Sudurreko trenkada desbideratua

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Sudurreko trenkada desbideratzea ez da estetika-arazoa soilik; ezta gutxiagorik ere. Oso kasu berezia izan ezik, alderantziz gerta daiteke, h.d. estetika bigarren mailara pasatzea eta arnas zailtasunak izatea, eta hori bai dela zuzendu beharrekoa, zeren airea sudurretik sartzen ez bada, arnasketa aho bidez egingo da derrigor eta honek beti dakartza molestia eta eragozpenak, askotan marranta eta hozturen iturri izateaz gain.

Sudur-trenkada desbideratua egoteak, ez du sudurra oker dagoenik esan nahi. Arazo hau pertsona askotan ikusten da. Arrazoien artean batetik berezkoak daude; garapenaren akatsak dei genitzakeenak, hasieratik agertzen direnak. Eta bestetik traumatismo edo kolpeengatik agertzen direnak. Erraz uler daiteke sudurrak duen leku eta kokapen bereziagatik edozein kolpek, behar adinako indarra baldin badu, trenkada desbidera dezakeela.

Boxealariei trenkada kendu ohi zaie.

Sudur-trenkada desbideratuarekin jaio egiten al da?, edota hazkundean, inolako kolperik gabe, desbideratu egiten ote da? Normalean, trenkadaren eskeletua, hezurrezkoa nahiz kartilaginosoa, bere inguruko armazoia baino azkarrago garatzen da eta askotan sudurraren barnean poliki-poliki desbideratuz joaten da.

Desbiderapen-susmorik badago, komeni da espezialistarengana joatea; honek ziurtatuko bait du gure susmoa, sudurra barne aldetik ikusi ondoren. Behin diagnostikoa finkatuz gero, ondorengo pausoak desbiderapenak sortzen duen arnas zailtasunak baldintzatzen ditu. Egia esan, oso heldu gutxi dira trenkada erabat zuzena dutenak; kontutan eduki behar da hala ere, pertsonarik gehientsuenen desbiderapenek ez dutela sintomarik sortzen. Airearen iragateak ez du inolako oztoporik aurkitzen. Zailtasunak daudenean, ordea, aireak sudurretik aurrera egiteko bere bidean butxaketaren bat aurkitzen duenean, desbiderapen hori zuzendu beharra dago.

Eta kasurik gehienetan soluziorik egokiena ebakuntza kirurgikoa da. Espezialistek diotenez, operazioa desbiderapenak arnas zailtasunen bat sortzen duen kasuetan bakarrik gomendatzen da. Arazoa guztiz sinplea da; mekanikoa dela esatera ausartuko ginateke: Bidea garbi uztea lortu behar da; arnasketa zailduko luketen traba edo bihurgunerik gabe uztea. Kirurgiaren bidez, sudurzuloak beren eginkizuna betetzea lortzen da; pertsonak sudurretik arnastea eta ez ahotik. Dena den pazientea bera da (edo gurasoak, ume txikien kasuan) lehen-lehenik konturatzen dena. Ahotik arnastera behartua dago, eta arnasketa hori oso nekosoa eta ez-atsegina izaten da. Bestalde, ahotik sartzen den airea ez da baldintzarik egokienetan iristen biriketara; sudurrean burutzen den iragazketa-lana ez bait da ahoan betetzen, eta airea garbitu eta egokitu gabe iritsiko da gure gorputzera.

Desbiderapena oso handia ez bada, ondorioz arnas zailtasun handirik ere ez da egongo. Kasu hauetan pertsona lasai egon daiteke; lehen esan bezala desbiderapenak oso-oso arruntak bait dira, eta kasu askotan inolako ondoriorik gabekoak. Dena den, zalantzarik bazenu, zoaz espezialistarengana. Berak argituko dizkizu zure zalantza guztiak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila