bertan erregistratzea eskatzen da lehen pauso gisa eta ondoren mezua bidaltzeko aukera eskaintzen zaizu. Airtel-en telefonoren batera bidaltzeko, Airtel berak duen web orria erabil daiteke (www.airtel.es). Movistar-ek ere eskaintzen du horretarako aukera bere web orrian (www.movistar.net).
Hauek guztiak kontatu nizkion nire lagunari eta ez zidan ezer ulertu. Garbi geratu zitzaion ideia bakarra, modema erabiliz Internet-era konektatu beharra zeukala izan zen, bota nizkion helbide-elektroniko guztiak ikusi eta gero, baina gaur egun ez dago komunikazioen mundua Internet alde batera utziz ulertzerik. Lasaitzen denean, ordenadorean telebista nola ikusi eta musika eta irratia entzuteko dituen aukerak azalduko dizkiot. Esango dizuet zer gertatu zaidan.