Sugegorri kantabriarra txikia, baina… boteretsua

FITXA TEKNIKOA

Banaketa-mapan, Euskal Herrian dauden hiru sugegorri-espezieen banaketa ikus daiteke.

Gutxi dira sugea ondoan ikusita lasai egon daitezkeen pertsonak; are gutxiago suge hori sugegorria dela jakinda. Izan ere, pozoirik gabeko suge asko baino lasaiagoak diren arren, sugegorriak pozoitsuak dira eta, ondorioz, kontuz ibiltzekoak. Narrasti hauek, dena den, tamaina txikia, buru triangeluarra eta begi-nini bertikala dutela eta, erraz bereizten dira. Xehetasun hauek egiaztatzeko, ordea, gerturatu egin behar da eta, noski, jostaketan ez ibiltzea hobe.

Gure lurraldean hiru sugegorri-espezie ditugu eta banaketa-mapan marraztu denez, hiruen artean eta gainezarri gabe lurralde osoa estaltzen dute. Normalean sugegorri kantabriarra ( Vipera seoanei ) alde atlantiarrean agertzen da; aspis sugegorria ( Vipera aspis ) Pirinio eta erdialdean eta, azkenik, latastei sugegorria ( Vipera latastei ) hegoaldean. Beste biak ez bezala, azken hau oso-oso eskasa dela esan behar da. Hiru espezieak antzekoak diren arren, kantabriarraren muturra borobil-antza izateagatik eta gorantz zuzenduta ez egoteagatik bereiz daiteke.

Sugegorri kantabriarra narrasti arrunta da oso Euskal Herriko atlantiar isurialdean.
M.M. Elosegi

Luzerari dagokionez, txikia da, gehienez 50 cm ingurukoa, baina soin sendoa du. Ezkata dortsal karenatuak ditu, gorputzaren erdialdean 21 lerro osatuz, eta 128-145 ezkata alde bentralean. Kolorazioa, berriz, aldakorra da oso: gainetik tipikoki arre-gorrizta da eta zigi-zaga egiten duen arrasto iluna du bizkarrean zehar. Hala ere, ez dira arraroak ale oso ilunak, beltzak, edota marrazkirik gabekoak. Sabelaldea normalean ilun uniformea da.

Nahiz eta itsas mailatik 1.200 metroko altueraraino ager daitekeen, sugegorri kantabriarra 200-700 metro bitartean da ugarien. Hezetasun handia behar du eta ez da urtean metro karratuko 1.200 ur-litro baino gutxiago botatzen duen lekutan bizi. Arrunta da oso belar-soro, txilardi, otadi, sastrakadi, baso ireki eta oro har, landaretza ugariko parajeetan. Gehien atsegin dituen guneen artean hesiak, baso-ertzak, mendiko pisten ezpondak eta nekazarien eraikuntzetako paretak aipa daitezke.

Bestalde, hagitz ehiztari ona da eta ornodun txikien ehizan trebe da oso. Harrapakinak Jacobsen organoari esker, mingaina dantzatuz detektatzen ditu. Ahosabaian duen Jacobsonen organo delako horrek usaimenaren antzeko funtzioa betetzen du eta mingainaren bidez jasotako kinada kimikoak aztertzeko balio du. Ehizakiak hiltzeko, berriz, sugegorriak barrutik zulatutako letagin mugikorrak erabiltzen ditu, hozkatzerakoan pozoia guruinetatik zuzenean harrapakinari sar dakion.

Beste sugegorriak bezala, lodiantza, txiki samarra, buruzabala muztan motza eta begi nini bertikalduna da. Muturra ordea ez du goruntz zuzendua.
M.M. Elosegi

Ehizakiak antzemateko teknikari dagokionez, sugegorria isilgordeka ibiltzen da landaretzan. Normalean motel mugitzen den arren, harrapakinik gerturatuz gero, ziztu batean burua malgukiaren gisara aurrera bota eta ahoa zabal-zabalik duelarik hozka egiten dio. Dirudienez, sugeak hozkatzerakoan ehizakia hiltzeko behar adina pozoi kalkulatzeko nolabaiteko ahalmena du, hain garrantzitsua den substantzia alperrik xahutu ez dadin. Gero, pozoiak bere lana egin dezan, lasai asko itxaroten du eta ondoren, mingaina astinduz ehizakiaren arrastoari segitzen dio. Pozoiak denbora laburrean eragiten duenez, ehizakiak bide laburra baino ez du egiterik izaten, eta aurkitzen duenean burutik hasita ehizakia oso-osorik irensten du.

Pozoi famatu hau, azken finean, eraldatutako listu guruinek sortutako sustantzia da eta proteina, toxina, eta entzimaz osaturik dago. Bere eginkizuna, hortaz, ehizakia hiltzeaz gain liseriketa erraztea da. Hala ere, sustantzia hau bere defentsarako ere erabiltzen du, noski, eta animalia lasaia eta iheskorra bada ere, inork erasotuz gero hozka egin dezake. Sugegorriaren pozoia hemolitiko eta koagulantea da, eta hipotentsioa, bihotz-taupaden erritmoaren aldaketa, nekrosiak eta edemak eragiten ditu. Dena den, inguruotako sugegorri kantabriarraren pozoia, espezie bereko mendebaldeko aleena zein aspis sugegorriarena baino ahulagoa da eta ez dirudi osasuntsu dagoen pertsona heldua hiltzeko adinakoa denik.

Azarotik aurrera, neguaren aurpegi gogorrena iritsi aurretik, sugegorri kantabriarrak bakarka zein taldeka lurperatu eta lozorroan sartzen dira otsaila bukaera aldera arte. Bestalde, urtean zehar bi aldiz azalberritu ohi dute itxura nabarmenki aldatzen zaielarik. Larrua aldatu aurretiko kolore motelak eta begi lausotuak disdiratsuak eta leunak bihurtzen dira larrua berritzerakoan.

Dakigun bezala narrasti hau pozoitsua da eta pozoia karraskariak ehizatzeko baldin badu ere defentsa modura ere erabiltzen du. Urtero izaten dira pozoiketa kasuak gure lurraldean.
M.M. Elosegi

Udaberrian ugaltzen dira eta batzuetan udazkenean ere bai. Arrak bata bestearen parean tente jartzen dira eta burua eta lepoarekin bultzaka, indartsuenak emearekin kopulatuko ahal izango du. Klima hotzetarako egokitzapen gisara, sugegorriak obobibiparoak dira eta, hortaz, arrautzak amaren barruan txitatzen dira erditzeko unea iritsi arte. Hori dela eta, 12-17 asteko ernaldia azkarrago eman dadin, emea eguzkitan jartzen da maiz, bero-bero egoteko, eta ez du mudarik burutzen energia osoa arrautzen prestaketara zuzentzeko. 4-8 kumeak uztaila-abuztutik aurrera munduratzen dira, eta 16-17 cm-ko luzera besterik ez izan arren, pozoia dute eta berehala hasten dira sugandila-ehizan. 9 urte inguruko bizitza izan dezakete, baina gutxi dira adin hori lortzen duten aleak.

1976 urterarte sugegorri kantabriarra europar sugegorriaren ( Vipera berus ) subespezietzat hartu izan zen, baina urte horretan espezie-kategoria eman zitzaion eta geroztik Iberiar endemismoa dugu. Galizia, Asturias, Kantabria, Leon, Palentzia eta Burgosko iparraldean, eta Euskal Herrian besterik ez dugu aurkituko mundu osoan. Euskal Herrian gainera, atlantiar isurialdeko ofidio ugariena da.

Irakurri duzun artikulu hau sugegorriaren hozka pairatzekotan zer egin behar den eta zer ez azalduz bukatu nahi nuen. Zoritxarrez, lau lekutan irakurri ondoren, lau erantzun desberdin aurkitu ditut (batek, pozoia xurgatzeko, besteak torniketea egiteko, besteak ezer ez egiteko...) eta denak bat etorri dira hoberena kontuz ibiliz hozkarik ez izatea dela esaterakoan. Laguntza ederra! Dena den, badago espezie honen pozoiaren aurkako sueroa eta garaiz sartuz gero, arazorik gabe osatuko gara.

Sugegorri kantabriarra

Espeziea: Vipera seoanei
Familia: biperidoak
Ordena: eskuamatuak
Klasea: narrastiak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.